Mijo LIZARZABURU
{ KOADERNOA }

Esentzialismoaren aurka, feminismo materialista

Duela hogei urte, Brecha Lésbica argitaletxearen “El patriarcado al desnudo, tres feministas materialistas” liburuan, Ochy Curielek eta Jules Falquetek Frantziako 70eko hamarkadako mugimendu feminista erradikaleko hiru autoreren testuak itzuli zituzten gaztelaniara. Haien helburua, Guillauminen, Tabeten eta Claude Mathieuren feminismo materialistak emandako tresnak erabiliz, feminismoan eta lesbianismoan indarra hartzen ari zen esentzialismoaren aurka jotzea zen.

Esentzialismo mota asko dabiltza identitateak modu ahistoriko eta apolitikoan planteatzen. Horien artean, ohikoena da biologismoa, emakumeen eta gizonen artean dauden ezberdintasun politikoak aldaezina den naturan justifikatzen dituen ideologia. Christine Delphyren hitzetan, biologismoan erortzean historia naturalizatzen dugu, eta ondorioz gure zapalkuntza erakusten duten fenomeno sozialak naturalizatzen ditugu.

Biologismoaren aurka borrokatzeko trans-mari-bollo komunitatean erabili dugun estrategia bat da binariotasuna inposatzen duen biologiaren ikuskera sinplista eta objektibatuaren aurka sexu-genero identitatearen subjektibotasuna aldarrikatzea, identitatea sentimendu indibidualetara erreduzitzea, «ni sentitzen dudan hori naiz» esatea. Nire beldurra da ez ote dugun hortik beste esentzialismo bat eraiki, esentzialismo psikologikoa.

Feminismo materialistaren tesiek argi uzten dutenez, ez gaituzte zapaltzen emakumeak garelako biologikoki edo psikologikoki, gure zapalkuntza materialak egiten gaitu emakume, edo hobeto esanda gure zapalkuntza naturalizatzeak egiten gaitu emakume. Monique Wittigen hitzetan, jaberik gabe morroirik ez dagoen bezala, gizonik gabe ez dago emakumerik, zapalkuntza da sexua sortzen duena, ez alderantziz. Garrantzitsua da hori azpimarratzea, emakume eta gizon identitateen jatorria zapalkuntzan kokatzen ez duen ezagutzak zapalkuntza erreproduzitu besterik ez baitu egiten, nahita edo nahi gabe.

Identitateak ez dira gauza bat, harreman bat baizik. Emakume identitatea ez da definitzen langile-identitatearen edo kontzeptuaren aurka, baina langile izatea, aldiz, kapitalista izatearen aurka definitzen da; langile klaseak klase kapitalista behar du existitzeko, emakumeak existitzeko gizonak existitu behar diren bezala, biak taxutzen dituen erregimen politiko batean. Hortik kanpo, esentzialismo heterosexuala.

Emakume eta gizon klaseen arteko zapalkuntza zapalkuntza materiala da. Pentsamendu patriarkala existitzen da, bai, baina emakumeen gorputzen apropiazio materialaren alderdi ideologiko gisa soilik.

Feminismo materialistaren analisiaren muinean produkzio-erlazio patriarkalak daude. Ekoizpen patriarkalak edo familiarrak emakumeek etxeko eta familiako esparru sozialean (ez geografikoan) egindako doako lanean oinarritzen dira, eta ezkontzan oinarritutako esparru horretan egindako edozein produkziori aplikatzen zaio, gizon batentzat edo gizon guztientzat klase gisa. Gizonak emakumeen denboraz jabetzen dira esplizituki ezkontza kontratuaren bidez. Kontratu horrek ez du inolako mugarik ezagutzen; izan ere, ez dago lan denbora mugatzen duen neurririk, ez ordutegirik, ez soldatarik.

Lan-kontratu klasikoetan langile desjabetuak behartuta gaude gure lan indarra klase kapitalistari saltzera bizirik irauteko. Zentzu horretan, langileak haien lan indarraren jabe dira soilik: emakume klaseak ezta hori ere. Guk ez dugu gure lan indarra saltzen emakume gisa, gure bizitza osoa oparitzen dugu. Erlazio mota hau da “emakumeak” emakume egiten dituena.

Zapalkuntza hau ez dute bizi bakarrik emazteek, emakumeen taldeko kide guztiek baizik. Gizonekin ezkondu ez diren amek, ahizpek, amonek, alabek, izebek, bollerek eta mojek ere subordinazio harreman bat dute gizon klasearekiko. Eta horregatik, egunero ikusten dugunez, eta Guillauminek idatzi zuen bezala, emakumeak dira beti eta edonon, eremu familiarretan edo publikoetan, garbitzen dutenak, zaharrak zaintzen dituztenak eta haurrei jaten ematen dietenak, erratza pasatu edo kafea zerbitzatzen dutenak, platerak garbitzen dituztenak edo gizonen kezka metafisikoak eta profesionalak entzuten dituztenak.

Ezkontza zapalkuntza harreman baten forma kontraktuala da, baina ez da zapalkuntza berbera. Ezkontzak kontratuaren aurretik dagoen harreman soziala legeztatu eta konfirmatzen du, naturalizatuta dagoen emakume klasearen jabetza materiala gizon klasearen partetik: sexajea.