Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
BICYCLE FACE

Benetako bizikleta aurpegiak

Bizikleta asmatu zenean arriskutsu ikusi zen emakumeak bertara igotzea eta era guztietako estrategiak asmatu ziren askatasun pedalkada horiek eragozteko. «Bicycle face» sindromea tartean, emakumeak itsustu eta antzutu egiten omen zituena. Naike Ereñozaga eta Laura Ortiz de Zarate kirol argazkilariek emakume txirrindularien benetako aurpegiak jaso dituzte orain.

Idoia Eraso eta Yurani Blanco txirrindulariak, lasterketatik kanpoko une batean.
Idoia Eraso eta Yurani Blanco txirrindulariak, lasterketatik kanpoko une batean. (BICYCLE FACE - SKODA)

XIX. mendean bizikleta asmatu zenean, emakumeek askatasunari metro batzuk irabazi zizkioten, pedalkadaka. Bizikletak eskain zezakeen askatasunak beldurra piztu zuen eta askatasuna handitu ahala ugaritu ziren bizikleta gainean ibiltzen ausartzen ziren emakumeen kontrako erasoak. Testuinguru horretan asmatu zuten “Bicycle face” izeneko sindromea.

Begiak zabal-zabalik, masailezurra estuturik, antzutasuna, nerbio arazoak, neurosia eta tuberkulosia. Eta, noski, arriskutsuena: emakumeen sexu desira kontrolik gabe handitzea. Horiek ziren XIX. mendean emakumeek pairatuko omen zituzten gaixotasunak orduan sortu eta hedatzen hasi zen asmakizunaren gainean, bizikletan, ibiltzeagatik.

«Gehiegizko ahaleginak, eskulekuaren gaineko jarrera tenteak eta orekari eusteko ahalegin inkontzienteak bizikleta aurpegi nekatu eta akitua sortzen dute», nabarmendu zuen “Literary Digest” aldizkari espezializatuak 1895ean. «Normalean gorritua, baina batzuetan zurbila, askotan ezpainak markaturik ageri zaizkie, itzal ilunen hasiera nabaria da begien azpian, eta beti neke aurpegiarekin daude». “Bizikleta aurpegia” izena jarri zioten garai hartako medikuek emakumearen askatasuna murrizteko asmatu zuten gaitzari.

Orain, Skoda etxeak egindako enkargu bati erantzuten, Naike Ereñozaga Orue eta Laura Ortiz de Zarate kirol argazkilariek erakutsi dute zein den emakumeen benetako bizikleta aurpegia, azken Espainiako Itzulian -maiatzaren 1 eta 7 bitartean izan zena- bertako txirrindulariek erakutsi zutena.

Naike Ereñozaga Orue (Mungia, 1977) txirrindularitzan jaio eta hazi dela esan daiteke. «Aita txirrindulari profesionala izan zen eta gero, erretiratu zenean, masajista talde profesionaletan ibili zen. Horretan aritu da jubilatu arte. Umetatik ezagutu dut mundu hori. Gure etxean beti egon dira bizikletak, denok ibili gara bizikleta artean. Baten batek txirrindulari atera behar zuen derrigor eta ni izan nintzen. Orduan nesken txirrindularitzak ez zeukan orain daukan etorkizuna eta utzi egin nuen, ikasketekin jarraitzeko. Gero triatloian ere ibili nintzen. Baina txirrindularitzari lotuta segitu nuen, beti mundu horren bueltan, lasterketak jarraitzen. Argazkilaritza ere betidanik gustatu izan zait eta lasterketetan argazkiak ateratzen hasi nintzen, kirol argazkilaritzaren arloan. Lehendabizi triatloian hasi nintzen argazkiak egiten eta, gero, txirrindularitzan».

Txirrindularitza bizitzeko beste toki bat topatu du, beraz, Ereñozagak. «Bai, lortu dut berriro saltsan sartuta egotea. Izan ere, txikitan oso sartuta egoten nintzen saltsan, aitaren inguruan. Edozein kategoriatako lasterketetara joaten ginen, profesionalen lasterketetan autoan joaten ginen... oso barrutik bizi izan dugu eta orain berriz ari naiz oso barrutik bizitzen, baina kamerarekin. Oso polita izaten ari da».

