Ukrainako gerrak agerian utzi du Mendebaldeak bi neurri dituela giza eskubideen alorrean, AIren arabera
Ukrainako gerra gogor salatu eta gaitzetsi dute Mendebaldeko herrialdeek eta herrialde hori etengabe babestu dute 2022ko otsaileko inbasiotik. Aldi berean, giza eskubideen beste urraketa larri batzuen aurrean erantzun leuna izan dute eta «neurri esanguratsuen falta deitoragarria» erakutsi dute. Hala salatu du Amnesty International (AI) erakundeak 2022. urteko txostenean.
Errusiak 2022an Ukrainan egindako inbasioak «Mendebaldeko estatuen hipokrisia azaldu du, errusiar erasoari indarrez erantzun diotelako, baina ez ikusiarena egin dutelako beste leku batzuetako urraketa larrien aurrean, konplize izanik», azaldu du erakundeak txostenean.
AI-k Saudi Arabia inguratzen duen «isiltasun gorgarria» aipatu du -auzitegiek heriotza zigorra ezarri dute epaiketa bidegabeetan eta manifestari baketsu askok espetxe zigor luze asko jaso dituzte- edo Egipto, non erregimenaren aurkariak arbitrarioki atxilotzen eta bidegabeki auzipetzen jarraitu duten.
«Erantzun bikaina izan da Errusiak Ukrainako herriaren aurka egindako erasoari emandakoa. Oraingo eta etorkizuneko krisietarako eredu izan beharko lukeen erantzuna da», adierazi du Agnès Callamard AI-ko idazkari nagusiak. Baina «beste krisi batzuk alde batera uzten baditugu, murrizten dugu Ukrainan egindakoaren balioa», gaineratu du.
Bere erakundeak deitoratu egin du «beste herrialde batzuetan, Mendebaldeak antzeko eraso ekintzak onartu izana, bere interesak jokoan daudelako».
Esaterako, Israelen, azken urteko gobernuek «palestinar gehiago haien etxeak uztera behartzeko, legez kanpoko koloniak garatzeko eta koloniak legeztatzeko neurriak ezarri dituzte okupatutako Zisjordanian, baina Mendebaldeko gobernu askok sistema horren aurka egin beharrean, nahiago izan dute apartheida salatzen zutenak eraso», salatu du Amnistiak.
Etiopian ere «azken urteetako gatazkarik hilgarrienetako bati emandako erantzun tamalgarriak» kritikatu ditu erakundeak. Izan ere, 500.000 pertsona hil dira, Ameriketako Estatu Batuen arabera.
Errefuxiatuekin, bestalde, jarrera kontraesankorrak daude. Europar Batasuneko ateak, «ukrainar errefuxiatuak hartzeko zabal-zabalik egon direnak», itxita egon dira Afganistandik edo Siriatik ihes egiten duten pertsonentzat. Halaber, Ameriketako Estatu Batuek dozenaka mila ukrainar hartu dituzte, baina 2021eko irailetik 2022ko maiatzera 25.000 haitiar baino gehiago kanporatu zituzten, askotan atxilotu eta horietako asko torturatu ondoren.
Mendebaldeak giza eskubideen inguruan duen ikuspegi selektibo eta berekoi horrek giza eskubideen aurkako gehiegikeriengatik kritikatutako beste herrialde batzuen ekintzak indartu ditu; Txinarenak, adibidez. Han «gutxiengo etnikoen aurkako errepresio sistematikoarekin jarraitu du Xinjiangen eta Tibeten». Bestalde, «Hong Kongen Gobernuak demokraziaren aldeko borroka mugimendua zapaltzen jarraitu du», adierazi du erakundeak.
Ukrainako gerrak, gainera, baliabideak ez ezik, krisi klimatikoaren arreta ere desbideratu du; izan ere, berotze globalaren hondamendiak kontroletik kanpo daudela dirudi, eta munduko liderrek ez dute lortu ados jartzea tenperaturen igoera 1,5ºC-tik behera mugatzeko neurrien inguruan.
Brasilen, Kanadan, Suedian, Tanzanian eta Vietnamen, besteak beste, herri indigenen eskubideak urratu dira, enpresek edo botere publikoek haien lurrak desjabetu dituztenean ez dutelako inongo babesik izan.
«Errusiaren erasoari mundu osoan emandako erantzuna balioen araberakoa eta Zuzenbide Estatuan oinarritutako nazioarteko sistema bat ezartzeko inflexio-puntua dela defendatu nahi duen edozein logika ahulduta geratzen da estatuek beren lurraldeetan bermatu behar dituzten giza eskubideen babesaren narriadura nabariaren ondorioz», dio Callamardek.
