Salbuespen egoera ezarri zenetik egon diren urraketak salatu ditu Cristosalek
2022ko martxoaren 26an, El Salvadorko presidente Nayib Bukelek Legebiltzarrari salbuespen egoera ezartzea agindu zion «maren kontrako gerraren» aitzakiapean. Cristosal gobernuz kanpoko erakundeak legez kanpoko atxiloketak, tratu txarrak eta 153 presoren heriotza salatu ditu, besteak beste.
Nayib Bukele El Salvadorko presidenteak Legebiltzarrari salbuespen egoera ezartzea agindu zion 2022. urteko martxoaren 26an Twitter bidez zabaldutako txio batean. Arratsaldeko zortziak eta lau minutu ziren. Bost minutu geroago, Legebiltzarreko presidenteak, Ernesto Castrok, «premiazko» bilkura batera deitu zituen diputatuak gau horretan bertan. Ondorengo egunean, martxoaren 27an, salbuespen erregimena ezartzen zuen araua, 333 Dekretua, argitara eman zuten. Bost artikulu besterik ez dira. Segurtasun indarrei botere guztiak ematen dizkie dekretuak eta berme konstituzionalak bertan behera uzten ditu. Bukeleren hitzetan, «herritar gehienentzat bizitzak normal jarraituko du». Baina, Cristosal gobernuz kanpoko erakundeak salbuespen egoeraren baitan milaka herritarren giza eskubideak urratu direla salatu du aurkeztu berri duen txostenean. Bukeleren «populismo punitiboa» gogor gaitzetsi du.
Gobernuak emandako datuen arabera, 2022ko martxoaren 26tik 66.000tik gora pertsona atxilotu dituzte eta «beste 30.000 falta» direla ohartarazi du.
«Salbuespen egoeraren helburua El Salvador pairatzen ari zen biolentzia uholdea etetea zela argudiatu zuen Gobernuak. Soilik hiru egunetan 87 herritar hil zituzten marek. Testuinguru horretan, Bukelek berme konstituzionalak bertan behera utzi zituen. Estatu biolentzia nagusitu da, bereziki pobreen kontra. Aurretiazko ikerketarik egin gabe, milaka pertsona atxilotu dituzte. Torturak eta tratu txarrak jasan dituzte espetxeetan zirela. Maren izua pairatzetik Estatuaren biolentzia sistematikoaren mehatxupean bizitzera pasatu dira salvadortarrak», nabarmendu du Cristosalek.
Lehenengo hamabi hilabeteetan, 3.275 salaketa jaso zituen; %85,5 gizonezkoak ziren, %13,9 emakumezkoak eta 55, LGBTIQ+ komunitateko kideak. Atxilotu gehienak (%58,7) 18 eta 30 urte bitartekoak dira eta %1,2, nerabeak (12-17 urte).
«Atxiloketek komunitate ehunei eta familia nukleoei eragin diete, batzuetan, haien komunitateetan liderrak diren pertsonak atxilotzen dituztelako, eta, gainera, emakumeei zaintza karga bikoitza, eta batzuetan hirukoitza, ezartzen dietelako; hala nola, etxeko arduradunei, beren familiartekoek (lankideak, anai-arrebak, gurasoak edo seme-alabak) aurre egin behar dieten prozesuetako langileei eta laguntzaileei», plazaratu du.
Atxiloketa gehienak arbitrarioak direla salatu du Cristosalek. Honako giza eskubide urraketa hauek identifikatu ditu egindako ikerketan: agindu administratiborik edo judizialik gabeko atxiloketak; ikerketarik egin gabeko atxiloketak; etxebizitzen legez kanpoko miaketak; salaketa anonimoetan oinarritutako atxiloketak; askatasun agindu judiziala duten pertsonak bigarren aldiz atxilotzea; aurrekari penal edo polizialetan oinarritutako atxiloketak; tatuajeak eramateagatiko estigmatizazioa eta familiei espetxeratzearen berri ez ematea.
«Atxiloketa gehienak agindu judizialik eta aldez aurretik ikerketarik egin gabe dira. Salbuespen erregimenaren aitzakiapean egindako atxiloketa masiboak orokortuak dira», gaineratu du erakundeak.
Bizilekuaren miaketa
«Salbuespen erregimeneko dekretuak ez du bertan behera utzi bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea; beraz, etxean agindu judizialik gabe, engainuen edo bortxaren bidez sartzea eta pertsona bat atxilotzea eskubide urraketa da. Hori legez kontrakoa dela jakitun, segurtasun indarrek atxiloketa beste leku batean izan dela esaten dute», azaldu du Cristosalek.
