Maitena Usabiaga
Sexologoa, psikologoa eta Zesua zentroko arduraduna
3 BEGIRADA:

Aje eder agurgarria:

Gorroto zaitut eta nire burua gorroto dut, etorri zarelako.
Gorroto zaitut eta nire burua gorroto dut, etorri zarelako. (GETTY IMAGES)

Ederra hitza zure ondoan jartzeak jada min ematen dit. Ez zara ederra ez, itsusia zara, deserosoa, nazkagarria. Gutxien gustatzen zaidana. Gorroto zaitut eta nire burua gorroto dut, etorri zarelako. Gorroto dut mozkortu behar izatea, kontrola galtzea, ez gogoratzea, deskonektatu behar izatea. Gorroto dut onartzea horrela ere ni naizela. Ni ere horrelakoa naizela.

Bere onetik ateratzen den hori ere banaiz, azkena eta etxera esan eta betetzen ez duena, askotan zaintzen ez den hori, arduratsua ez dena. Hau da nitaz gutxien gustatzen zaidana, gehiegitan bizi izan zaitut. Gehiegitan, beti da gehiegi. Eta ez pentsa zu ez etortzeko zerbait egiten dudanik, ez ez! Batzuetan dei egiten zaitudala dirudi, bilatu egiten zaitudala, baita aurkitu ere. Eta zertarako deitu gorroto bazaitut?

Zertarako… txiki sentitzeko, kaka bat naizela pentsatzeko, haurra nintzenean bezala, negarrari emateko. Lotsa inoiz ez bezala sentitzeko, zaurgarri sentitzeko, beldurti, ezegonkor. Beldur naizela adierazteko, batzuetan bizitzak nekatu egiten nauela adierazteko. Nitaz nekatuta nagoela oihukatzeko, arduratsua izateak nekatu egiten nauela esateko. Alaba ona, lagun ona, maitale ona, herritar ona… izateaz kokoteraino nagoela konturatzeko. Dirudienez ezin dut huts egin. Eta huts egiten dut, nola ez ba! Zu etortzen zaren bakoitzean, oso ondo aurpegiratzen didazu hori. Zaplazteko ederra jasotzen dut behintzat.

A zer nolako harreman eskasa dugun. Maiz saiatu naiz zu beste begirada batetik ikusten, ikuspuntu desberdin batetik ulertzen, baina zaila egiten zait. Ulertzen dut batzuetan ihes egiteko beharra dudala, askatzeko. Argi dut modua ez dudala gustuko, eta era berean, badakit batzuetan hori, horrelakoa ere banaizela. Askatzeko baimena ematen diodala neure buruari, biharkoak bost axola didala eta nahi dudan bakarra gustura nagoen leku horretan egotea dela. Modua ez zait gustatzen. Gero zu heltzen zara, zure indar eta gorroto guztiarekin, eta hori gutxiago gustatzen zait. Zer esango dizut, batzuetan ez zait nire burua gustatzen, batzuetan ez dut nire burua zaintzen. Halaxe da.

Etortzen zarenean, indar handiz etortzen zara, guztia okupatzen duzu. Ematen du hori bakarrik naizela, ematen du ni zu naizela eta zu ni zarela. Izugarrizko boterea ematen dizut, guztiz desorekatua, guztiz injustua. Badakit ez dela justizia kontua eta, era berean, zu zatozenean izugarrizko epaiketa eraikitzen dut. Inguruko epailerik gogorrenarekin gertatzen da, noski, neurekin. Guztiaren erruduna naiz. Egin eta egin ez ditudanengatik. Begirada zikintzen didazu eta nik zikindu nazazun uzten dizut.

Ez dizut esango gehiago ez etortzeko. Ukatu zaitudanetan, indartsuagoa bihurtu zara, eta berriz etorri zarenean, min handiagoa hartu dut. Askoz gutxiago etortzea nahi dut, horretan saiatuko naiz. Nire burua zaintzen saiatuko naiz, zu zaudenean eta ez zaudenean. Saiatuko naiz ihes egiteko arrazoiak ez izaten, naizena ulertzen.

Bestondo maite hori, joan zaitez pikutara! •