Gernikako historiaren zati bat, salmahaiaren beste aldetik kontatuta
1948an zabaldu zituen ateak Drogueria Amutiok, baina lehenagotik izan zuen denda Gernikan. 75 urte geroago, xarmaz beteriko salmahai zahar horren atzean ibili diren azken bi belaunaldiekin hitz egin du GAUR8k, memoria osatzen duten oroimen horiek jasotzeko eta denda, jendea, produktuak... nola aldatu diren gogoratzeko.
Apirilaren 26an 86 urte bete ziren Francoren agindupean Gernika bonbardatu zutenetik. Garai hartarako, ateak zabalik zituen Antonio Amutioren lehen dendak herriko hirigunean, oraingotik ez oso urrun. Egungo saltokiak, merkatu plaza enblematikotik oso gertu, 75 urte bete ditu; bizitza luze bat, tokiko merkataritzan ohikoa izaten denerako, eta gizarte baten bilakaeraren kronika marraz dezakeena.
Zazpi hamarkada luzeetan gauza asko aldatu dira. Lehenik, bi monetaren erabilera ezagutu dute, adibidez. Eta horrekin batera, isilean gertatu diren baina egokitzapena eskatu duten hamaika aldaketa eta eraldaketatan murgilduta ibili da saltokia, uneko beharrei erantzuna emateko. Ibilbide horren oroitzapenek historiaren zati bat marrazten dute, horiei erreparatuta gizartearen argazki bat osatzen duten hainbat elementu agertzen dira: jendearen ohiturak, beharrak, produktu gogokoenak...
75 urterekin, Gernikako denda zaharrenetakoa da Amutio drogeria, zaharrena ez bada, baina negozioaren historia apur bat arinago hasi zen, gainera. 1936ko gerra aurrekoa zen Antonio Amutiok Gernikan zabaldu zuen lehen komertzioa, hirigunean bertan zegoena. Garaiko aipamenik ere bada. 1935. urteko iragarki batek ondorengoa dio: «Semillas de puerro y remolacha. Las mejores que se conocen y que tan buen resultado dieron en la temporada anterior se hallan a la venta en la Droguería de Amutio, de Guernica». Gernikazarra historia taldeak berreskuratu du artikulua.
Autobus gidarien enkarguak
Etxekoek altxor gisa gorde dezaketen dendari buruzko beste artikulu bat ere aurkitu dute talde memorialistako kideek. Amutiok saltzen dituen hazien kalitatea goraipatzen du azken horrek eta dendaren generoak arrakasta duela nabarmentzen du. Are gehiago, artikuluak dio astelehenetan, azoka egunetan, Gernikara joaten ziren autobusetako langileek beste herrialde batzuetako nekazarien enkargu ugari jasotzen zituztela. Kronikaren arabera, Amutio jaunak nekazari gipuzkoarren gutun ugari ere jasotzen zituen, hazien kalitateagatik esker ona adierazteko idatziak, eta Donostian sukurtsal bat irekitzea ere iradoki zioten.
Etxekoek diote izen eta izanaren osagai nagusiak gorde dituela negozio ezagunak, eta hori izan daitekeela hainbeste urtez iraun izanaren sekretuetako bat. Argazki zaharrei begira, kartel iragarle zahar batek saltzen diren produktu nagusiak zerrendatzen ditu: «Perfumes, pinturas, barnices, cepillos, jabones, lustres, semillas».
Bistakoa da, gainera, drogeria klasiko batek ez duela salmenta bakarrik egiten; etxerako gomendioak dira beste sekretuetako bat. Hamarkadetan zeharreko ibilbide horretan, gertuko arreta izan da Amutioren ikurra. Horren lekuko izan da GAUR8. Mugimendu handiko egun bat da, eta bertaratzen diren erosle asko, produktu zehatz bat eskatu beharrean, gomendioa bila dabiltza: «Zerekin garbitu ahal ditut....? Zer daukazue honetarako edo beste horretarako?» Ordubeteko gutxi gorabeherako tartean dendara sartu diren hainbat bezerok aholkua eskatu dute. Horretaz jakitun, garai berriak aholkua emateko eskaintzen dituen bide berriak ere esploratzen ari da Ainara Amutio, dendaren kargu egin den hirugarren belaunaldiko kidea, sare sozialetan publikatutako bideo laburren bidez, esaterako. Ekimenak emaitzak izan dituela dio, bideoak ikusita gazteak hurbiltzen ari direla nabaritu du eta.
