Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

MEMORIA SORTZEKO LEHEN TANTA: DEPORTATU ETA IHESLARIEN SEME-ALABEN KONTAKETA

Ikusezinak eta ez ulertuak sentitu izan dira euskal iheslari eta deportatuen seme-alabak. Sekula ez da aditzera eman haien errealitatea, orain gutxi arte: Miren Azkaratek haien testigantza eta bizipenak jaso ditu azaroaren 3an argitara eman zuen «Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak» liburuan. «Hasiera» bat da, errelatoa osoa izan dadin.

Ihintza Aldana, Haitz Aldana, Maialen Rodriguez eta Aitziber Zapirain goian, Miren Azkarate behean
Ihintza Aldana, Haitz Aldana, Maialen Rodriguez eta Aitziber Zapirain goian, Miren Azkarate behean (Andoni CANELLADA | FOKU)

Eguna artean argitsu zela sartu ziren Donostiako Kursaal parean dagoen Naiz Gunera eta gauez aterako ziren bertatik, nahiz eta alderantzizko planak zituzten: ilunari argia ematea. Itsasoa bizi zegoen; berak, memoriak bezala, gauzak ekarri eta eramaten ditu eta ezinezkoa da itsaso bat lurrera iltzatzea bilatzen den hori busti gabe topatzeko, ez du balio: barrura sartu eta blaitu, ez dago beste biderik, memoria ariketa batean nola. Memoria, baina, sortu egin behar da. Tanta bat besteari lotu, putzu lohitsu batetik ur-lasterrak bizitu eta itsasora eman, murgildu nahi duenarentzat. Sarri, memoria eraikiko duen lehen tanta hori malko bat izaten da.

Dozenaka aulki ziren prest, denak ilaran eta txukun jarrita, hutsak, gelaren bazterreko lau salbu. Silueta beltzen seme-alabak omen hor –han– eserita, aurpegirik gabekoen oinordekoak. Miren Azkarate Badiolak, Haitz eta Ihintza Aldana Petralandak eta Maialen Rodriguez Barcenak osatzen zuten Naiz Guneko ertz batean urduritasuna konpartitzeko eraikitako gorputzezko zirkulua. Aurpegia badute, kidetza moduko zantzu batez destatzen baitzioten begirada elkarri, begietatik begietara, eta egin zutelako irri eta negar.

Tantak

Deportatu eta iheslarien seme-alabak dira eta kontakizun bat irungo duten egia berriak esatera etorri ziren Donostiara, nahiz eta ohituta dauden gezurretan aritzera, baina hori geroago esplikatuko zuten. “Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak” liburuaren aurkezpenerako ordubete falta zen. Miren Azkarate kazetariak idatzitako lan honek euskal deportatu eta iheslarien seme-alaben zortzi testigantza jaso ditu, «maletadun haurren» kontakizuna zabaltzea helburu. Lehenengoz jaso du donostiarrak haur ohi hauen ahotsa.

Ezagutzen dute elkar, baina aurkezpen txanda egin zuten. «Jaio nintzen egunetik iaz arte euskal iheslari politiko baten alaba naiz», hasi zen Miren Azkarate. Agustin Azkarate du aita eta bera jaio zenerako aitak urteak zeramatzan Ipar Euskal Herrian, aurretik espetxealdi bi igarota zituela. Alabak bi urte eta erdi zituela estraditatu zuten Agustin Azkarate Espainiara han urte eta erdiz kartzelaratzeko. Askatu zutenean Hego Amerikara egin zuen: urtebete egin zuen Mexikon eta 34 urte luze Kuban. Iaz, 2021ean, itzuli zen Euskal Herrira, bere alaba azaroaren 3an aurkeztu zen libururako testigantzak jasotzen ari zela.

Atzerrian eman zituen urte luzeetan soilik bost aldiz ikusi zuen aita Miren Azkaratek. Lehenengoz 6 urterekin, 14rekin gero, 16, 17 eta 28rekin azkenengoz, «nire espetxealdiaren ondoren», zehaztu zuen. Telefonoz hitz egiten zuten, ez asko, ordea, «garestia zen-eta».

