Miren AZKARATE BADIOLA

Segi dezagun dantzan, segi dezagun ametsetan

Bi hilabete eskas igaro dira gaur bezala hauteskunde aurreko eguneko testu hau idaztea tokatu zitzaidanetik. Aurrekoan abesteko eskatu nizuen eta aizue, emaitzak ez ziren txarrak izan, kar, kar… Beraz, nahi baduzue, honetan ere abestu dezakegu, hamaika abesti datozkit burura, baina zer iruditzen zaizue hau? «Segi dezagun dantzan, segi dezagun ametsetan, zu eta ni batera geldiezinak gara».

Ez da emaitzak ez zirela txarrak izan, onak izan ziren, oso onak. Eta oraindik hobetu daitezke bihar eta datozen hauteskundeetan.

Onena niretzat orain arte garaiezin sentitzen ziren jeltzaleen noraeza ikustea izan da. Hegemonia amaitu ote zaie? Gehien maite dutena, boterea, esku artetik nola doakien ihesi bizitzen ari dira eta urduri daude, oso urduri. Hainbeste, non boterean jarraitzeagatik edozer (eta edozer diodanean, edozer da) egiteko prest daudela erakutsi duten inoiz baino argiago. Ez naiz hasiko adibide guztiak zerrendatzen, baina deigarrienak Durangon eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan gertatutakoak izan dira. Ba horixe: haien amak ere saltzeko gai dira ezker independentisten gainetik geratzeko eta boterean jarraitzeko. Eta behin lortuta, zer da egin duten lehen gauza? Haiek alkatetza lortu duten herrietan alkateen soldatak igo!!

Guk herria eta herritarrak maite ditugu gehien, ez boterekeria. Eta herriak ikusi du hau horrela dela, emaitzak ikusi besterik ez daude. Oinarri guztiaren indarra, guzti-guztiona, beharko dugu Madrildik datozen eskuin zaunkak jasan eta haiei aurre egiteko. •