Juantxo EGAÑA

ARANZADI ETA BARANDIARAN, 1927AN LEKEITION

(ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA)

1916an Jose Migel Barandiaranek (Ataun, 1889 - Ataun, 1991) bederatzi trikuharri ezezagun aurkitu zituen Argarbi inguruan, Aralar mendilerroan. Telesforo de Aranzadi ere (Bergara, 1860 - Bartzelona, 1945), Bartzelonako Unibertsitateko antropologia katedraduna, Aralarren ari zen indusketak egiten, baina Nafarroako aldean. Barandiaranek bere aurkikuntzaren berri eman zion Aranzadiri. Ondorengo urtean, Barandiaranek eta Aranzadik, Oviedoko Unibertsitateko katedradun Enrique Eguren gasteiztarrarekin batera (Gasteiz, 1888 - Oviedo, 1944), ikerketa-talde bat osatu zuten, ondorengo urteetan Euskal Herriko hainbat txokotako haitzuloetan eta aztarnategietan indusketak egiteko ardura izan zuena. Irudian, Telesforo de Aranzadi, txapel eta bastoiarekin, eta Jose Migel Barandiaran, eskuinean, 1927an, Lekeitioko Lumentxa haitzuloaren sarreran zeuden bi langilerekin batera. Hainbat material arkeologiko aurkitu zituzten bertan.