AFP
HONDAKINEN MARGO-OIHUA

Yemengo hormetan, kaleko artista batek gerrako ahaztuak aldarrikatu nahi ditu

Heriotza eta izua erakusten duten irudiak, obusek desegindako eraikinetan: munduak Yemengo bake itxaropenei buruz hitz egiten duen bitartean, gerrak suntsitutako herrialdearen errealitatea islatu nahi du Alaa Rubil kaleko artistak. Biktimak betiko moduan ahaztuak izan ez daitezen.

Alaa Rubil grafitigilearen lana, hondakinen artean.
Alaa Rubil grafitigilearen lana, hondakinen artean. (Saleh AL-OBEIDI | AFP)

Alaa Rubilek 30 urte ditu eta harresiak edertzeari ekin zion nerabezaroan, baina orain inspirazioa aurkitu du non eta 2015ean Aden bere jaioterrian izan ziren borroketan: huthi matxinatuen eta gobernuaren aldeko indarren arteko borrokak, arabiar munduko herrialderik txiroena erabat suntsitu dutenak.

Lehenengoek, Iranek lagunduta, eta bigarrenek, Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek sostengatuta, zortzi urte baino gehiago daramatzate gerra gogor batean zeinak tragedia humanitario izugarri baten amildegira eraman duen Arabiar Penintsulako herrialderik zigortuena.

Hegoaldeko portu hiria -eta hiriburua, bertan erbesteratu eta babestu baitzen Yemengo gobernua huthi matxinoek 2014an Sana hiriburua hartu zutenean-, gaur egun lasai samar dago. Hala ere, Adenek borroka latza pairatu behar izan zuen urte haietan. Liskarren ondoren, Alaa Rubilek biktima zibilak omendu nahi izan ditu bere margoekin.

«Konturatu nintzen Gobernuari bost axola zaiola etxetik ihes egin behar izan duen jendea», dio artistak. «Ondorioz, nire mezua zabaldu nahi izan dut, etxea eta familia galdu dituzten pertsonak marraztuz eta omenduz», azaldu du.

«Hormak erabiliz mundu osoa uki nezakeela ondorioztatu nuen», gaineratu du.

Tragedia adierazi

Adengo kaleak, erasoen ondorioz hondakinez josiak, Alaa Rubilen obraren erakusketa erdi iraunkor bilakatu dira. Bereziki suntsitutako auzo bateko denda bateko horman, hiru dinamita makilen atzean ezkutaturik sumatzen den gizon baten aurpegi ingurua margotu du.

Kalearen bestaldean, bonbardatutako eraikin baten barruko horman, artistaren beste obra batek biolina jotzen ari den eskeleto bat irudikatzen du, burezurraren inguruan bakearen ikurrak flotatzen dituena.

Beste grafiti batek soineko gorriz jantzitako neska bat erakusten du, lurrean eserita, burua ezkerreko eskuan pausaturik, misil baten gainean jarritako bele beltz baten ondoan. Haren atzean, hildako gurasoak, zuri-beltzean, leiho ireki batetik begira daude. «Gerra jolasa besterik ez dela uste du. Bere familia itzuliko dela uste du, eta haien itzuleraren zain dago», dio Alaa Rubilek, Adenen izandako borroketan familia galdu zuen neska baten benetako istorioan oinarrituta.

Amr Said auzoko bizilagunaren ustez, margo horiek «etxetik alde egin behar izan dutenen tragedia adierazten dute. Gerra benetakoa izan zela frogatzen dute», gaineratu du.

«Bertatik pasatzen zarenean min izugarria sentitzen duzu, eta hemengo jendearengan eta haren patuan pentsatzen duzu», adierazi dio 42 urteko funtzionario honek AFPri.

Bake zantzuak

Yemengo gerrak ehunka mila pertsona hil ditu; gehienak, gatazkaren ondorio humanitarioen biktimak, hala nola gosearenak eta gaixotasunenak. Beste milioika oraindik ere egoera oso larrian daude.