Usoa Ostolaza, erlojuaren kontrako lasterketa hasi aurretik, prestaketan (BICYCLE FACE - SKODA)

Lanaldi erdiz geologoa da eta beste erdiz, kirol argazkilaria. «Duela hiru urte hasi nintzen profesionalki txirrindularitzako argazkilari bezala, gero eta eskaera gehiago nituela ikusita. Orain eskaera mordoa dauzkat eta ezin diet denei baiezkoa eman. Ez dut ehuneko ehunean lan egiten argazkilari bezala, baina pentsatzen ari naiz eskaera nahikoa dudala erabat horretara jartzeko. Une horretan nago, gauzak pentsatzen».

Txirrindularitza taldeetatik eta lasterketen antolatzaileengandik iristen zaizkio enkargu gehienak. Aurten ilusio berezia egin dion eskaera jaso du: emakumeen Espainiako Itzulia. «Normalean gizonezkoen eta emakumezkoen Espainiako itzuliak Charly Lopez argazkilariak egiten ditu. Asko miresten dut. Aurten ezin zuen emakumeen itzulia osorik jarraitu. Elkar ezagutzen dugu, hainbat lasterketatan ibili garelako biok, eta niri proposatu zidan Espainiako Itzuliko argazkiak egitea. Sekulakoa izan zen. Niretzat Estatu mailan dagoen kirol argazkilari onenetakoa da eta berak proposamen hori egitea sekulako oparia izan zen. Hemengo Itzulia ere ezin izan du jarraitu Charly Lopezek eta niri deitu zidaten antolatzaileek. Gero eta lan gehiago daukat», adierazi du.

Une gozoa bizi du, argazkilaritza eta txirrindularitza uztartzeko aukera ematen diolako kirol argazkilaritzak. «Egia esan, inoiz ez nuen pentsatuko bi gauzak uztartu eta horretatik bizitzeko aukera izango nuenik. Oraintxe ez naiz kirol argazkilaritzan ari ehuneko ehunean, baina aukera horri buruz pentsatzen ari naiz».

Tourrerako, akreditatuta

Frantziako Tourra Euskal Herritik pasatuko den egunotan, errepide bazterrean eta bizikleta tartean ibiliko da Naike Ereñozaga. Kostatu zaio pixka bat, baina lortu du akreditazioa. «Akreditazioa eskatu nuen, baina ez neukan lortzeko itxaropen handirik. Finean, hasten ari naizen argazkilari bat naiz eta oso akreditazio gutxi ematen ditu ASOk -Tourraren antolatzailea-. Nire lanaren lagin bat eskatu zidaten eta emakumeen Espainiako Itzuliko argazkiak bidali nizkien. Eta, azkenean, lortu dut akreditazioa. Oso pozik nago. Tourrerako akreditatuta egotea sekulakoa da. Printzipioz ez daukat enkargurik, baina txirrindularitza argazkilaria izanda eta Tourra etxe ondotik pasatuta, ezin nuen aukera galtzen utzi».

Andrea Perez urduri lasterketa hasi aurretik, kide baten besarkada jasoz (BICYCLE FACE - SKODA)

Eta badu erronka jarrita: Wout van Aert. «Izugarri gustatzen zaidan txirrindularia da eta argazkiak egin nahi nizkioke. Nire txirrindulari gustukoena da eta badakit Tourrera datorrela. Aita izango omen da eta horren arabera, beharbada, planak aldatuko ditu. Baina, horrez gain, izugarrizko ilusioa egiten dit Tourra etxe ondotik pasatzeak. Eta bereziki pozten nau nire semeak ere hori guztia bizitzeak».

«Bicycle face» proiektua

Gatozen Skodak egindako enkargura: «Bicycle face» proiektua. Emakume argazkilarien begirada emakume txirrindularien gainean jarrita. Hori da proiektuaren funtsa.

XIX. mendean asmatu zuten bizikleta aurpegia izeneko sindrome hark ez zituen emakumeak bizikletatik jaitsarazi eta horren seinale da emakumeen txirrindularitza egiten ari den bidea. Hori jaso nahi izan dute argazki proiektu horretan Ereñozagak eta Ortiz de Zaratek. Kanarietako kirol argazkilaria, azken hori.