«Gauez iritsi ziren, baimen judizialik gabe. Ez zuten sikiera beren izena esan. Etxean zenbat gizon zeuden galdetu zioten soilik eta ia anaiarik ote zuen. Ezetz erantzun zien. Bera bakarrik zegoela. Orduan bera atxilotu zuten. Soldadu batek bere kideei atxilotu ez zezaten eskatu zien. ‘Zertarako eramango duzue?’, galdetu zien. Beste batek ikerketa kontuengatik zela erantzun zion. Matrikula pribatuak zituen auto gris batera igo zuten atxiloketaren motiboa esan gabe, soilik bera ikertzen ari zirela», azaldu dio Cristosali atxiloketa baten lekukoak.
Salaketa anonimoak
Azken hilabeteetan, salaketa anonimoetan oinarritutako atxiloketak ugaritu direla ohartarazi du GKEak. Salaketa horiek, hein handi batean, 123 telefono zenbakia erabilita egiten dira kontu-garbitzeak, familien edo bizilagunen arteko gatazkak eta lan arazoak direla eta.
Ondorengo kasua jaso du Cristosalek: «23 urteko enpresa sortzailea, 2022ko uztailean atxilotua. Elikagaiak saltzen zituen familia enpresa bat zuen. Ez zuen aurrekari penalik. Atxilotua izan baino hilabete lehenago, mozkortuta zegoen bizilagun batek mehatxu egin zion, berak hala nahi bazuen polizia-etxean salatuko zuela bandakide izateagatik. Ondoren, familia poliziaren probokazioak pairatzen hasi zen. Bere lantokira eta bizilekura joaten ziren poliziak galderak egitera. Gidatzen ari zela atxilotzen zuten, agiriak eskatu eta maiz jotzen zuten. Jazarpenak atxilotu zuten arte iraun zuen. Tratu txarrak jasan zituen. Telefono bidez egindako salaketa anonimo batengatik atxilotu zutela esan zioten familiari».
Bi aldiz atxilotua
Kasu batzuetan, espetxe zuzendaritzak presoari ukatu dio epaileak behin-behineko atxiloketaren ordez agindutako baldintzapeko askatasuna eta legearen kontra bada ere, espetxeratuta jarraitu du.
Beste batzuetan, berriz, presoa kartzelatik ateratzear zegoela, bigarren aldiz atxilotu dute. Polizia kartzelaren atean zain egon ohi da. Aske gelditu bezain laster, atxilotu egiten dituzte berriro ere espetxetik atera berriak. Gertuen dagoen polizia-etxera eraman eta berriro ere atxilotu egiten dituzte beste delitu bat leporatuta eta beste epaile baten eskutan uzten dute auzia.
Jardunbide horiek legez kanpoko atxiloketak dira, eta epaiketa bikoitza da, egitate berberengatik auzipetzen dituztelako, bi delitu desberdin egozten dizkietelako eta epaile desberdinek epaitzen dituztelako.
Badago hirugarren modalitate bat: espetxe barruan atxilotzea. Abokatuek eta presoek beraiek aditzera eman dutenez, ziegatik atera eta «berrogeialdia» izenez ezagutzen den tokira eramaten dituzte. Bertan bost edo hamar egunez egon ohi dira. Aske geldituko direla esaten diete, baina behin irteerako atean daudenean, funtzionarioek poliziaren eskutan utzi eta «talde terroristako» kide izateagatik bigarren aldiz atxilotzen dituzte. «Eguerdi aldean deitu gintuzten libre geldituko ginela esateko. Hamar bat ginen, baina biri ordurako esan zieten aske geldituko zirela eta ez zen hala izan. Barre algaraka hasi ziren, guk ez genuen ulertzen zergatik. Lau lagun sartu gintuzten bi pertsona sartzen diren ziega batean. Zortzi egunez egon ginen bertan. Beste ziega batean zeuden bost pertsona atera zituzten. Ordu batzuk pasatu ondoren, itzultzen ez zirenez, libre egongo zirela pentsatu genuen. Baina, hara non berriro ekarri zituzten. Horrek atsekabetu egin gintuen. Hiruak aldera, deitu egin gintuzten aterako ginela esanez. Agiri bat sinatu behar izan genuen kartzelatik irtengo ginela esateko. Ateratzeko ohiko prozedura guztia eginarazi ziguten. Ateraino eraman gintuzten. Kartzelaren sarreran dagoen etxolan, poliziak ikusi genituen. Begiraleak gure dokumentuak eman zizkien eta berriro ere espetxera». 22 urteko gazte baten lekukotasuna da.