Sei hilabeteko su-etena indarrean sartu zen 2022ko apirilean, eta ofizialki berritu ez bada ere, bortizkeria anitz apaldu du. Azken hilabeteetan, ekimen diplomatikoek bake itxaropena piztu dute.

Saudi Arabiaren eta Iranen arteko hurbilketaren iragarpenak itxaropen handia sortu du Yemengo gatazka amaitzeari begira.

Saudi Arabiak ordezkaritza bat bidali zuen apirilean Sanara huthiekin bilera egitera. Mohammed al-Jaber enbaxadore saudiarabiarrak AFPri esan dionez, alde guztiak «serio» ari dira.

Hans Grundberg NBEk Yemenen duen ordezkaria Sanan, matxino xiita huthien kontrolpeko hirian, egon berri da eta bisitaren ostean adierazi duenez, konpromiso eta giro positiboa ikusi du alde guztien artean hitz egiteko, herrialdeko gatazka luzean indarkeria eten dadin.

Jake Sullivan Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Segurtasun Nazionaleko aholkularia, bestalde, Grundbergekin elkartu da azken egunetan, eta Washingtonen konpromisoa helarazi dio Yemengo gerra «amaitzeko».

Etxe Zurian elkartu ostean, Sullivanek azpimarratu du «aurrerapen esanguratsuak» izan direla su-etena lortu zenetik, «NBEren bitartekaritzari esker», eta horrek «yemendarrek duela ia hamarkada bat gerra hasi zenetik izandako bolada lasaia» ekarri izana txalotu du.

Saudi Arabia 2015ean buru-belarri sartu zen Yemengo gerran hango gobernua babesteko eta herrialde sunien koalizio militarra gidatu zuen. Gerrak hondamendi humanitario larriena eragin du, NBEren arabera, eta 23 milioi pertsona baino gehiago laguntza beharrean daude.

Hala ere, bakerako bidea ez da samurra izango.

Abdelmalek al Huthi Yemengo huthien mugimenduaren buruak egun hauetan telebistan emandako hitzaldian ohartarazi duenez, Saudi Arabiak, 2015etik Yemenen esku hartzen ari denak, «bere gain hartu beharko ditu gerra amaitzeko eta herrialdean bakea lortzeko betebehar guztiak, gerra-ordainak ordaintzea barne».

Al Huthik gaineratu duenez, «bakerako bidea argia da: erasoa, blokeoa eta okupazioa amaitzea, eta eraso horren ondorioak kontuan hartzea baita suntsipenengatiko ordainekin ere». Yemen blokeatuta dagoen bitartean, Saudi Arabiak segurtasun, egonkortasun eta oparotasun ekonomikorik ezin izango duela izan gaineratu du. «Bere buruarentzat bakea eta segurtasuna, egonkortasuna eta oparotasun ekonomikoa nahi baditu, Yemengo herriaren aurkako blokeoa altxatu beharko du».

«Dena konpondu»

Diplomaziak diplomazia, Adengo karrika hondatuetan barrena, bere pintzelak eta pintura poteak saski txiki batean daramatzala, Alaa Rubilek ere baikorra izan nahi du.

«Guztiz suntsituta dagoen leku hau bake-eremu izatera pasatzea gustatuko litzaidake», adierazi du eta arteak hiria berreraikitzen laguntzeko ahalmena duela gaineratu du. Baina orain arte «hemen ez da ezer aldatu», kexu da.

Etxera bidean, Yasmine Chakerrek baieztatu egin du: aurrerapausoak iragartzen ari diren honetan, «hemen benetan ez da ezer ere aldatu».

«Edozein unetan behera etor daitezkeen eraikinen mehatxupean gaude», dio 53 urteko funtzionario honek. «Inor ez da etorri, inork ez du ezer egin orain arte. Gure etxeak konpontzea nahi dugu, gure bideak, dena!».