Dena den, Azkaratek ez zuen moztu Ipar Euskal Herriarekin zuen harremana aita handik mugitu zenean. Artean ez du eten. «Nire egoera berdina bizi zuten pertsonak niretzako familia izan dira eta haiek bisitatzen jarraitu dugu bizitza osoan. Zer diren gauzak, zenbait urte despistatuta egon ondoren, berriro elkartu gaitu proiektu honek», esan zuen zirkuluko kideei begirada konplize bat eskainiz.

Bikiak dira Haitz eta Ihintza Aldana, eta arreba zaharrago bat ere badute, Garazi. Ana Mari Petralanda dimarra eta Angel Aldana gorozikarraren seme-alabak dira. Ziburun sortu ziren eta han bizi dira egun ere. «Gure istorioa oso luzea da», ohartarazi zuen Ihintzak. 1981era egin zuen atzera, bera eta anaia jaio baino lehen. Gurasoak atxilo hartu zituzten orduan, ama hiru egunen buruan askatu zuten, baina aita Yeu irlan konfinatu zuten. Apurtu zen konfinamendua, baina Ziburun egin zuen bizitzak ez zuen asko iraun. 1985ean atxilotu zuten berriz, «ahizpa zaharrena besoetan zuela», kontatu zuen Ihintzak. Hilabete gutxiren buruan deportatu zuten.

«Santo Domingora (Dominikar Errepublika) eraman zuten, gero Ekuadorrera, gero Panamara eta azken 20 urteak Venezuelan eman zituen. Gu sortu ginenean Quiton zen», azaldu zuen Ihintzak. Garazi eta Ana Mariren bisita jaso zuen Angel Aldanak eta, hurrengo urtean, biki jaioberriena ere bai, Quiton. «Geroztik, bisitak urtero egiten genituen, uda garaiko oporretan, bi hilabetez», esan zuen Haitzek.

Liburuaren aurkezpeneko une bat (Andoni CANELLADA/FOKU)

Venezuelako lehenengo urteetan bizitza nahiko normala egin zezakeen deportatuak –«‘normala’ kakotxen artean», zuzendu zuen Haitzek–. Atunketari batean egiten zuen lan. «Gerora, klandestinitatean bizitzen hasi zen eta jada ez genuen bisitarik egiten», zehaztu zuen Ihintzak. Latinoamerikako herrialde honetan eman zuen azken hamarkada klandestinitatean egon zen Angel Aldana, Espainiatik hiru estradizio eskaera zituela-eta, Polizia atzetik. «Sei urtez ez genuen aukerarik izan bisita egiteko», gogoratu zuen bere anaiak.

Gerora, berriz ere aita bisitatzeko aukera izan zutenean, Venezuelako egonaldiak ez ziren errazak izaten. Klandestinitateak ezkutatzea esan nahi du eta, beraz, etxetik atera gabe egoten zen familia, beste behin, gerizpean. Garazik ez zuen aukera askorik izan aitarengana joateko: espetxeratu egin zuten eta barruan zela esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten. «Horrek dena zaildu zuen», hartu zuten gogoan anai-arrebek.

2016an hil zen Angel Aldana eta bi alabek ezin izan zuten aita agurtu. Eritasunaren ondorioz Garazik eta haurdun zegoelako Ihintzak. Hilabete luzatu zen gorpua Euskal Herrira ekartzeko prozesua. «Beste identitate bat zuen eta horrek zaildu zuen gorpua ekartzea. Eskerrak han bazegoela laguntza eman zigun jendea», esplikatu zuen Haitzek.

Maletadun haurrak izan ziren Ihintza, Haitz eta Garazi. Haitzek laburtu zuen egoeraren gordintasuna: «Aita bat izan dugu, baina ez dugu ezagutu». Onartu zuen sarritan ez zutela gogorik izaten aita ikusteko bidaia luzeak egiteko. «Azken finean, gaztea zarenean ez duzu gogorik ere ez... zergatik joan behar dugu? Ez genuen ulertzen. Zure lagunak oporretan daude, hondartzan, zuk lagunekin egon nahi duzu. Ikastolan esaten genuen aita bisitatzera joan behar genuela, eta ‘non dago zure aita?’ galdetzen ziguten. Lagunei esplikatu beharra zaila da, zeren gazte zarenean oraindik dena ez dizute esan. Gaur egun badugu ezagutza pixka bat, baina...»

