Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
{ KOADERNOA }

Zenbat urte bete ditu aurten euskara batuak?

Oso h-zalea izan naiz. Gogoan dut 80ko hamarraldiaren hasieran onhartu, erahil, oinharri idazten nuela, eta ez dakit noiz, zer egunetan aldatu nuen joera hura, letra horren erabileraren inguruko zerbait irakurrita, nonbait. Ondorengo hamarraldian harrituta irakurri nuen Euskaltzaindiak argitaratu zuen arau sorta, uste bainuen haietako asko aspalditik zeudela indarrean. Euskara irakasleek oraindik entzungo dute, idazlanak zuzendutakoan, aspaldiko matraka: «Horrela idatzi behar da orain? Egunero aldatzen dituzte arauak». Baina Euskaltzaindiak ez du ezer aldatu; arautzat jotzen genituen asko aztertu edo behinik behin onartu gabe zeuden artean.

Atzo Errenteria eta Donostia arteko giza kate egin zuten euskara batua omentzeko, baita hura sustatu zuten 15 lagun ere. Haien artean, Koldo Mitxelena eta Jose Luis Alvarez Enparanza Txillardegi. Bion inguruko artikulu bat idatzi du asteon Fito Rodriguezek eta hartan dioenez, argi dago «euskal kulturan ardatz bihurtutako euskara batuaren sorreran batera aritu zirela eta, hala ere, bion gizarte errekonozimendua zeharo asimetrikoa dela egun». Hala dirudi, bai.

1968an Arantzazun egin zen bilera jotzen da batuaren sorreratzat. Hura Euskaltzaindiak euskara batuaren eredua babestu zuen bilera izan zen; hala ere, eredu hura bidea egiten hasia zen orduko. Gabriel Arestik euskara batuan idazten zuen (“Maldan behera”, 1959) euskara batua “sortu” baino lehenago; Koldo Mitxelenak argiro esan zuenez, Arantzazun ez zen «inor deus asmatzen ari; euskal literaturan indarrez ongi hornitua ageri zen joera bati ematen zitzaion amore». Eta joera hura Arantzazuko onarpeneraino iritsi izana batik bat Txillardegiri zor zaio. Ez nik diodalako, Mitxelenak berak esanda baizik: 1963 eta 1964an Txillardegik Baionan bultzatu zituen Euskal Idazkaritzaren bilerak, hango proposamenak eta hartutako konpromisoak izan ez balira, nekez bideratuko zatekeela euskararen batasunaren auzia. Eta bat nator Fito Rodriguezekin, Mitxelenari meritu batere kendu gabe, jakina. 1957. urtetik euskaltzain urgazle, eta Euskaltzaindia batasunaren bideari eusteko premiatzeaz aspertuta, Txillardegik dimisioa aurkeztu zuen akademian eta ez zioten onartu. Hala ere, lanari ekin zion. Eta ondo zekien zertan ari zen: hizkuntza nazionala diseinatzen, mugaz gainekoa.

Hain zuzen ere, Arantzazun oso esanguratsua izan zen h-aren inguruko eztabaida, hizkuntzaren arloa gainditzen zuena eta aldeko eta aurkako amorratuak elkarri buru emanda zituena. Erabakigarria izan zen gertakari bat zenbait jarrera aldatzeko, edo hausnarketa zabaltzeko. Pierre Laffitek esan zuen Ipar Euskal Herrian h-a erabiltzen jarraituko zutela, baina Hegokoei eskatu zien baztertu zezatela letra hori, zalapartak saihesteko, «azken batean euskara biziko bada, hemen [Hego Euskal Herrian] biziko da, zeren eta beste aldean ez baitu etorkizunik».

Ezinbestekoa zen euskara estandarra hizkuntza normalizatzeko. “Normala” izan zedin, alegia. Frantsesa edo gaztelania bezala. Frantses eta espainol askok euren ondarea izatea onartzen dute, baina ez dakit ideia ona iruditzen zaien euskara normalizatzea, berena bezalako hizkuntza normala izatea, alegia. •