Unai Garcia Martinez
Ingurumen Teknikaria
AZTARNA EKOLOGIKOA

Marteko ilunabar urdinduak

«Alien» hitzak kanpotar esan nahi du; gizaki egiten gaituenetik aldenduta bizitzea. Kapitalismoak bizitzaren kanpo existitzea posible dela sinetsarazten digu. Horregatik batzuei ez die minik eragiten ihes egiteak, ez direlako inongoak ezta inorenak ere, ez direlako ezerekin konektatuta sentitzen, diruarekin ez bada.

Astronauta bat Marten.
Astronauta bat Marten. (GETTY)

Lurrak ‘Theia’ izeneko protoplaneta batekin egin zuen talka haurtzaroan, gazteek helduei errespetua zietenean, duela 4.530 milioi urte. Bien elementu pisutsuenak batu eta Lurraren zentroan hondoratu ziren. Arinenek espaziorantz jo eta pare bat orbita egin ondoren beste gorputz bat eratu zuten. Gertakari hark bizitzaren garapenean funtsezkoak izango ziren urtaroak ahalbidetu zituen, Lurraren errotazio-ardatza okertu baitzuen. Gainera, Ilargiaren grabitazio-erakarpenak planetaren barneko metal geruza likidoa dantzan jarri zuen, eremu magnetiko globala sortuz, milioika urteren buruan garatuko zen atmosfera eguzki-haizetik babestuko zuena.

Martek, aitzitik, ez zuen izugarrizko talka hori jasateko zortea izan, eta Hernaniren tamaina izatera heltzen ez ziren bi harri xume erakartzea lortu zuen bakarrik, dantzan ezer gutxi jartzeko gai zirenak. Laku eta itsasoak izan zituen antzina, bizitza akaso, barnealdea hoztu zen eta mugitzeari utzi zion arte. Magnetosferarik gabe (eta masa eskasa izanda), Martek gaur egun ezin du behar bezalako atmosfera bat atxiki. Eguzkirako distantzia aproposa izan arren, atmosfera finegia du bizitzak behar dituen baldintzak garatzeko. Ez du oxigenorik, ezta gauez -130ºC egitea ekidingo lukeen berotegi efektuko gas apurrik ere. Ez du ur likidorik, ezta molekula organikoak suntsitzen dituen erradiazioaz babesteko ozono geruzarik ere.

Hala eta guztiz ere, Lurrean badira eguzki-sistemako laugarren planeta gure espeziearen etorkizuneko babesleku gisa ikusten dutenak. Antza, aberats batzuek etsi egin dute eta ihesbide bila dabiltza. Ezagunena Elon Musk da, ehun urte barru Marten milioi bat pertsonako kolonia bat ezartzeko lanean (lanean?) diharduen supergizon intergalaktikoa.

Elon Musken plana

Bere plana hurrengoa da: mila espazio-ontzi eraikitzea, bakoitza hamar aldiz erabil daitekeena eta ehun pertsona garraiatzeko modukoa. Ez ditu oraindik ebatzita ontzi eta propultsatzaileen berrerabilerak eta horien Lurrerainoko itzulerak sortzen dituen zailtasunak, are gutxiago bidaiarien segurtasuna, baina 2023. edo 2024. urterako lehen prototipoak prest izatea espero du, tripulaziorik gabe lehen tresna eta ekipoak eramaten hasi litezkeenak.

Momentuz, Martera pertsona bat bidaltzeak hamar milioi dolar inguru balio du (60.000 dolar janari kilogramo batek), baina aurrerapen teknologikoak baliatuz txartela 200.000 dolarretan uztea espero du (bere hitzetan, ia edonork ordain dezakeen prezioa). Espazio-ontzi bakoitzak ehunka mila litro erregai behar ditu soilik Lurretik irteteko, gainera.

Bidaiaren kontua ebatzita, planeta gorriko lehen biztanleek bertan bizirik irautea posiblea dela frogatu beharko luketela dio Noe espazialak. Arnasteko behar duten oxigenoa sortu, elikagaiak (barazkiak, batez ere) bertan ekoitzi eta hondakin guztiak birziklatu (gorotzak barne). Seguruenik, lur azpian ere bizi beharko lukete, erradiaziotik eta tenperatura baxuetatik babesteko. Hau da, Marten bizirik irauteko, aberatsek bizimodua zeharo aldatu beharko lukete, era askoz xumeago batean bizi.

Elon Musk aberats sonatuak (alboko orrialdean) ehun urte barru Marten milioi bat pertsonako kolonia bat ezartzea du buruan (Olivier DOULIERY / AFP)

Ehun urte barru, ezer egiten ez badugu, Lurrean bizitza ez da posible izango milaka milioi pertsonentzat. Ez litzateke errazagoa, jadanik aldeko baldintza biofisikoak dituen planeta honetan, sektore pribilegiatuek bizimodua aldatzea? Ez da parasitismo kapitalistaren gailurra, gutxi batzuk salbatzeko (hondamendiaren erantzule nagusiak, gainera), atzean geratzen direnen lurrak eta baliabideak ustiatzea? Lau mila milioi urteko eboluzioa bere burua babestu dezakeen bizitza konplexua eratzeko, eta horren etorkizuna beste planeta batean berriro hasteko fantasia bideraezina omen da, non bizitza, existitu izan balitz, ingurumen faktoreen ondorioz desagertu zen. Lurreko antzinaroko kobazuloetatik Martekoetara eraman nahi gaituzte, antza.

Oinazeak murrizteko larrialdietarako balazta aplikatzea eta hemen geratuko diren aldaketetara moldatzea teknikoki eta ekonomikoki bideragarria da, baina eliteek nahiago dute zientzia fikziozko teknoutopiak bultzatu haien bizimoduan eraldaketa sakonak ezarri baino.

Txikitan beti egin dut amets Marte esploratzearekin. Bertako krater zaharretan mineral bitxien bila ibiltzearekin, antzinako bizitzaren arrastoak aurkitzen lehena izatearekin, aire ezak baimentzen duen isiltasunean bertako ilunabar urdinak gozatzearekin. Orain, nire ametsetan eliteek beren kaka jaten dute.