Maialen Rodriguezek bukatu zuen Haitzen esaldia: «Dena ez dakigu eta ez dugu jakingo».

Berak jarraitu zuen aurkezpen txandarekin: «Ni Maialen Rodriguez Barcena naiz, Elena Barcena eta Iñaki Rodriguezen alaba. Biak militanteak izan ziren gaztetatik eta elkarrekin ihes egin zuten egun batean Iparraldera. Han espetxeratu zituzten, Paue eta beste toki eder batzuetan izan ziren eta handik deportatu zituzten Cabo Verdera, beste paradisu batera. Hiltzera, alegia, zeren hor ez zegoen ezer. Hura ez zen gaur ezagutzen dugun Cabo Verde». Ironiaren babespean hitz egin zuen Rodriguezek, haserre zantzuek ere egiten zioten ihes tarteka. Azaldu zuen gurasoek lortu zutela Cabo Verdetik ihes egitea, eta handik Latinoamerikara joan zirela. «Txoko seguru bat» topatu zuten Kuban. Han sortu zen Maialen; «kubatarra naiz, beraz», esan zuen. Lehenengo 18 urteak Kuban eman zituen eta bera izan zen euskal errefuxiatuen artean jaio zen lehenengo haurra, 1989an. «Jaio nintzenetik denak saiatu ziren ni euskalduna izan nendin; ez zuten lortu, kubatarra naizelako», agertu zuen barrez.

Maletadun haurrak ez ezik, «aireportuko haurrak» ere izan zirela gaineratu zuen Maialen Rodriguezek. «Aireportuan ibiltzen ginen beti, eskailera mekanikoetan jolasean, gora eta behera, beti familiaren zain. Urtean behin, akaso, etortzen ziren, hegaldiak oso garestiak zirelako. Astean behin, akaso, jasotzen genituen deiak, hauek ere garestiak zirelako. Ezezagunen zain ere egoten ginen, ezezagun asko pasatzen zirelako gure etxetik. Nik ez dakit nortzuk diren, baina maleta betea ekartzen zuten beti. Oso momentu zoriontsuak izaten ziren etxean. Orduan ikusten genituen gurasoak pozik», oroitu zuen emozionatuta.

Euskal Herrian bizi da egun, txikitatik entzun izan zuen amets hori –«itzuliko gara»– errealitate bihurtuz. Baina Maialen Rodriguez ez zen itzuli, etorri baizik. «Etorri nintzenean konturatu nintzen ez nengoela etxean, beraien etxean baizik. Zerotik hasi behar izan nuen», adierazi zuen.

Tabuaren eta gezurren putzua

Euskal presoen egoeraren berri badu euskal jendarteak, motxiladun haurrena ere bai. Baina deportazioa, ihesa eta maletadun haurrak «garai luze batez bazter batera utziak izan dira». Haitz Aldanak esan zuen, baina guztiek egin zuten baietz buruarekin. «Horrek min egiten du –jarraitu zuen ziburutarrak–, zeren ez zara entzuna, ez zara ulertua».

Azkarateren lehen planoa. Berak osatu du liburua (Andoni CANELLADA/FOKU)

Miren Azkaratek saltatu zuen elkarrizketara. «Hortik liburuaren izenburua. Denok errepikatu dugun hitza da; nik neuk nire buruari mila bider, eta elkarrizketak egitera joan nintzenean gehienek aipatutako hitza da: ikusezinak izan gara, ez gara existitu, inork ez du gutaz hitz egin. Eta esaten ez dena ez da existitzen. Silueta beltz bat izan dira gure gurasoak eta horrek eragin du gu geu ere, atzean geunden senideak, emaztea, lagunak... ez existitzea».

“Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak” liburua «hasiera» bat izan daitekeela uste du Ihintza Aldanak, orain arte deportatu eta iheslarien seme-alabek ez dutelako «momenturik, espaziorik» izan beren egoeraz hitz egiteko. Gaia «tabua» dela azpimarratu zuen Azkaratek, hainbeste, ezen familiako anai-arreben artean ere ez baita honetaz hitz egin. «Ez dugu planeatu horrela izatea, baina ez da kasualitatea ez hitz egite hori. Ez da espaziorik eman gure bizipenak konpartitzeko. Ez naiz motxiladun haurren plataformarekin konparazioetan sartuko, hemen denok txalotzen dugu plataforma hori, baina hortik sortu zitzaidan maletadun haurren metafora erabiltzea. Beraiek badute espazio bat konpartitzeko, gure kasuan ez da horrelako aukerarik egon, arrazoi desberdinak tarteko: gure gurasoen kolektiboa oso zaila izan da artikulatzeko eta berdin gertatzen da gurekin», adierazi zuen liburuaren egileak.

Ikusezinak izan diren gisan, isiltasunaren eta gezurren haur eta nerabeak izan dira guztiak. «Guk txikitatik ezagutzen dugu elkar, baina nola nik ezin nuen ezer esan eta banekien beraiek ere ezin zutela ezer esan, orduan ez genuen galdetzen», esan zuen Maialen Rodriguezek. Eta umoretik gaineratu zuen Ihintza Aldanak, zirkulua dardaraziz: «Hori da etxean izan dugun heziketa: etxean gertatzen dena etxean gelditzen da».

«Gezurren artean bizi ginen. Klandestinitatean bizi ginen. Nire gurasoak legalak ziren, baina gure arteko euskal komunitatea oso anitza zen eta baziren ilegalak ziren asko gure etxean bizi zirenak. Babestu behar genituen. Horregatik, oso zaila da haur bat heztea, batetik esanez, ‘ez esan gezurrik’ eta, aldi berean, ‘hau ezin da esan, hau ez duzu ikusi’. Kontraesan handiko haurtzaroa izan zen, eta nerabezarora iritsi ginenean gezur handien bonba bat ginen. Gurasoak bezain bitxiak, estralurtarrak», kontatu zuen Maialen Rodriguezek.

Normal-normala

Askatu zen elkarrizketa aurkezpenez harago. «Guretzako bizimodu normala zen, baina orain atzera begiratuta, normal-normala ez zela konturatzen gara», esan zuen Rodriguezek. «Funtsean, hori da zailena: normalizatu dugula egoera bat ez dena normala», gaineratu Ihintzak. «Nik haurtzaroan uste nuen bizitzen ari nintzen guztia normala zela, baina poliki-poliki konturatzen zara zure lagunen gurasoak eta zureak erabat desberdinak direla. Zureak bitxiak direla. Kultura desberdin bat dutela eta beste herrialde batean bizi direla: bertan daude, baina burua beste nonbait daukate esnatzen direnetik lokartzen diren arte. Beti adi Euskal Herriko albisteei. Euskal Herrian bizi ziren oraindik. 1980ko hamarkadan izoztuta gelditu ziren erabat. Eta nik izoztuta zegoen Euskal Herri hori entzun nuen, idealizatutako hori. Beraz, etorri nintzenean deskubritu behar izan nuen beste Euskal Herri bat, eta haiei kontatu zer den Euskal Herria, ez baita beraiek oroitzapenetan zutena», kontatu zuen Elena Barcena eta Iñaki Rodriguezen alabak. Ez-normaltasun horretara «ohitu» ziren erbesteratuen seme-alabak. «Ohitzeko gaitasun handia izan dugu», esan zuen Rodriguezek.

