Legeak katuen baretasuna asaldatzen duenean
Goizero jaiki orduko, katua ohera igo eta nire bizkarrak berotu duen koltxoi zatian etzaten da. Hortxe gelditzen da luze-luze (gaur uzkurtuta), gelako leihoa zabalik. Nik, bitartean, gosaldu, burtsako akzioak gainbegiratu, bizarra egin, jantzi eta, azkenik, ohea egiten dut. Halako batean ohitu da katua. Lehen, komeriak izaten nituen ohea egiterakoan. Katuari ipurdi gainean txalo xuabe bat jo eta «segi!» esaten nion; berak atzaparra bota eta haginka egiteko imintzioa egiten zidan, baita batzuetan besoa harrapatu ere, eta oratzen badizu, ez zaitu erraz askatuko.
Aspaldion, berriz, berari begiratu ere gabe, burkoa hartu, leiho ondoko aulkian uzten dut eta bitartean bera altxatu egiten da, niri begiratu ere gabe; luzaketa batzuk egiten ditu eta ohe ertzean atzaparka hasten da. Nik ja-ta txikituko nukeela pentsatzen dut eta «behera!» oihu egiten diodanean, berak «banoa, baina nahi dudalako» esaten du, azkenaldion euskara batuan eta oso argi ahoskatuta, nik euskaraz egiten baitiot beti, horretarako da euskara; kumea zela, zalantza egiten nuen, zerbait esaten nionean swahiliz egin banio bezalako aurpegia egiten baitzuen nire begi-ninian bere begi-nini urdina josita.
Ohitu egin da katua eta ni gelara sartu orduko listua jariatzen hasten da, txakurren antzera, ez dakit ondo ohea egin ostean emango diodan jana edo, akaso, sumatzen didan indioilar itxura dela eta.
Joxejaimeri listua jariarazten dion estimulua, zalantzarik gabe, baldintzatua da. Kanpai hotsa gabe taberna jakin baten izena entzun orduko, belarriak tente jarri eta lerdea jariatzen hasiko da, Pavloven txakurrak baino joriago. Delako taberna hori ohiko berriketa lekua du haren kuadrillak, eguneroko eta betiko kontuak, pasadizo eta iruzkin maiztuak hizpide.
Bat-batean, ordea, emakumeen askatasunak eta segurtasunak arduratu dituzte, nonbait, “Soilik baietz da baietz” legea baitute azken garaiko gaia. Haietako inork ez du lege horren laburpenik ere irakurri, baina buruz ikasi dituzte telebistan entzun dituztenak: «Ehunka bortxatzaile libre irten dira», «askoz gehiago irtengo dira», «alarma soziala eragin du»... Beti eta beti barra atzeko neska(ren ipurdia)ri begira lerdea dariela. Joxejaimek nabarmendu egiten du bere debozioa, kuadrillako batek ahapeka «hi, disimulatu pixkat, neska aztoratuta zagok eta» esaterainokoa.
Tabernako zerbitzaria egunero bezala aztoratuta ez ezik, gaur kokoteraino ere badago, horregatik fusilatu du Joxejaime begirada batez. Joxejaimek, balen aurkako txaleko koxkaz betea jantzita, ez neskari ez atzamar biko bekokia daukan inori graziarik egingo ez dion baina haren kuadrillari barrez lehertzeko modukoa iruditu zaion ateraldia bururatu zaio. Neskari, berriz, graziarik gabeko beste bat: ospa egin dezala, eta ez itzultzeko gehiago.
Joxejaimek, neskari begiratu gabe, luzaketa batzuk egin eta aterantz jo du «banoa, baina nahi dudalako» esanez, katuera batuan. Haren atzetik kuadrilla osoa atera da eta taberna barruan entzuteko moduko pare bat purrustada bota ostean, hurrengo tabernarantz jarraitu dute lehengo hizpideari eutsita: «Putaseme horiek kartzela zulora sartu eta giltza itsasora botako nikek nik», «ez, onena, potroak moztu eta...». •