Asier AIESTARAN

Vinicius eta gaizki ulertutako pasioa

Askotan gogoratzen naiz nola, duela urte dezente, Ameriketako Estatu Batuak oso ongi ezagutzen dituen lagun batek bertako kirol estadioetako giroa jartzen zidan Europan ere imitatu beharreko eredutzat. Familia osoak batera, bazkaria edo afaria hartuta, egunpasa egitea balitz bezala, gaztetxoentzako denbora-pasak hutsarteetan... Nik, ordea, aisialdi eredu artifizialtzat jotzen nuen hura eta miresmenez ikusten nituen munduko futbol zelai handietako harmailetan biltzen ziren jendetzak, bengalen keak ezkutatzen zituen miseriez ezertxo ere jakin gabe.

Gaztetako txoro-haizeak amaitzen joan ahala, ordea, gero eta argiago ikusi dut lagun hark arrazoi zati handia zeukala. Beharrezkoa dela jendarteak hausnarketa kolektibo bat egitea kirola zer den eta zertarako balio behar duen argi uzteko. Ondo pasatzeko, norbere onena emateko, albokoari laguntzeko, bizitzako apustuetan batzuetan irabazi eta besteetan galdu egiten dela ikasteko, inspiratzeko... Baina ez, mesedez, askotan ikusten den moduan, haserre eta estresak parekoarekin ordaintzeko.

Adinean aurrera joan ahala, gero eta ulertezinagoa egiten zait astean zehar eredugarria den pertsona hori harmaila batean eseri eta bere onetik irtenda ikustea; gero eta deserosoagoa egiten zait partida batean jendea epaile bati oihuka entzutea (irainak bota ala ez, berdin zait); eta zer esanik ez, jarrera horiek gaztetxoen arteko neurketa batean gurasoen partetik iristen badira.

Gaizki ulertutako pasioa izan daiteke, eta horregatik kontuz ibili behar da bidaltzen diren mezuekin ere. Gogoan dut Realaren eta Erromaren arteko Europa League-eko itzulerako partidari begira, Imanolek nola eskatu zuen «izugarrizko ekaitza» sortzea, «30 metroko olatuak» izango zituena. Borondate onenarekin esango zuen, baina agian ulertu behar dugu kirola hori baino sinpleagoa dela: aurkaria baino hobeak bagara, ziur aski irabazi egingo dugu, eta bestela, galdu.

Ziur asko, kiroletik harago doazen arazoak dira, sakonagoak, baina horiek konpondu bitartean saia gaitezen kirola kiroltasunez errespetatzen. •