Gorka ELEJABARRIETA
{ DATORRENA }

Espainiar Estatua eta Erresuma Batua

Estatu espainiarra ez da Erresuma Batua, eta ez da izango. Tariq Aliren “Winston Churchill, His times, His crimes” liburua irakurtzen ari naiz, bertan Alik kontatzen dituenak oso presente ditut, ez dut Erresuma Batuaren historia zurituko, ezta gutxiago ere. Ez da hori nire asmoa. Duela urte asko irakurri nuen Nelson Mandelaren “Long Walk to Freedom” liburua ere, eta oraindik gogoan dut Mandelak Erresuma Batua eredu hartzen zuela hainbat gaitan. Orduan asko harritu ninduten Mandelak idatzirikoek. Geroztik bizitzak eta militantziak maiz eraman naute Londresera, Westminsterrera, euskal gatazkaren konponbidearen aldeko babesa eskatzera, edota britainiar gizarte zibilarekin, sindikatuekin edo elkartasun eta gatazka konponbide taldeekin lan egitera. Irlanda eta mugimendu errepublikanoa ere ondo ezagutzen ditudala esango nuke. Pribilegioa izan da bidearen parte bat haiekin batera egitea. Zenbat eta zenbat lagundu gaituzten. Beti errebelde. Irakurritakoetatik, ikasitakoetatik eta bizi izandako esperientzia eta une horietatik guztietatik diot berriz ere Espainiar Estatua ez dela Erresuma Batua. Zer esan nahi dut, beraz?

Irlandan mota guztietako sarraskiak eta gizagabekeriak burutu zituzten britainiarrek, baina pragmatismo eta errealitate printzipio hotzen oinarrietatik gai izan ziren urteetan, hamarkadetan, belaunaldi luzeetan eraikitako errelatoaren kontra, gatazka politikoari konponbide politikoa bilatzeko. Elkarrizketaren, negoziazioaren, akordioaren eta akordioen inplementazioaren bidez. Norekin eta ordura arte etsai izandakoarekin batera. Etsaia arerio bilakatu zen eta konponbide prozesua, bide konpartitu, zail eta gorabehera eta arantzaz beterikoa. Baina bide horrek Irlandako hegoaldea eta iparraldea noizbait batu ahal izateko mekanismoak zehaztu zituen. Egoera eta zatiketaren onarpen printzipiotik hasita, bide horrek bi erreferendum eta bi gehiengo eskatzen ditu batasuna gauzatu ahal izateko. Iparraldean, erreferendum bat eta batasunaren aldeko gehiengo bat. Eta hegoaldean, beste erreferendum bat eta batasunaren aldeko gehiengoa ere bai. Orduan izango da irla osoa herrialde bakarra, Irlanda. Gaurkoan prozesu horretan parte hartu zuen estatuetako baten rola goraipatzera nator. Erresuma Batuarena, gai izan baitzen demokratikoki prozesu erabakitzaile batean engaiatzeko. Espainiar Estatuak ez du oraindik ere horrelakorik egin. Ez du Euskal Herriaren eta estatuaren arteko gatazka politikoa konpontzeko bide demokratikorik aurkeztu, ez eta prozesu demokratikorik proposatu. Irlandako iparraldeak erabakitzeko eskubidea onartua du. Ostiral Santuko akordioa irlandar subiranotasunaren Argitasun Legea da.

Eskoziak ez du erabakitzeko eskubidea onarturik. Eta hala ere, Eskoziak Londresekin adosturiko independentzia erreferendum bat burutu zuen. Erresuma Batuaren rolean zentratuz, ordura arteko bere posizio politikoa moldatu zuen eta Eskoziako Parlamentuan gehiengo argi eta iraunkor bat egon zenean kapaz izan zen printzipio demokratikoak lehenetsi eta eskoziarren hitza eta erabakia errespetatuko zituen prozesu bat adosteko. Espainiar Estatuak ez du sekula horrelakorik egin. Eta ez dirudi egingo duenik. Bere interesak eta bere ideologia nazionalista printzipio demokratikoen aurretik jartzen ditu. Alderantziz jokatzen du partida. Are gehiago, ez du partidarik jokatzen eta ez dio inori jokatzen uzten.

Gatazka politiko baten konponbide aukeraren aurrean, eta errealitate demokratiko independentista baten aurrean, Erresuma Batuak bere posizioa aldatu eta bi kasuetan printzipio demokratikoetan oinarrituriko konponbidea hobetsi du. Horregatik diot Espainiar Estatua ez dela Erresuma Batua.

Irlanda gure gatazkaren konponbiderako itsasargia izan zen duela kasik 30 urte. Euskal Herrian Irlandako Foroa sortu zuten 1996an hainbat alderdi, eragile eta sindikatuk. Foro hura izan zen Lizarra Garaziko prozesuaren hazia. Egun Irlanda eta Eskozia dira, nire ustez, gure herriak independentziarako bidean jarraitu beharreko itsasargi argiak. Jakinik, ondo ikasi dugun bezala, Espainiar Estatua ez dela Erresuma Batua, baina guri bi bideak batera egitea dagokigula ulertuta: Irlandarena eta Eskoziarena. Prozesu formala, klasikoa, une oro elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa bilatuko dituena. Autodeterminazio eskubidearen onarpen formala bilatuko duena. Baita Eskoziarena ere, autozentratua, esparru guztietan independentziaren aldeko gehiengo argiak eraikiko dituena. •