Ula Iruretagoiena
Arkitektoa

Gorputz-energia

Ilustrazioa: Ula IRURETAGOIENA BUSTURIA
Ilustrazioa: Ula IRURETAGOIENA BUSTURIA

Energia baliabide bat da, izan teknologiak eskaintzen duena izan gorputzak sortzen duena. Energia aurrezteko bidea egin behar dugula ondo zabaldua eta onartua daukagu, baliabide eskasa edo oso baliotsua delako, eta horregatik daukagunarekin moldatzeko eta egokitzeko saiakera egingo dugu. Ikerketa asko egiten ari dira energia eta materialaren gehiegikeria mugatzera bideratuta. Eraikuntzaren helburu nagusietako bat, gaur egun, energiaren beharra neurtu eta xahuketa mugatzea da, eta Europako diru funtsa asko horretara zuzenduak daude, ulermen hegemoniko bat dela konfirmatuz. Ekonomiaren arrazoiak tartean diren arren, diru-gastuaren kontrola baino gehiago, gehiegizkoa eta beharrezkoa ez den energiaren gasturik ez sortzea da azken helburua.

Lagun batek kontatzen du egunero altxatzen garela gorputzean energia kantitate jakin batekin eta gure eginkizuna dela egunean zehar energia kantitate hori kudeatzea. Horren gaineko kontrolak, hau da, beharrezkoa ez den horretan ez gastatzeak edo gure energiarekin gehiegikeriarik ez egiteak, eguna diseinatu beharko luke. Baina neurgailurik izan ezean, gorputz-energia ez dugu zaintzen. Gorputzeko energia ez dago-eta gure ulermen sisteman txertaturik. Zenbat energia-ihes sortzen ditugun egunero! Kalean gorputz nekatuak ikusten ditut, low battery energiarekin leku batetik bestera desplazatzen, agorturik. Gizarte nekatua gara, gure energia propioa kudeatzeko baliabiderik ez duena. Gorputz-energia atsedenarekin berriztatu daiteke, baina kalitatezko loaldi eza gizartearen gaixotasun hedatuen zerrendara gaineratu genezake.

Edozer gauza eraikitzea, izan proiektu immaterial bat edo adreiluz egindakoa, energia inbertsio handia da. Eta gorputz energia ere kontatu beharko genuke energia kantitate horretan, zaintza-lan kategorian. Arkitektura proiektu gehienak, arrakastatsuak direnak batik bat, gorputzen energia xurgatzaile lekuak dira. Edozein lan-ibilbide eta prozesu denboran luzatzen denean, jende ugari tartean denean eta ezbeharrak gertatzeko aukera zabala dagoenean, energia handia eskatzen da bidean egoteko eta gatazkei aurre egiteko. Zenbat bizi-energia dagoen tartean eraikuntza gertakizun bakoitzean, erakusketa baten muntaketan, ekitaldi baten antolakuntzan, liburu baten argitalpenean. Bukaerara iristeak badu meriturik, baina begiratu beharko genuke nola iristen garen amaierara, ia egunerokorako dugun energia kantitatea zenbatean agortu zaigun, ia prozesuko gertaeretako energia galerek merezi izan ote duten, ia energia aurrezteko aukerarik izan ote den, ia zentzurik izan ote duen igarotako ibilbideak energiaren kontsumo begiradatik. Energiaren xahutze gehiegizkoak gorputzaren ongizatean eragiten du zuzenean, eta tamalez, beste energia motek baino interes gutxiago jasotzen du. •