Gorka ELEJABARRIETA
{ DATORRENA }

Interesei begira

XIX. mendean Erresuma Batuko lehen ministro Lord Palmerstom-ek ederki definitu zuen nazioarteko politikaren eta harremanen benetako oinarria zein den: interesak. Nekez uler daiteke munduan ematen den edozein prozesu, joera, gatazka edo harreman, tartean egon daitezkeen interesak ulertu gabe. Edozein gertakariri begiratzerako orduan jarrita ditugun betaurrekoek eta horiek ordezkatzen dituzten interesek posizio bat edo kontrakoa defendatzera eraman gaitzakete. Eta interesak dira, era berean, aliantza eta gatazken iturri nagusia. Interes amankomunak elkarrekiko lankidetza dakarren bezala, kontrako interesek gatazka areagotzen dutelako.

Raul Sendic-ek, jatorri euskalduneko uruguaitar iraultzaile handiak, esaten zuen gure arteko diferentzietan zentratu beharrean gure arteko adostasunetan zentratuko bagina, bizi osoan batera militatu genezakeela. Eta hori da, hain zuzen, Uruguaiko Fronte Zabalaren printzipio nagusia. Partekatutako interes horietan zentratzen den koalizio eta mugimendu zabala. Komunistak, sozialdemokratak, kristau-demokratak, tupamaroak eta beste asko elkartzen dituen mugimendua. Dudarik ez izan mugimendu politiko ezkertiarrak, interesekin batera, ideologia, printzipioak eta horien araberako helburuak jarri behar dituela bere ekinbide eta analisietan. Eta horien arteko orekan egon daiteke eraginkortasun eta koherentziaren arteko formula egokiena. Hori, eta kontraesanak ondo kudeatzen ikastea. Kontraesanik, lokatzik gabeko bide eraldatzailerik ez dago. Ez baita gauza bera, Sarrionandia dixit, iraultza egitea edo iraultzaile bezala bizitzea. Normalean, zenbat eta talde homogeneoagoa eta txikiagoa, orduan eta txikiagoa eta mugatuagoa eragina, eta orduan eta eskasagoa errealitatea aldatzeko gaitasuna.

Gatazka politikoen konponbide elkarrizketatu, negoziatu eta adostua ere interesen arabera gertatu ohi da. Normalean alde biek konfrontazioaren bidez irabazteko esperantza galdu dutenean hartzen dute mahaian esertzeko erabakia. Horrelakoetan, gerran irabazi ez duzuna negoziazio prozesuan irabaziko ez duzula jakinik. Eta norbere eta bestearen arteko posizioa, interesak, helburuak eta beldurrak ulertzetik win win ariketa ekarri dezakeen akordioa erdiesteko. Joko arau berriak: norbere helburu eta interesak beste modu batean defendatzeko aukera eskainiko duten joko arau berriak, hain zuzen. Bakea egitea gerra egitea baino zailagoa dela diote; negoziazio zailenak beti etxekoekin direla ere bai. Eta beti arazo berbera: barne kohesioa eta helburuak lortzeko norbere posizioa aldatzeko beharrari buruzko eztabaida etengabea.

Besteen esperientzia aktiboa oso baliagarria da. Egia da prozesu bakoitza bakarra dela eta ez dagoela toki guztietan berdintsu erabil daitekeen formula magikorik. Baina egia da baita ere zure antza duen beste horren bidea eta esperientzia oso baliagarria izan dakizukeela zure bide propioa marrazterako orduan; askotan, gehienetan, antzeko arazoei aurre egin behar izan dietelako. Zure momentu politikoaren arabera bilatzen dituzun adibideak aldatzen doaz, eta ariketa interesgarria da, egoera jakin batean zurearekin antza duen hori aztertzearekin batera, iraganean gehiago jarraitu dituzun besteak nola dauden aztertzea. Ereduak aldatzen doaz, gurean aldatzen joan dira pisu handiagoa edo txikiagoa izanez: Aljeria, Kuba, Erdialdeko Amerika, Flandria, Hegoafrika, Irlanda, Eskozia, Katalunia eta beste asko. Gurekiko elkartasuna, atentzioa eta elkarlana aldatu den bezalaxe. Hori ere gehiago edo gutxiago gustatu, maiz interesen arabera izaten baita. •