Bueltan
Hamahiru urte nituela ezagutu nuen. Berak hamabi zituen. Ongi konpondu ginen eta hurrengo udatan elkartzen segitu genuen. Ikusi bitartean, gutun pila bat idazten genizkion elkarri. Azaldu izan dut lerro hauetan zer ilusio egiten didan buzoia zabaltzeak, eta nik uste hor dagoela emozio horren jatorria. Geroztik bakoitzak bere bidea egin dugu, urtebetetze oro zorionduz. Kandelei 26 aldiz putz egin ondotik, orain kanpin berean topatuko gara. Ez dakit nolakoa izanen den topaketa: deja vu bat biziko dudan, lehen bezain ongi ulertuko dugun elkar... Bueltan kontatuko dizuet.
«Sanferminak, Berako bestak, Igantzikoak, eta akabo uda!», erraten dugu urtero, hamahiru urterekin bezala orain, bizitzaren zikloa zer ziztuan doan adierazteko. Behar ditugu egun seinalatuak. Bertzela dena berdina da, egun amaigabe baten gisakoa. Pandemian ikusi genuen.
Helduak aditzen ditut lehengo kontuak oroitzen: ez dakit nork goizetan anis txupitoa edaten zuela eta 90 urte bizi izan zela, gaur egun aldiz dena dela debekua... Ondoan, futbolean ari dira mutiko koskor batzuk -bai, aniztasun gehiago ikusten hasi bagara ere, tamalez ohiko irudia da hori-. Gustatzen zait haiek entzutea. «Nire etxeko arauak dira, ez zureak», dio batek. Afaltzeko eta lotarako ordutegiez ari dira. Eta ni, zertan ari naiz? Agenda betetzen... Ezusteko batek geldiarazi eta lehentasunak argitzen dizkidan arte.
Gauzak hasi orduko bukatzen direla iruditzen zait, eta amaitu orduko pasatzen garela hurrengora. Are gehiago: ez dakit zenbat gauza egiten ditugu aldi berean, eta egitekorik topatzen ez dugunean, urduri jartzen gara.
Abuztua bada nolabait “0 denbora”, eta hori desio dut, izan dadila bizitzen ari garenaz jabetzeko aukera, lasai solastatzeko, sakontzeko, egin nahi dugun aldaketaren bat egosteko. Gurpilak bueltaka jarraituko du irailean. •