Gauzak asko aldatu dira kalean 75 urtean, edo ez hainbeste, hain ibilbide luze bati erreparatuta. Horma horiek hitz egingo balute gizartearen bilakaeraren irudia osatuko lukete produktuei begira bakarrik. Izan ere, asko esaten dute oraindik salmahai zaharrak, apalategi altuek, bazterretan pilatutako generoak... Denda zaharren xarma gordetzen du ateak zabaltzean kalera kapazuen edo koloretako fularren zintzilikarioa atera ohi duen saltokiak.
Astelehen goiza da, merkatu eguna Gernikan, eta GAUR8k Amutio drogeriako etxekoekin hitzordua egin du. Herrian, bonbardaketaren urteurren ekitaldien oihartzuna dago oraindik, giro berezi bat arnasten da edo, behintzat, hori sumatzen dugu data horren inguruan Gernikara bertaratzen garenok; sirena hots ezagun horien oihartzuna, irudi zaharrak... memorian iltzatuta, ziurrenik.
Mugimendu handiko egunak dira oraindik ere astelehenak Gernikan. Gurasoak, Felicidad Izagirre eta Javier Amutio ere, bertan daude. Mostradore atzean 42 urte eman ondoren, egun batzuetan denda ingurura hurbiltzen dira esku bat botatzera. Jubilatuta daude biak, baina dendari izateari utzi ahal dio bezeroei arreta ematen hainbeste ordu egin dituenak? Denda izatea nahiko esklaboa da, ordutegiengatik batez ere, baina «onena da» bezero batzuk «etxerako modukoak» direla, diotenez.
Hurbiltasuna, konfiantza
«Jende askorekin konfiantza berezi bat» eraikitzen joan da denborarekin. Horregatik, azalera handiko merkataritzan eskaintza zabala dagoen arren, beste xarma bat dauka Amutiok, eta horrek lagundu du bezero asko kontserbatzen, azaldu dutenez. Hurbiltasunak, konfiantzak, zuzeneko harremanak denda zaharreko ateak gurutzatzera eramaten du, Amutiotarren iritziz.
Ainara Amutiok duela bost urte hartu zuen lekukoa eta dendaren kargu egin den hirugarren belaunaldiaren ibilbidea osatu du. Pozik dago tradizioa jarraitzen; betidanik ezagutu duen negozioa da, gainera. Ordutegia da ikusten duen oztopo bakarra, baina gogoratu duenez, lehen, aitita eta amamaren garaian, eguerdian ere ez zuten ixten.
Oroitzapenez beteriko lekua da, beraz, orain gobernatzen duen denda. Goialdean bertan zuen eta oraindik ere badu familiak etxea. Denda etxearen luzapena izan da, familiaren historiaren ardatza, azken belaunaldiak bertan hazi baitira, negozioaren inguruan. Familia eta lanbidea nekez bana daitezke Amutiotarren kasuan, lotuta joan baitira, hamarkadetan zehar eta familiako kide gehienak bilduz: aitita-amama, gurasoak eta alabetako bat orain.
Hazien eta lurrinen denda
Saldutako produktuak aldatzen joan dira denborarekin, noski, baina haziak dira, besteak beste, mantendu direnak eta dendako ikur izaten jarraitzen dutenak. Izan ere, baratzea prestatzen hasteko garai bete-betean elkartu gara Amutioarren etxean eta solasaldia izan bitartean asko sartu dira hazi batengatik edo bestearengatik galdezka.
Lurrinak ziren dendaren beste izarretako bat. Granelean egiten zituzten koloniak eta ontziratuta saltzen zituzten. Lurrin ezagunenen kopiak ziren esentziak erabiltzen zituen Antonio Amutiok, gerora Felicidad Izagirre errainak formula garatzen jarraitu zuen, baita nahiko lurrin gogorrak sortu ere -dio barre artean-, esentziak beste kolonia batzuekin nahastuta.
