Mijo LIZARZABURU
{ KOADERNOA }

Feminista arrazisten kritikak: ordaindutako lanetik haratago

Neoliberalismoak mugimendu feministaren baitan lantzen den gatazka oro soldata arrakalara eta kristalezko sabaira murriztu nahi du. Emakumeek enpresa handien lidergoa hartzeak automatikoki gizonak haien amonen ipurdia garbitzen jarriko balitu bezala. Feminismoaren proposamenek ertain klaseko emakume heterosexual zuriarengandik haratago joateko beharra azpimarratzen dute. Norabide horretan sakontzeko, gaurkoan Bell Hooks feminista afro-estatubatuarraren hitzak gogorarazi nahi ditut, kontuan izanda, Hooksena ikuspegi bat dela gero eta indar handiagoa duen feminismo antirrazistaren olatu anitzean.

Hooksek feminismoa ertain klaseko emakume zurien mugimendu politikoa izatetik haratago pentsatu nahi zuen, uste zuen bere garaiko feminismoaren borroka tematuegi zegoela lan asalariatuaren esparruan gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bilatzen: «emakumea askatzeko giltzarria enplegua dela azpimarratzeak eragin zuen ekintzaile feminista zuri askok iradokitzea lanean ari ziren emakumeak jada askatuta zeudela» (Hooks, 2017).

Patriarkatu kapitalistaren dimentsio bat da ordaindutako lanean bizi dugun zapalkuntza, baina ez bakarra. Feminismo beltz estatubatuarrak 60ko hamarkadan argi utzi zuen zapalkuntza ororen aurka borrokatzen ez zuen feminismoa ez zela guztiontzat, ezta emakume guztiontzat ere. Hooksek mugimendu feminista zuria kritikatzen zuen bere bizitzan bertan ikusi zuelako, emakume beltzek AEBetako gizartean zegoen arrazakeria kritikatu zutenean eta arrazakeriak teoria eta praktika feministaren baitan zuen lekua azpimarratu zutenean: «emakume zuri askok, buru hutsez, bizkarra eman zioten sororitatearen ikuspegiari, beren buru eta bihotzak itxiz». (Hooks, 2017).

Arraza eta klasearekin lotuta zeuden arazoen aurrean begiak ireki zituzten emakume zuriek eztabaidagai berriak sartu zituzten feminismoan; adibidez, zalantza zuten etxeko lanerako inor kontratatu behar zuten edo ez, ez baitzuten nahi lan hori, historikoki derrigortu zaien bezala, haien gain hartu, baina ezta haiek baino pribilegio gutxiago zituzten emakumeen zapalkuntza eta desumanizazioan parte hartu ere. Dirudienez, gizonek etxeko eta zaintza lanen ardura hartzea ez zen aukera bat, a zer sorpresa!

Ertain klaseko zurien pribilegioak mantendu arren, etxeko lanaren eta arrazaren inguruan hausnarketa abiatu zuten «emakume horietako batzuek aliantza positiboak sortu zituzten haien eta kontratatzen zituzten emakumeen artean, eta, ondorioz, aurrera egin zuten injustiziaren testuinguru zabalago batean». (Hooks, 2017). Baina hori ez zen nahikoa emakume beltzentzat, haiek argi baitzuten haien lekua ez zela feminismoaren protagonista izan behar zuten emakume zurien etxeko lanen ardura hartzea, feminismoa emakume guztientzat izan behar zen eta horretarako, emakume zuri eta arrazializatuen arteko horma eraistea derrigorra zen: «emakume beltzen erresistentzia eta protesta iraunkorrak, gure ahizpa zuri erradikalekin batera, beharrezkoak izan ziren horma eraisteko». (Hooks, 2017).

Hooksen feminismoak aniztasunarekiko arreta dakar, bere idatziek argi erakusten dute nola aniztasun horrekiko ardurarik hartzen ez zuen feminismo zuriak, langile mugimenduak edo gizon beltzentzat soilik borrokatzen zuen eskubide zibilen aldeko borrokak emakume beltzak baztertu zituzten. Bere hitzetan, «emakume beltzen gainean bi ahoko arma bat zegoen: emakumeen sufragioa babesteak feminista zuriekin aliatzea zekarren, haiek publikoki arrazakeria adierazi zuten arren, eta gizon beltzen sufragioa defendatzeak, berriz, gizarte ordena patriarkal bat babestea zekarren, ahots politikoa ukatzen ziena» (Hooks, 2020).

Horrek feminismoaren oinarri erradikalak estaltzen zituelakoan zegoen bera eta lehen lerrora ekarri nahi zuen patriarkatua sakontasun handiagoaz gainditzen zuen gizarte osoaren berrantolaketa antisexista. Hori guztia kontuan hartuta, autore horrek bere pentsamenduaren bitartez feminismoa bultzatu zuen gizon eta emakumeen eskubide eta aukera berdintasunetik haratago joatera eta zapalkuntza forma ororen aurka borrokatzera. Arrazista, putafoboa, klasista, kapazitista, lodifoboa, transfoboa edo liberala bada, ez delako guztiontzako feminismoa. •