«Lan asko egiten dut emakumeen txirrindularitzan eta sekulako poza ematen dit nola hazten ari den ikusteak. Nire garaian -1990eko hamarkada hasieran- asko maite genuelako eta oso ondo pasatzen genuelako ibiltzen ginen txirrindularitzan, baina bagenekien ez genuela ibilbide luzerik egingo. Orain aldatu egin da hori eta sekulako poza ematen dit».

Aldatu da panorama, baina bada zer hobetua oraindik. Horren adibide da duela aste batzuk bertan behera utzi behar izan zutela “Tour des Pyrénées” lasterketa. Antolaketa txarraren ondorioz, sekulako kaosa gertatu zen, ez zen trafikoa itxi lasterketarako eta txirrindulariek trafiko irekiarekin aritu behar izan zuten, horrek dakarren arriskuarekin. Azkenean, berez hiru egunekoa zen lasterketa bertan behera geratu zen azken egunean. Eta ordurako talde batzuk erretiratuta zeuden, haserre, pentsatzekoa denez. «Maila altuko lasterketa zen, oso ederra, ondo antolatuz gero. Azkenean, segurtasun arazoengatik, bertan behera geratu zen. Hori ez litzateke inoiz gertatuko gizonezkoen lasterketa batean, ezta amateur mailan ere. Emakumezkoen gorengo mailan gertatu da eta ziur aski jende asko ez da enteratu ere egin. Oraindik asko daukagu egiteko».

Naike Ereñozaga Orue kirol argazkilari mungiarra (BICYCLE FACE - SKODA)

Egiteko dagoen bide horretan harri bat gehiago jarri nahi dute Ereñozagak eta Ortiz de Zaratek, emakumeen txirrindularitzak egun dauzkan aurpegiak kamerarekin harrapatuz. «Saiatu gara jasotzen ez bakarrik lasterketako momentuak, baita hortik kanpokoak ere. Lasterketa aurrekoak eta ostekoak oso garrantzitsuak dira. Lasterketan zehar ahalegina eta kontzentrazioa irudikatzen zuten irudiak jasotzen ahalegindu gara. Baina lasterketaren aurretik ere badira oso une ederrak eta bereziak. Lehen etapa erlojuaren kontrakoa izan zen eta niretzat oso berezia izan zen abiatu aurretik txirrindulariek zituzten emozioak jaso ahal izatea. Erlojuaren kontrakoaren aurretik beroketan aritzen dira, arrabolean. Oso une intimoa da eta berezia izan da hor egon ahal izatea. Txirrindularia oso kontzentratuta egoten da eta zu kirolariaren atmosfera horretan sartzen zara... oso une magikoa da», azaldu du mungiarrak.

Izerdi patsetan dagoen kirolariaren begi gorrituak. Horixe jaso du beste irudi batean. «Irudi horiek asko kontatzen dute. Espainiako Itzuliko lehen etapa da, erlojuaren kontrakoa, eta txirrindularia horretara dago erabat. Begietan ikusten da gero etorriko denaren printza bat».

Urduritasuna ere sumatzen da bizikleta aurpegietan. «Bazen neskato bat lehenbizikoz parte hartzen zuena UCI lasterketa batean. Abiatu baino lehen, negarrez hasi zen, seko urdurituta. Beste txirrindulari bat gerturatu zitzaion besarkatzera. Une horiek ere jaso ditugu».

“Bicycle face” proiektua oraingoz sarean bakarrik ikus daiteke, Skodaren webgunean. «Uztailean Madrilen jarriko dituzte argazkiak, erakusketa fisiko batean. Eta gero, erantzunaren arabera, toki gehiagotara eramateko asmoa dute. Izugarrizko ilusioa egingo lidake erakusketa Euskal Herrira ekarri ahal izateak. Ia, ikusiko da».

Denbora da poligrafo bakarra. Bicycle face sindromearen mehatxua jasan zuten emakumeek burua altxatuko balute, zer ikusiko lukete? Ereñozagak garbi dauka: «Gizonen txirrindularitza moduetatik oso hurbil dagoen emakumeen txirrindularitza bat ikusiko lukete. Badaude desberdintasunak. Horietako bat, emakumeena askoz gertuagoko txirrindularitza bat dela. Gizonezkoenak ez luke hain urruna izan beharko. Baina burua altxatuko balute, emakumeen lasterketa ederrak eta oso lehiatuak ikusiko lituzkete».

Marina Garau (BICYCLE FACE - SKODA)