Beste bitxikeria bat ere bazuen Amutio dendaren sortzaileak, gogoratu dutenez. Gorbata erabiltzen zuen beti dendan, eta komertzialak zetozenean gorbata jartzeko esaten ei zien, edo sikiera jaka janzteko.
Chimbo, argizaria, Varon Dandy
Urtemugaren harira Harkaitz Petralandak sortutako bideoan historia horren pasadizo batzuk kontatu dituzte. Familiaren eta ohituren kronika adierazten duten kontakizunak daude; garaian emakume batentzat batere erraza ez zen lanaren eta seme-alaben zaintzaren arteko kontziliazioa bera, esaterako. «Guretzat denda izan da dena», dio Felicidad Izagirrek.
Denda dena izan delako, berehala gogoratzen du Izagirrek zeintzuk ziren duela urte batzuetako produktu izar horiek, haziak erakargarritasun nagusia izan diren arren, hori ere aldatzen joan da eta. «Lehen pilo bat saltzen ziren solorako gauzak, orain gazteek gutxiago egiten dute, nagusiak jubilatu dira edo joan egin dira, eta asko aldatu da hori dena», kontatu du dendariak.
Amutiora hazi bila joaten ziren bezero asko, baina baita bestelako produktuen bila ere. Chimbo xaboia izarretako bat zen, antza, baina baita altzariei emateko argizaria ere. «Orain gutxiago saltzen da, baina lehen argizari asko ematen zen altzariak garbitzeko, ontzeko... eta gu beti arte onarekin, gomendioak ematen... Hori orain arte mantendu dugu, beti, ezpain margoa aukeratzeko bada ere», nabarmendu Felicidad Izagirrek. Iraganera begirako bidaia honetan, Varon Dandy garai bateko kolonia ezaguna agertu da solasaldian: «Hura pilo bat saltzen genuen, esentzia moduan geneukan eta beste kolonia batekin nahasten genuen; jendeak gustuko zuen, eta hainbat tamainatako poteetan saltzen genuen».
Krisi garaiez galdetuta, hainbat izan direla diote Felicidadek eta Javierrek, dendaren buru egon diren bikotekideek, baina bat aipatzekotan, merkataritza gune handien iritsiera nabarmendu dute. Herriko denden arteko harremana ere etorri da mahai gainera: «Bezeroek eskatzen zutena ez bagenuen, ez dugu inoiz arazorik izan herriko beste denda batera bidaltzeko»
Hain zuzen ere. denda txikitatik ezagutu duelako, erreleboa ez da zaila izan Ainara Amutiorentzat. Betikoaren eta berriaren arteko uztarketa horretan, «beste erakusleiho bat dira sareak», dio era naturalean, eta salmentak online egiteko aukera ere aipatu du, Amutiok webgunea ere baduelako gaur egun. Produktuen eskaintza berritu behar izan dute, era berean, estetikaren arloko produktuak edota jostailuak eta moda osagarriak eskaintzeko, eta garaian garaiko beharretara egokitzeko betiko bideari jarraiki.
BONBARDAKETAREN PASADIZOA
1948. urtean zabaldu zuen Antonio Amutiok drogeria gaur egun dagoen kokalekuan, baina aurretik Amutio denda zaharrago bat egon zen 30eko hamarkadaren hasieran. Ez dakite zehazki zein kaletan, oroimenaren zati hori ezabatu da, baina bonbardaketarekin lotuta gorde duten pasadizoa partekatu dute GAUR8rekin, dendaren kontakizunaren zati bat bilakatu baita.
1937. urteko apirilaren 26 hartan, sirena hotsak entzuten hasi zirenean, babes bila ihesi zebilen Antonio Amutiok lagun batekin egin zuen topo. Hark Andra Mariko aterpera sartzeko esan zion, baina Amutiok handik urruntzea erabaki zuen. Erabakiarekin bizitza salbatu zuen ziurrenik, bukatu gabe zegoen aterpe hartan hainbat lagun hil baitzituzten faxisten abiazioaren bonbek, gogoratu du Ainara Amutiok, eta onartu du gura lukeela garai hartaz gehiago jakin.