GAUR8
HIRI SEGURUAGOAK ERAIKITZEN

Vicens Valentin hirigintzaren inguruko adituaren hamar gako, hiri seguruagoen bidean kontuan hartzeko

Hiri ereduek eta hirigintza planek herritarren jokamoldean eragiten dutela azaldu du Valentinek. Eta horregatik, garrantzitsua dela hirien eta herritarren inguruan hausnartzen dugunean hainbat faktore aintzat hartzea: bertako kide izateko sentimendua, argia, genero ikuspegia, natura...

Mapa bat eskuragarri izateak segurtasuna areagotzen duela dio adituak.
Mapa bat eskuragarri izateak segurtasuna areagotzen duela dio adituak. (Iñigo URIZ | FOKU)

Aldez eta moldez aldatzen joan dira hiriak. Lehen, harresi artean hazi ziren defentsa-modu gisa. Geroago, harresi horiek eraitsi eta gaur egun ezagutzen ditugun hiriak sortu ziren, dentsitate eta mugikortasun handiagoarekin. Horrek, alde positiboak eta negatiboak izan zituen segurtasunean. «Biztanleria lurralde batean kontzentratzeak delitu-jardueretarako aukera handiagoa sortzen du, turismo-zentro handiekin gertatzen den bezala», dio Vicens Valentinek, Hiria eta Hirigintza Burgoseko unibertsitate-masterreko irakasle laguntzaileak. Horrek azaltzen du zergatik hiriek landa-eremuek baino delitu-jarduera gehiago biltzen dituzten.

Hirien ezaugarriek eragiten dute hiritarren jokabidean? «Hirigintza plangintza egokiak egiten badira, lagundu dezakete auzoetako eta hirietako bizimodua hobetzen. Eta zentzu horretan lan eginez gero, portaera desegokiak murrizten lagundu dezakete», azaldu du Valentinek. Adibide zehatz bat hartzen du erreferentziatzat: New York hiriko ikerketa batek azaldu du kaleetan argiak jartzeak kriminalitate-tasa %36 ere murrizten lagundu dezakeela. Bestelako hamar faktore jaso ditu Valentin irakasleak, hirien segurtasuna bermatzen lagundu dezaketenak.

1. Hirikoa izatea

Eta batez ere, bertakoa sentitzearen garrantzia da gakoetako bat. Izan ere, leku jakin batekin identifikatzeko gaitasunak segurtasuna eta segurtasun-pertzepzioa areagotzen ditu. «Pertsonek beraienak direla sentitzen duten lekuak errespetatzen eta babesten dituzte. Horregatik da garrantzitsua, hain zuzen, biztanleen pertenentzia kontzeptuan sakontzea», azaldu du Vicens Valentinek.

2. Zaintza naturalaren garrantzia

Kaleen eta eremu publikoen bizitasuna oso faktore garrantzitsua da krimenak prebenitzeko, Valentinen arabera, espazio publikoen erabilerak autozaintza sortzen baitu. Autozaintza edo zaintza naturala Jane Jacobs ingurumen-adituak garatutako kontzeptua da, eta uste du herritarren kide izatearen sentimenduak eta herritarren jarduerak segurtasuna sortzen dutela, herritarrek berek hiri-giroa berez kontrolatzen dutela. «Erabilera (komertziala, bizitegikoa, aisialdikoa eta abar) eta jarduera desberdinen nahasketa on batek etengabeko autozaintza eragiten du, hainbat unetan erabiltzaile desberdinak egotea eskatzen baitu», dio Valentínek.

3. Genero ikuspegia

Segurtasun-auditoriak eta diagnostikoak genero-ikuspegia txertatuta egitearen beharra nabarmendu du Valentinek: «Parte hartzeko eta eztabaidatzeko tresnak dira, espazio publikoan segurtasun-gabeziaren pertzepzioari buruzkoak, eta, aldi berean, emakumeak ahalduntzeko modu bat. Horrez gain, herritarren eta administrazioaren arteko komunikazio-bide bat ere badira».

Argiztapena faktore garrantzitsua da (Gorka RUBIO | FOKU)

4. Espazio itxiak saihestea

Kanpoko espazio itxiak edo babestuak saihestea. Adituaren ustez, hiri-garapeneko planek saihestu egin behar dituzte kanpoko munduarekiko eremu babestuagoak (segurtasun-gabezia askoren iturri izaten dira), bazterkeria eragiten dutelako eta bizitegi-multzo itxiak edo espazio itxiak sortzen dituztelako.

5. Adi geltokiekin

«Aldi baterako erabiltzen diren lekuak (tren-geltokiak, truke-guneak eta abar) beste batzuk baino zaurgarriagoak dira krimenaren aurrean, erabiltzaileek ez dutelako leku horiekiko inolako pertenentzia sentimendurik izaten», adierazi du Vicens Valentínek. Eta gaineratu du leku horiek «arreta handiz» landu behar direla.

6. Abandonatutako espazioak komunitario bihurtzea

Krimenaren prebentzioa hobetzeko, bizitasunik gabe abandonatutako espazioak, mugagabeak edo isolatuak saihestu behar dira, bandalismoa eta kriminalitatea leku horietan kontzentratzen direlako, adituaren arabera.

7. Oinezkoentzako espazioak argitzea

«Hiri-sare jarraituek eta eremu publikoen planoek erabiltzaileen orientazioa eta segurtasun pertzepzioa hobetzen dituzte. Oinezkoen espazioen eta eraikinen inguruko eta kaleen inguruko ibilbideak ikusi ahal izateak krimena prebenitzen laguntzen du eta prebentzioa areagotzen du», adierazi du Valentinek. Horregatik, garrantzitsutzat jotzen da, adibidez, galtzadan argiztapen ona izatea, delituetarako disuasio-elementu bat delako.

8. Mantentze-lanen garrantzia

«Beharrezkoa da mantentze-lanei eta kontrol-jarduerei ekitea gainbehera prebenitzeko. Kasu horretan, beharrezkoa da hondatutako eremuak arretaz gainbegiratzea eta berritze-ekintzak hastea», dio Valentinek.

Pertsona bat bidegorri batean (Jon URBE | FOKU)

9. Bideozaintza kamerak

Valentinek dioenez, zaintza elektronikoa (telebista-zirkuitu itxiak, adibidez) planifikazio eskasaren aurkako prebentzio-erantzuna da. Segurtasun orokorreko plan baten parte denean soilik da baliagarria.

10. Kontuz behin-behineko elementuekin

Obretan dauden lekuek, desbideratzeek, deserosoak izateaz gain, arriskutsuak ere izan daitezken lekuak sortzen dituzte. Behin-behineko konponketak eta obretan dauden lekuak segurtasunaren ikuspuntutik ere planifikatu behar dira.

Hala eta guztiz ere, adituaren arabera, herritarren segurtasun falta sentsazioa nahasmenduan oinarritzen da. Hau da, dimentsio objektiboa eta subjektiboa nahasten direnean. “Dimentsio objektiboa” eraso pertsonal baten biktima izateko probabilitateari esaten dio, eta “subjektiboa”, berriz, delinkuentziarekiko beldur lausoari. Egiten diren segurtasun eskaerak bi dimentsioak bereizi gabe egiten direla dio Valentinek.