Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
Entrevue

Urte hasierako estreinaldiak aletzen

Aste gutxi pasatu dira 2023. urtea hasi genuenetik, eta agian pentsatuko duzue goizegi dela ondorioak ateratzeko, baina nire garuneko zama apur bat arintzeko egiten dudan ezinbesteko ariketa da honako hau. Sare sozialetako zalaparta, kritikari gehienen oniritzia eta eta, oro har, oihartzun mediatiko guztia bereganatu duen izenburua «The Last of Us» izaten ari da zalantza izpirik gabe, baina badira beste izenburu interesgarri batzuk ere. Adi!

(GAUR8)

Extraordinary (Disney+)

Pertsonak PDF bihurtzeko gaitasuna duen gaztea, ipurdia 3D inprimagailu gisa erabiltzen duen gizona edota ukitzearekin soilik orgasmoak eragiteko gaitasuna duen nerabea. Zer demontre den hori guztia? Telesail berezi, dibertigarri eta fresko honetako hainbat pertsonaiek dituzten super-botereak.
Hemezortzi urte betetzen dituzten unean, mundu guztiak botere bat bereganatzen duen gizarte batean girotuta dago telesaila; mundu guztiak, 25 urteko Jen protagonistak izan ezik. Pisukideekin batera bizi da eta telesailak horien egunerokoa islatzen du, betiere aipatu dudan premisa bitxi hori bazterrean utzi gabe eta neskak duen “arazo” hori erdigunean jarrita.
“The Boys” telesailak umore oso beltzaren bitartez superheroien munduko satira gupidagabe eta zorrotza egiten du; honek, aldiz, umore absurdoagoa erabiliz eta istorio intimistagoa eta txikiagoa landuz, mundu hori erdi-txantxetan jorratzen du. Nerabeei bereziki gustatuko zaizue telesaila.

The Last of Us (HBO Max)

Denok ezagutzen duzue jada telesaila, baina despistatuen taldean bazaude edota oraindik ikustera animatu ez bazara honatx gomendioa. Bideojoko ezagunaren moldaketa hau bikaina iruditu baitzait. Onddo batek gizateria ia osoa suntsitu –gizakien gorputzaren eta garunaren jabe egiten da–  eta hogei urte geroago girotutako telesaila da. Mundu ilun eta latz horren erdian Joel eta Ellie daude, koarentena-eremu batetik atera behar duten protagonistak. Hortik abiatuta, haiekin batera bidaiatuko dugu, motxila barruan drama, umore apur bat, akzioa, beldurra eta, batez ere, emozio ugari sartzen doazen bitartean.
Pedro Pascal eta Bella Ramsey aktoreen –eta jakina pertsonaien– arteko kimika magikoa iruditu zait, telesailaren euskarririk sendoena. Gustavo Santaolallaren soinu-banda zoragarria, girotze lan ezin hobea, erritmoaren erabilera milimetrikoa eta atal bakoitzak osotasunarekiko duen garrantzia ere nabarmenak iruditu zaizkit.
Posible da, iluntasuna nagusi den eta guztiz suntsitua izan den mundu batean, maitasuna, samurtasuna edota ahalik eta duinenen bizitzeko arrazoiak topatzea? Telesailak, oro har, eta bereziki 1x03 atal zoragarriak azaltzen duen moduan, bai.
Happy Valley III
Movistar

Ingalaterran zorabiatzeko moduko audientzia datuak lortzearekin batera, hirugarren denboraldiarekin itzuli da telesail hau. Euros Lyn zuzendariaren aurreko lanak ikusita (“Broadchurch”, “Last Tango in Halifax”, “Black Mirror” edota “Sherlock”) ez da harritzekoa oraingoan ere aho zabalik uzteko moduko ekoizpena sortu izana. Hirugarrena estreinatu dela, baina zuek oraindik ez duzuela lehenengoa ere ikusi? Nire gomendioa, zer kontatzen duen gehiegi jakin gabe lehen atala ikusi eta gozatzea.
Jakingura duzula? Ustez oso lasaia den herrixka batean, ordena ezarri behar duen polizia beteranoa da Catherine Cawood (Sarah Lancachire). Alabaren ustezko hiltzailearen aurkako gurutzadari ekingo dio, eta bahiketak eta ezusteko biraketak ez dira faltako. Drama polizial bortitza da. Polizia adimentsu eta mesfidati honen konplexutasuna, gainera, handitu egin da hirugarren denboraldian, telebistaren historian betiko itsatsita geratuko den pertsonaia bihurtzeraino.
Trama erakargarriari lotuta, tentsioa planoz plano barreiatzen da eta sentimenduak pertsonaien keinu bakoitzean arnasten dira; Coen anaien kutsuak zipriztinduta, baina ingeles erara. Nortasun gogorreko urakana den Sarah Lancashire protagonistari esker, argumentua modu oso burutsuan eta maisuki doa aurrera.
Gainerako aktoreak ere ezin hobeto murgiltzen dira istorioak eskatzen dituen tonu gris horietan, eta, gainera, klixe sinpleetan erori gabe. Drama ukituak dituzten thriller poliziakoak maite badituzu, azken urteotako ezinbesteko telesaila duzu honako hau.