Gainera, 2022an, oro har, «eskubide zibil eta politikoen degradazio» nabarmena gertatu da Mendebaldeko herrialde batzuetan izandako errepresioagatik; Estatu frantsesean, kasu. Agnes Callamardek adierazi du, bertan, poliziek eta jendarmeek indarra legez kanpo erabili dutela manifestarien aurka.
Emakumeen eskubideek ere okerrera jo dute, batez ere Iranen, non abestu edo beloa ez eramateagatik batzuk hil dituzten. Edo Afganistanen, non «emakumeak objektu bihurtu diren talibanek boterea hartu zutenetik». Baita AEBetan ere, non abortatzeko aukera zalantzan jartzen duten askok.
Ukrainako gerra
Ukrainarekin erabiltzen den «neurri bikoitza» salatu arren, bertako egoera ere aipatu du Amnesty Internationalek.
«Errusiak Ukraina inbaditu izana, Nazioarteko Zuzenbidea urratuta eta bestelako ondoriorik gabe, eredu ikaragarria da giza eskubideak urra ditzaketela uste dutenentzat», esan du Callamardek.
Horrela, «sistemak funtzionatu izan balu eta, orduan, Txetxenian eta Sirian egindako krimenengatik Errusia kontuak ematera behartu izan balitz, eta orain, Ukrainan eta beste leku batzuetan egindakoengatik, milaka bizitza salba zitezkeen. Aldiz, sufrimendu eta hondamen gehiagoren kontra borrokatzea dagokigu», deitoratu du.
«Errusiaren eraso gerrak munduaren etorkizunerako zerbait argi uzten badu, hauxe da: garrantzitsua dela modu eraginkorrean eta koherentean aplikatzen diren arauetan oinarritutako nazioarteko ordena bat izatea. Estatu guztiek ahalegin handiagoa egin behar dute arauetan oinarritutako ordena berri bat izateko, pertsona guztiei leku guztietan mesede egingo diena», gaineratu du.
AI-ren txostenak garbi dio Ukrainaren inbasioa «Nazio Batuen Erakundearen Kartaren urraketa» dela eta soldadu errusiarrek Ukrainako milaka zibil hil dituztela. Beste krimen batzuen zantzu ugari ere badira; hala nola, tortura, sexu indarkeria eta legez kanpoko homizidioak. Amnistiak, halaber, azpiegitura zibilen aurkako errusiarren bonbardaketak aipatu ditu: eskolak, etxebizitzak, ospitaleak edo sare elektrikoa.
Nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzea ere leporatu dio Errusiari, preso hartutako soldadu ukrainarrei eta Moskuko indarrek okupatutako eremuetako zibilei laguntza ukatu dielako. Bahiketak, torturak eta zibilen exekuzio estrajudizialak ere dokumentatu ditu.
Preso hartutako soldadu ukrainarrak epaitzeko agintari okupatzaileek sortutako auzitegi ez-legitimoak erabiltzea gaitzetsi du, baita Errusiaren kontrolpeko eremuetako adingabeko zibilak indarrez eramatea ere.
Dokumentuak gogorarazi duenez, bestalde, ia 8 milioi ukrainarrek -gehienak, emakumeak, haurrak eta adinekoak- herrialdetik ihes egin dute errefuxiatu gisa. Gainera, Ukraina barruan 7 milioi pertsona lekualdatu dira.
Erakundeak Ukraina ere kritikatu du, hedabideak arautzeko ardura duen estatuko organoari gehiegizko ahalmenak ematen dizkion lege bat onartzeagatik, besteak beste.
Latinoamerika
Gainerako lekuetan, Amnesty Internationalaren arabera, Latinoamerika izan da zenbait giza eskubide -manifestazioa edo adierazpena, kasu- murrizteko joera globalaren eredua.
«Latinoamerikako joerek ondo islatzen dituzte joera globalak, eta ikusi dugu manifestatzeko eskubidea, adierazpen askatasuna eta protestaren bidezko ekintza kolektiborako eskubidea murriztu edo erreprimitu dituztela indarra erabilita».
Perukoa giza eskubideen atzerakada globalaren kasurik argigarrienetako bat izan zen 2022an: «Herri indigenak jomuga izan dira presidentearen egoeraren aurkako protesta politikoen testuinguruan».