Zuloa eta sarea

Donostiako Naiz Guneko atea ireki zen. Ordu erdi falta zen liburuaren aurkezpen ofizialerako. Sartu zen, isilik, Aitziber Zapirain, eta batu zen zirkulura gainontzekoen elkarrizketa eten gabe. Berak ere aurkeztu zuen bere kasua. Xanti Zapirainen eta Pili Etxanizen alaba da. Ahizpa zaharrago bat du, Maider. 1987an Aitziber jaio zenean, ihes egin zuen aitak, atzetik zituelako Polizia frantsesa eta espainiarra. «1990era arte etxez etxe ibili zen. Boladaka, oso gutxitan etortzen zen etxera, eta etortzen bazen gau pare bat ematen zituen, beste norbaitek atea zabaldu arte», esplikatu zuen. Egoera zaildu egin zen GALen garaian, errefuxiatuen kontrako sarekadak ugaritu zirenean, eta, beraz, atzera ere etxera egin zuen Xanti Zapirainek. Ez edozein modutara, ordea. Sukaldeko armairuan zulo moduko bat egin zuen amak eta han sartu senarra. «Laurak etxean bizi ginen, baina egin behar genuen aita ez balego bezala. Ezin genuen ‘aita’ esan etxe barruan, txistu egin behar genuen. Nik ez nekien egiten! [barre egin zuen zirkuluak] ‘Fiu-fiu’ egiten nuen. Behean Polizia baten ama bizi zen eta noiznahi Polizia deitzen zuen. Guk beti genuen etxea poliziaz josita, telefonoa pintxatuta. Edozein urrats ematen genuela atzetik genituen. Horregatik egin behar genuen aita ez balego bezala», kontatu zuen.

Xanti Zapirain goizeko bostetan jaikitzen zen ohetik egunero koltxoiari buelta emateko, Polizia sartuko bazen bere berotasunaren arrastorik ez topatzeko.

Iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria aldarrikatzeko agerraldia 2018an, Orion (Gorka RUBIO/FOKU)

«Esan duten bezala, gezur handien artean bizi ginen. Errealitate bat genuen etxean, baina kalean aitaren berririk ezin genuen eman. Inork galdetuz gero, beti esaten genuen ‘aita ez dago’. Gogoan dut Hendaiako Ikastolan lehenengo egunetan, galdetzen zizutenean gurasoek zertan egiten zuen lan, nik, adibidez, kamioilaria esaten nuen», gogoratu zuen Aitziber Zapirainek.

Xanti Zapirainek bazuen sare bat bere zaintzarako. Etxekoez aparte, amona, aitona, arreba. «Eta bizpahiru familia hozkailua betetzeko, guretzako arropak emateko, txutxeak... amak ez zuelako lan baimenik. Aita ez zen existitzen eta amak lanerako baimenik ez... bada, ez zegoen diru sarrerarik etxean. Amaren bizitza baldintzatuta zegoen guztiz aitaren errealitatera. Hiru hilabetean behin Baionako Suprefeturara joan behar zen eta galdeketa egiten zioten. Ez zegoela, hori zen erantzuna», azaldu zuen.

Gezurren eta ezjakintasunaren artean bizi zen Aitziber Zapirain ere. Bere esanetan, irakasle baten bidez ulertu zuen aita errefuxiatua zela. Oroitu zuen topaketa batzuk antolatu zirela Donostian, eta Ziburuko kolegioko irakasle batek esan ziola berak ezin zuela joan. «Baina, zergatik?», Zapirainek. «Ni errefuxiatua naiz». Orduan piztu zitzaion argia: «A! Orduan nire aita ere errefuxiatua da!»

Xanti Zapirain ekainean hil zen, dementziak jota. Familiaren ustez, etxean pasatutako hamar urteek eragina izan zuten. «Erresonantzia bat egin zioten burua galtzen hasi bezain laster eta leherketa txiki pila bat zituen buruan, hematomak, hemorragiak... bost urtetan guztiz beheratu eta joan zen».

«Beti pentsatu izan dugu haurtzaro zoriontsua izan genuela eta errepikatu beharko bagenu berdin egingo genuela. Baina, orain ama naizela, ez dut hori nahi nire umeentzat», ondorioztatu zuen Aitziber Zapirainek.

Miren Azkaratek, Haitz eta Ihintza Andanak, Maialen Rodriguezek eta Aitziber Zapirainek nabarmendu zuten badela gogo eta behar bat haien minez eta bizimoduez mintzatzeko, baina ez dela erraza. «Mugitzen» duela nork bere barrenera egindako bidaiak, liburuan jasotzen diren kontakizunak «barru-barrutik» askatutakoak baitira. Mugitzen duen horrek kontakizuna eta memoria mugiaraziko duelakoan, “Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak” eman dute protagonistek, murgildu nahi duenarentzat.