Poker Face (Peacock)

Telesaila Euskal Herrira oraindik iritsi ez den Peacock streaming zerbitzuak ekoitzia den arren, otsailean bertan SkyShowtime izeneko plataforma berrian izango dugula susmoa dut: adi, beraz. Izan ere, aipatutako “The Last of Us”-ekin batera, aurtengo lehen aste hauetan gehien gustatu zaidan izenburua da.
Rian Johnson-ek sortua (“Knives Out”, “Looper”) eta “Russian Doll” telesailari esker bereziki ezagun egin den Natasha Lyonne protagonista duena. Lyonne-ek Charlie Cale gorpuzten du: kasino bateko langilea eta gezurrak antzemateko berezko gaitasuna duen emakumea da. Kasinoko nagusiarengandik ihesi –aipatuko ez dizuedan arrazoi bat tarteko–, eta berezkoa duen dohain hori erabilita, krimen bitxiak konpontzen saiatuko da, tartean, hainbat pertsonaia deskribaezinekin topo egiten duen bitartean.
Filmak eta telesailak ikertzaileak protagonista dituzten izen handiz josita daude – Sherlock Holmes, adibidez–. Krimen batekin aurrez aurre topo egin eta nork hil duen jakiteko helburuz ahaleginak eta bi egiten dituztenak. Ingelesez, “whodunit” bezala ezagutzen dira, (“Who has done it?” edo “Who's done it?” hitz bakarrean elkartzean sorturikoa; alegia, “Nork egin zuen?”) eta era horretako ikus-entzunezkoak ia azpigenero bihurtu dira azken urteotan.
Ikertzaileak arrastoak jarraitzen ditu eta pertsona susmagarriak ikertzen ditu erantzulea aurkitu arte. Narrazio klasikoenetan egitura horrelakoa izaten da, eta nahiko errepikakorra da, gainera. Iruditzen zait Rian Johnson-ek apur bat eguneratu eta eraberritu duela kontzeptua, eta whodunit-a beste era freskoago batean erabiltzen duela (“Knives Out” filma, kasu).
“Poker Face” telesailari beste kontzeptu interesgarri bat gehitu dio, gainera: “Howcatchem” (alegia, “Nola harrapatu?”). Beste era batera esanda, detektibeen istorio alderantzikatua; ikusle gisa hilketa ikusten dugu eta hiltzailea nor den ere ezagutzen dugu. Aurrerago azaltzen da detektibea eta pista horiek nola aurkitzen dituen ikusiko dugun arren, guk hasieratik dakigu hiltzailea nor den, poliziak ez.
“Poker Face”-k, horrekin guztiarekin, atal bakoitzean istorio bat jorratzen du, eta misterio eta krimen horiei indarra eta sostengua emateko, gainera, telesaila izar gonbidatuz josia dago: Adrien Brody, Joseph Gordon-Levitt, Nick Nolte, Ron Perlman, Tim Blake Nelson, Benjamin Bratt, Colton Ryan eta abar. Generoaren zalea bazara, asko gozatuko duzu!

Copenhagen Cowboy (Netflix)

Ausartuko nintzateke esaten gomendio hau irakurtzen ari zareten %90ari ez zaizuela telesail hau gustatuko. Nicolas Winding Refn (“Drive”, “Only God Forgives”, “The Neon Demon”). Zuzendariaren izena esatearekin soilik alarma –positibo zein negatibo-– guztiak piztuko ziren zure barnean, ezta? Proposamen hau, beraz, guztiz nitxozkoa iruditzen zait: %10 horren barruan bazaude, hau zuretzat doa.
Zeri buruzkoa den azalduko dizuet, baina kasu honetan sinetsi ez diola gehiegi axola. Proxenetak, arma trafikatzaileak eta hiltzaileak nagusi diren Kopenhageko azpimundu ilun eta ziztrin batean girotuta dago. Iluntasun horretan murgilduta eta harrapatuta, Miu izeneko neska misteriotsu bat mendeku bila abiatuko da.
Atmosfera itogarria, erritmo oso geldoa, pertsonaia aseptikoak eta, batez ere, nortasun ikaragarria duen estetika topatuko dituzu hemen, ohiko narratiba tradizional guztietatik oso aldenduta. Telesailen estreinaldien gaur egungo tsunami horretatik at, era honetako proposamen ausartak topatzea ezinbestekoa iruditzen zait; guztiak ezin baitu mainstream izan eta, bestalde, gero eta alferrikakoagoa eta hutsalagoa iruditzen baitzait publiko guztia asetzeko moduko telesailak sortzea.
Gero eta mesfidatiagoa naiz «mundu guztiari gustatzen zaizkion» telesail mota horiekin: “La Casa de Papel”, “Squid Game” edota “Bridgerton” erakoak, esaterako. Gustuko izan ala gorrotatu, gora arrisku handiko izenburuak!