Ula Iruretagoiena
Arkitektoa
2 BEGIRADA:

Arkitekturaren gorputza

Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA
Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA

Lagun psikologoarekin espazio domestiko eta pribatuetan bizi ditudan lan prozesuak elkarbanatzen ditut, norberaren etxea eraikitzeko bidean zenbat desio-obsesio ernaltzen diren esanez, txikitan sortutako frustrazio materialak batzuk, idealizazio edo normalizazio nahi batekin nahasirik besteak, edo zenbatetan erabakiak hartzea mendi altu baten igoera bezain neketsua gertatzen zaigun, eskailera edo aplike baten kokapen eta haren eginkizun estetikoa zehazterako garaian. Eta orduantxe ohartzen gara biok bi zereginen artean dagoen lotura estuaz, giza egitura mentalak eraikitzen dituelako erabakiak eta erabakien emaitza espazioan edo gorputzetan adierazita gelditzen da.

Arkitektura egitea ezinbestean pertsonen egitura psikikoarekin lan egitea ere badelako; ezin da eraikinaren soluzioa erabaki espazioa erabili eta mantenduko dutenengan pentsatu gabe. Batak eta besteak duten forma eta egituren artean nolabaiteko elkarrizketa bat sortu behar da, ez lukete entitate banatuak izan beharko. Hau da, zenbait arkitektura-erabakiren muinean, espazioaren baldintzen irakurketaz gain, eraikitze prozesuan solaskide izango direnen egitura psikikoak berebiziko garrantzia du. Batzuetan ez dago harrera gorputzik zenbait espazio proposamen ereiteko, besteetan lanketa baten beharra dago aldaketarako prestatzeko. Eta beti, konfiantza harreman bat eraiki behar da, jokoan diren espazio eta gorputz egitura guztien artean eragiteko lekua topatu arte.

Horregatik, hainbat baldintzatzailek osatzen dute espazioaren soluzioa, eta gehienetan, egoerak posible egin duen emaitza bat da, agian, egoera deskontestualizatu batean beste bide bat ekarriko lukeenak. Beraz, emaitza onenaren kategoriak ez du kabidarik.

Lagun psikologoarekin elkarbanatzen ditut eraikinen gain irakurtzen ditudan sentsazioak ere bai. Eraikin zahar bati egin dioten eraberritze pastichean gezurrezko egur egitura erabiltzean edo energia aurrezteko sistematikan sate azalak jartzean eraikinak jasotzen duen pobrezia azaltzen diot. Psikologoak dio bere kontsultan gauza bera irakurri ohi duela zenbait gorputz egituratan. Pertsonek bizi prozesuan hartzen duten hainbat erabaki ez dira beraien benetakotasunaren garapenaren aldekoak, eta zer-esango-duten edo kolektiboki egoki-normalaren ulermenetik hartzen dira, berezko gorputz egitura ahultzen dutenak. Edo gorputzari kalte egiten dioten bizi ohiturek egitura mental eta fisikoan pobretze eragina dute. Paralelismo zuzena egiten dugu begi bistan diren trazaduretan, nik eraikinetan eta berak gorputzetan.

Ez dago begirada magiko edo espiritualik, begirada eta sentsibilitatearen trebakuntza da, beste edozein jakintza arlotan gertatzen den bezalaxe. Bat gatoz entzute ariketa fin bat egin behar dela espazio zein gorputzetan inskribaturik dagoena jasotzeko, eta behin egitura guztiak ezagututa, dagoenarekin eraikuntza egitea dela arkitektura eta psikologiaren lan-gorputza. •