Desagertuak
Atxilotuen senideei laguntza juridikoa ere ematen die Cristosalek. Nahiz eta espetxez espetxe galdetu, maiz ez diete esaten atxilotutako senidea non dagoen, ezta zein den bere osasun egoera ere.
«Atxilotuaren egonlekua eta bere osasun egoera dira familien kezka nagusia. Askotan ez dute horren inguruko informaziorik jasotzen. Batzuetan, poliziak, fiskalak edo espetxe arduradunek pertsonaren izena oker errejistratzen dute; beste batzuetan, atxilotuak adimen desgaitasuna duelako modu okerrean erregistratzen dute. Eta, atxilotua legez kanpo hil bada, haren heriotza isilarazten dute. Atxilotuei buruzko informazioa emateko eskumena duten erakundeek ez dute halakorik egiten. Adin nagusikoak diren atxilotu guztien erregistroaren eskumena du Gorte Gorenak. Baina, salbuespen erregimenean harrapatutako pertsonen kasuan ez du presoei buruzko informaziorik ematen. Informazio falta eta atxilotuen erregistrorik ez egotea nahita egindako opakutasun praktika da, atxilotuak non dauden jakitea eragozten duena eta familiei ziurgabetasuna eta sufrimendua eragiten diena», azpimarratu du Cristosalek.
Espetxean hildakoak
2022ko martxoaren 27tik 2023ko martxoaren 27ra, 139 pertsona hil ziren atxilotuta zeudela; horietatik 135 gizonak ziren eta lau, emakumeak. Apirilean 14 preso hil ziren. Salbuespen egoera indarrean sartu zenetik, guztira, 153 pertsona hil dira orain arte preso edo atxilotuta zeudela, baina, Cristosalek ohartarazi duenez, «oso litekeena da kopuru hori handiagoa izatea».
Hildako gehienak gazteak dira; %46,3k 18 eta 38 urte bitarte zituen, eta %40,5ek 38 eta 48 artean.
Heriotzaren arrazoiari dagokionez, Osasun Publikoko arduradunek kartzelan hartutako gaixotasun baten ondorioz edo gaixotasun kroniko batengatik izan zela esan ohi dute, nahiz eta preso hartu aurretik gaixotasunik ez eduki.
30 kasutan heriotza «edema» baten ondorioz izan zela ageri da auzi medikuen txostenean; beste lautan, bihotzekoa izan zela. Horietatik bik ez zuten botikarik jaso.
Cristosalen ikerketaren arabera, 17 kasutan Estatuak presoari mediku arreta egokia emateko duen beharra ez zuen bete edo presoari ez zion beharrezkoa zuen botika eman, nahiz eta senideek kartzelara eraman. Salbuespen erregimenean egindako atxiloketen kasu guztietan bezala, Estatuaren zaintzapean hil ziren pertsonak pobrezian eta/edo banden mende edo kontrolpean bizi ziren, eta polizia agenteek edo militarrek egin zituzten atxiloketak, nahiz eta atxilotuetako asko aurretik ere banden biktima izan. Delitu talde horien kolaboratzaile gisa edo salaketa anonimoak egiteagatik, tatuaje artistikoak izateagatik, poliziekin edo militarrekin gatazkak izateagatik, aurretiko polizia miaketengatik, deportatuak izateagatik edo aurretiko atxiloketengatik, talde batetik erretiratu izanagatik edo horiei buruzko tatuajeak egiteagatik atxilotu zituzten.
Ondorengo kasua jaso du Cristosalek: «52 urteko gizona. Denda txiki bat eta errota bat zituen. 2018. eta 2019. urteen artean, bandakideak armatuta eta drogatuta joaten zitzaizkion dendara astean behin. Elikagaiak eman behar zizkien mehatxupean. Behin baino gehiagotan, bandakideek etxearen kanpoaldean tiro egin zuten. Hori zela eta, beldur zen familiari min egingo ote zioten. Akusatu eta atxilotu egin zuten, gaizkile laguntzaile gisa. Espetxe zaintzaren arabera, garuneko edemaren ondorioz hil zen».
Jazarpena
30 urteko gaztea: ibilgailuan bidaiak egiten aritzen zen horretarako baimenik izan gabe. Poliziek etengabe jazartzen zuten, ez baitzuen onartu haietako bati ibilgailua saltzea. Etxean zegoela atxilotu zuten; poliziek ezagutzen zutenez, ez zizkioten eskuburdinak jarri. Haietako batek esan zion bazekiela ez zebilela giro txarretan, baina aginduak aginduak zirela, eta haiek eramaten ez bazuten, beste batzuek egingo zutela eta okerragoa izango zela. Atxiloketa dei anonimo baten ondorioz izan zen. Itota hil zen».