Era berean, AI-ko idazkari nagusia Kolonbiara joan zen 2022an, eta, 2021ean Calin eta beste leku batzuetan izandako protestetan parte hartu zuten taldeekin egindako bileretan, egiaztatu zuen «ez dela inolako konturik eman» mugimendu sozial haren kontrako errepresioagatik; izan ere, mugimendu horrek hildako, zauritu eta sexu indarkeriaren biktima asko izan zituen. Callamardek zehaztu du, halaber, 2022an Kolonbiako herritar ahulenen aurkako indarkeriak jarraitu zuela, indar militarrek, talde armatuek edo eragile korporatiboek -meatzaritza edo petrolio konpainiak- eragindakoak.
Hala ere, AI-ko idazkari nagusiak baikortasunez adierazi du zantzuak daudela esateko Gustavo Petrok zuzendutako Kolonbiako Gobernu berria modu positiboan jokatzeko prest dagoela. Ildo horretan, 2022an Kolonbian abortua despenalizatu zuen legea ezarri izana nabarmendu zuen.
Covid-19aren pandemia hasi eta hiru urtera, Latinoamerikak ondorio suntsigarriak pairatzen jarraitu du: atzeraldi ekonomiko handia, oinarrizko eskubideak bermatzen ez dituzten gobernuak eta protestak isilarazteko gero eta taktika errepresibo gehiago, txostenaren arabera.
Afrika
Neurri bikoitza antzeman du Amnesty Internationalek Afrikaren kasuan ere. Gogor erantzun diote Ukrainako gerrari Mendebaldeko estatuek, baina isilik geratu dira Afrikako herrialdeetan gertatutako urraketa larrien aurrean: Burkina Faso, Afrika Erdiko Errepublika, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Etiopia, Mali eta Mozambiken. Horren ondorioz, erantzun ezak inpunitatea eta ezegonkortasuna suspertu ditu.
Eta kritika Afrikako Batasunari (UA) ere luzatu dio, ez duelako erantzunik eman edo, kasurik onenean, erantzuna oso epela izan delako. Japhet Biegonek, AI-k Afrikan duen koordinatzaileak, Afrikako Batasunaren lidergoaren porrota» salatu du. «UA duela hogei urte sortu zen, besteak beste, Afrikako gatazkei modu aktiboan erantzuteko eta horiek prebenitzen saiatzeko (...) baina kontinente osoko herritar askok ez dute inolako arrazoirik urteurren hori ospatzeko», adierazi du.
«UAren eta Nazio Batuen Erakundearen arreta faltagatik edo ekintza sendoen faltagatik adoretuta, talde armatuek eta gobernuetako indarrek, kontinente osoan zehar, zibilen kontrako erasoak egiten jarraitu dute, heriotza eta suntsipen arrastoa utzita», salatu du txostenak.
Biegonek dioenez, UAk Hego Sudanerako Auzitegi Hibridoa (HCSS) irekitzeko agindua eman eta zazpi urtera -2013an azken gerra zibila hasi zenetik herrialde horretan egindako krimenak epaitzeko- ez da oraindik ere martxan jarri.
Era berean, iazko azaroan Etiopiako iparraldeko gerra bukatutzat eman zuen bake akordioan UA arrakastaz bitartekari aritu zen arren, «herrialdean izandako zigorgabetasun neurrigabea alde batera utzi du, eta ez du ibilbide orri argirik eskaini gerrako eta gizateriaren aurkako krimenengatik kontuak ematea bermatzeko».
Giza eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakundeak, halaber, koronabirusaren pandemiaren, Ukrainako gerraren eta krisi klimatikoaren eragin ekonomikoaz duen kezka nabarmendu du, «elikadurarako, osasunerako eta bizi kalitate egokirako milioika pertsonaren eskubideak nabarmen ahuldu direlako kontinente osoan».
«Oinarrizko produktuen prezioak gora egin du, eta horrek zaildu egiten du pertsona arruntek elikagaiak eta oinarrizko beste premia batzuk ordaintzea. Pertsona askok zailtasunak dituzte Zimbabwe, Liberia, Hego Sudan eta antzeko ekonomia ahuletan bizitzeko», nabarmendu du Samira Daoud Afrikako mendebaldeko eta erdialdeko AI-ko zuzendariak.
Gainera, Afrikako herrialde batzuk -hala nola, Kamerun, Etiopia, Eswatini , Ginea, Mali, Mozambike, Senegal eta Zimbabwe- disidente baketsuak, kazetariak eta giza eskubideen aldeko ekintzaileak isilarazten saiatzen dira.
Txad, Kongoko Errepublika Demokratiko, Ginea, Kenya, Nigeria, Senegal, Sierra Leona, Somalia eta Sudanen dozenaka manifestari hil dituztela dokumentatu du AI-k.
