Koldo SAGASTI

Ertzainen matxinada

Ertzainak borrokan omen daude; edo horixe dio, behintzat, azken asteotan kaleak protestan hartu dituen erkidegoko poliziaren talde batek. Matxinatuek, besteak beste, 1.100 euroko soldata igoera galdegiten dute eta mehatxua egin dute haien eskaria aintzat hartu ezean, Frantziako Tourrak euskal lurretan egingo dituen hiru etapetako antolakuntza boikotatu egingo dutela. Hainbestetan langileen protestak zapuztu dituzten funtzionario bertsuak orain ustezko lan aldarrikapenekin atera dira kalera, eta modu iskanbilatsu samarrean, gainera. Gasteizko Legebiltzarraren aurrean antolatu duten azkenengo elkarretaratzeetako batean trenbidea geldiarazi zuten, manifestazioaren ordena bermatu behar zuten euren lankideek besoak gurutzaturik begiratzen zieten bitartean. Erraz imajina dezakegu zein ote zen izango uniformedun horiexen erreakzioa beste edozein gremiotako langileek berdin jokatu izan balute; eta emaitza, seguruenik, odoltsua izango zen.

Herri honetan ondotxo dakigu nola jokatu duten historian zehar kolore guztietako indar polizialek bidezko eskarien aldarrian kalera atera diren langileekin. Jaio berritan ikasi genuen langile klasearen antolakuntza eta borroka zenbaitetan odolez ordaintzen dela, eta hazi ahala ere gure hezurrek estatuko agenteen makilakadak probatu dituzte behin baino gehiagotan, eta ez gutxitan espaloi horretan bertan, orain behinolako borreroek inpunitate erakustaldi lotsagarria egiten duten horrexetan.

Asteon jakin dut Auzitegi Goreneko epaile batek ebatzi duela ertzain manifestariek eskubide osoa dutela garraio publikoaren ibilbidea mozteko, hamarkadetan zehar estrata bertsu horretan milaka protesta herrikoiri bortizki galarazi zaien eskubide berbera. Zein eskubide klase ote da, beraz, funtzionario armatuei baino onartzen ez zaiena? Izango da, akaso, eskubidea baino pribilegioa dela; indarkeriaren monopolioa izateak ematen dien pribilegioa, alegia. •