Salbuespen erregimenean Estatuaren zaintzapean gertatutako heriotzak publikoak diren arren, agintari fiskalek, polizialek eta espetxeetako agintariek ukatu egin dute poliziaren eta espetxeetako administrazioaren inolako erantzukizunik, ikerketa penalik egin gabe.
Osiris Luna Zigor Zentroen zuzendari nagusiak garrantzia kendu die heriotza horiei, eta erantzukizuna egotzi die hildakoei: «Espetxeetan hildako askok lau erikortasun mota zituzten eta beste batzuek kimioterapia tratamendua jasotzeari uko egin zioten».
Adierazpenak ez datoz bat erakunde horrek egindako ikerketekin; izan ere, ikerketa horien arabera, presoek ez dituzte senideek kartzelara eramandako sendagaiak jasotzen edo minarengatik kexatzen direnean ez dituzte artatzen.
Familiak ez du inolako informaziorik jasotzen, ezta presoa kartzelatik ospitalera lekualdatzen dutenean edo hiltzen denean ere. Gorpuari autopsia egin diotenik ere ez diete esaten senideei, are gutxiago emaitzen berri ematen.
Presoa ospitalean hiltzen denean, senideei ziurtagiria ematen diete heriotzaren erregistroa egiteko. Gehienetan, gaixotasun edo gaitz kroniko baten ondorioz hil dela ageri da -hala nola, biriketako edema bat, pneumonia, bihotzekoa, tuberkulosia, giltzurrun gutxiegitasuna, buruko odoljarioa...-, nahiz eta espetxeratutako gehienek aldez aurretik gaixotasunik ez izan.
Cristosalek egiaztatu ditu indarkeria zantzuak dituzten gorpuen argazkiak. Gutxienez, 28 pertsonak heriotza bortitza izan zuten torturagatik, kolpeengatik, itolarriaren ondoriozko asfixia mekanikoagatik edo lesioengatik.
2022ko apirilaren 18an atxilotu zuten 23 urteko gaztearen gorpuak kolpe markak zituen gorputzeko hainbat lekutan. Hanka eta eskuetan hausturak zituen eta erredura zauriak, sorbaldan. Zerraldo itxi batean eman zioten gorpua familiari. «Bat-bateko heriotza» izan zela esan zuten.
Hurrengoa 32 urteko gizon baten kasua da. Auzitegi medikuen arabera, bularralde larriko trauma itxiaren ondorioz hil zen. Sabelaldean kolpeak, ukondoan zauri sakon samarrak eta zortzi hematoma inguru zituen bi belaunetan, ukondoan, ezkerreko besaurrean eta eskumuturraren inguruan. Atxilotu zutenean, poliziek jipoitu egin zuten.
44 urteko nekazari bat lau hilabetez egon zen preso. Atxilotu zutenean, ez zuen gaixotasunik. Ospitalean hil zen hilabetez ingresatuta egon ostean. Pneumoniagatik hil zela esan zuten agintariek. Baina, gorputzean zauriak zituen eta oso argal zegoen. Hurbilekoek «ezagutezina» zela adierazi zuten.
Bizi baldintza eskasak
Atxiloketa masiboen ondorioz, presoen bizi baldintzek nabarmen egin dute okerrera. 70 pertsonarentzako ziega batean, 250 daude. Leihoak burdinaz estalita daude; ateko zirrikitutik soilik sartzen da airea. Preso askok konortea galdu ohi dute oxigeno faltagatik eta tenperatu altuengatik. Ur eskasia ere nabarmena da. Kasu batzuetan, egunean soilik baso bat ur edan dezakete edo ur botila txiki bat ematen diete. Gutxieneko osasun, garbitasun eta higiene baldintzak ere ez dituzte betetzen El Salvadorko espetxeek.
Kexatzen diren, gauez hitz egiten duten edo funtzionarioen aginduak betetzen ez dituzten presoak zigor ziegetara eramaten dituzte. Txikiak, ilunak eta oherik gabekoak dira. Batzuetan ez dago komunik, eta presoak ez du bainatzeko baimenik. Preso ohien lekukotasunaren arabera, batzuk ez dira bizirik atera eta beste batzuk, desnutrizioarekin.
«Behin, giza eskubideen defendatzaile batzuk etorri ziren espetxera. Atzerritarrak ematen zuten. Tratu txarrak salatzen bagenituen elektrodoekin hilko gintuztela esan ziguten», adierazi zion preso ohi batek Cristosali.