Genero indarkeriak Afrikan ere iraun zuen 2022an: Hegoafrikan hildako emakumeen kopuruak gora egin du, haurdun dauden neskei ikasteko debekua ezarri diete Tanzaniako eta Ekuatore Gineako ikastetxeetan, eta herrialde askotan bortxaketetatik bizirik ateratzen direnak babesteko sistemarik ez dago.
Txina
Bestalde, Txinaren kasuan ere errepresioak gora egin duela salatu du AI-k. Bere arabera, online zentsura nonahikoa da, eta Xinjiangen musulmanen jazarpena jarraitu du eta balizko gizateriaren aurkako krimenak ere egin dituzte. «Gobernua kritikatzen dutenak eta giza eskubideen defendatzaileak arbitrarioki atxilotu eta torturatzen dituzte»
Ameriketako Estatu Batuak
AEBetan epaitegiek -federalak zein Auzitegi Gorena- giza eskubideen babesa urratu dute, abortuaren, armen kontrolaren eta asiloaren kontrako erabakiekin. Besteak beste, iazko ekainean, 50 urteko jurisprudentzia bertan behera utzi zuen epaia aipatu du txostenak, abortu eskubidea defendatzen zuen 1973ko “Roe Waderen kontrako kasua” ezeztatu zuena. Orduz geroztik, 13 estatuk abortua debekatu dute modu batera edo bestera eta beste hamarrek murriztu egin dute.
Errusia
Ukrainan urraketak egiteaz gain, Errusiak barneko disidenteen kontrako errepresioa handitu duela salatu du Amnesty Internationalek; batez ere, gerra kritikatzen dutenen aurkakoa.
«Disidentziaren kontrako etengabeko errepresioan, agintariek murrizketa gogor gehiago ezarri dizkiote adierazpen eta elkartze askatasunari», salatu du. Hala, protesta baketsuetan poliziak gehiegizko indarra erabili du eta 19.400 pertsona baino gehiago atxilotu ditu, kazetariak barne. AI-k gogoratu du lege berriak zigortzen duela Armadaren ospea zikintzea eta hari buruzko «informazio faltsua» zabaltzea.
Ekialde ertaina
Ekialde Ertaineko gobernuek ez diote erantzun egokirik eman baldintza ekonomikoak okertzeari eta, batez ere, Libano eta Egiptoko krisi larriak nabarmendu ditu txostenak. Hiru gertaera ere azpimarratu ditu munduko eskualde honetan: Iranen, Mahsa Amini gaztearen heriotza eta ondorengo protesten kontrako errepresioa; Egipton, COP27 Klimaren gailurra eta Qatarreko Mundu Futbol Txapelketa. Azken bi kasuetan, herrialde horietan gertatzen diren giza eskubideen urraketa larriak agerian geratu dira.
Persiar Golkoko gobernuek ere atxiloketa arbitrarioak eta heriotza zigorra erabili dituzte, adierazpen askatasuna murriztu eta langile etorkinen eskubideak urratzeaz gain. Adibidez, Saudi Arabiak hamarkadetan egindako exekuzio kolektiborik handiena egin zuen 2022an: egun bakar batean 81 pertsona hil zituen.
Estatu espainola eta frantsesa
Txosten luze honen azterketan hurbilagoko salaketak ere badaude. Amnesty Internationalek dio 2022an Estatu espainolean larriagotu zela «zigorgabetasun giroa eta kontuak ez ematea», eta horren adibide da agintariek zaharren egoitzetan izandako eskubide urraketak edo Melillako hesian gertatutako sarraskia ez ikertu izana.
GKEak Mozal Legeak babesten dituen gehiegikeriak ere salatu ditu, «herritarrak babesik gabe utzi dituelako segurtasun indarretako kideen gehiegizko indarraren aurrean» eta mugan legez kanpoko kanporaketak babesten dituelako.
Estatu frantsesean arraza eta erlijio diskriminazioak bere horretan jarraitu du, batez ere musulmanen aurka. Poliziak indar gehiegi erabiltzen jarraitu du, erantzukizunik hartu gabe. Balio errepublikanoei buruzko legeak, bestalde, elkartzeko askatasuna murriztu du.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi du Frantziak urratu dituela errefuxiatu txetxeniarren eta baliabiderik gabeko asilo eskatzaileen eskubideak. Eta bertako hiru arma enpresaren aurkako salaketa penala jarri da, Yemenen egindako gerra krimenetan eta gizateriaren aurkako krimenetan konplizitatea leporatuta.