Ula Iruretagoiena
Arkitektoa

Hormigoia

Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA
Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA

Anselm Jappe filosofo germaniarrak hormigoiaren erabileraren eta kapitalismoaren arteko lotura zuzenak azaltzen ditu Pepitas argitaletxearekin argitaratu duen “Hormigoia. Kapitalismoaren eraikuntza-arma masiboa” liburuan. Seguruenik, arkitektura eskoletan irakurri beharreko liburu bat da, hormigoizaleen taldean hormigoiaren gaineko eztabaida pizteko, liburuak hormigoiaren politika erakusten duelako, baina baita liburuaren baieztapen batzuei zehaztapenak eranste aldera ere. Egia da hormigoia gaizkilearen papera hartzen ari dela egurraren aurrean, egurrezko egiturak gero eta jarraitzaile gehiago dituela “ecofriendly” zigiluaren bilaketan; jarrera horretan ere kontrajarrerak falta direla onartu behar dugu, ordea. Eraikinaren ingurumen inpaktuaren balorazioan material baten edo bestearen aukeraketa garrantzitsua da, baina ez da gai bakarra.

Hormigoiak lagun eta etsai asko sortzen ditu. Hormigoizko akabera duen eraikin batek hoztasuna eta arroztasuna helarazten duela esango dute gehienek, eta arkitektura eremutik kanpo, gutxiren begietara baino ez da izaten material estetikoa, eta are gutxiago, etxeko pareta batean bistan uzteko modukoa. Baserrien eraikuntzara bagoaz, beldurgarria da zenbat euskal baserri dauden hormigoizko egitura berri batekin ordezkatuta. Baserritar askok, zurezko egiturak ekartzen dituen mantentze lan-kargekin eta zomorro arazoekin eskaldaturik bukatu ondoren, hormigoiaren aldeko apustua egin zuten. 70eko hamarkadan hormigoiak lilura handia sortu zuen landa eremuko eraikinetan, hirietako material iraunkorragoa, garbia eta material hilaren abantailak baserrietara ekartzea aurrerapen eta kapitalaren ikur gisa hartu baitzen. Dirua zuenak baserriaren egitura sendo eta betirako txertatzen zuen, hormigoizkoa. Haren erabileraren jatorria, berriz, kontrakoa izan zen: prezio baxuagatik langileen etxeak egiteko erabili izan zen. Bigarren Mundu Gerraz geroztik, hormigoi armatuzko egitura eraikuntzen eta ingeniaritza lanen %70 izatera iritsi da. Gerora ikusi da, material guztiek bezala, zaintza behar duela eta urak patologia larriak sortzen dituela hormigoian.

Hormigoia harri artifizial bat da, osagai naturalez egina dagoen arren. Eta jakintza berezia behar da ondo egina egon dadin, batez ere bistan uztekoa bada. Biologia eta biodibertsitatearen ikuspegitik, nekromaterial bat da. Lurra estaltzean, lurra esterilizatzen du. Ez da izaki bizidun askoren bizi-azalera. Hormigoia dagoen lekuan hainbat azpiegitura natural suntsituak gelditzen dira eta azalera iragazkorrak sortzen ditu. Hormigoiaren erabilera zabalagatik, estimatzen da mundu mailako CO2 isurketen %4-8 bitarteren eragilea dela (!). Hormigoiaren ekoizpenak energia kantitate handia behar du eta munduan eskuragarri dagoen uraren %10 kontsumitzen du (!). Eta jakina da hormigoiak beroa hartzeko duen gaitasuna eta beroaldietan ekartzen duen tenperatura graduen igoera. Baliteke ordua iritsi izana hormigoiaren erabilera-geldialdiaren luzamendu bat eskatzeko. •