Gilen Txintxurreta Beitia - @GilenTxintxu
Arkitektoa
3 BEGIRADA:

Zaharrak berri

Ilustrazioa: GILEN TXINTXURRETA BEITIA
Ilustrazioa: GILEN TXINTXURRETA BEITIA

Zergatik ez da lehengoa bezalako arkitektura egiten? Gero eta sarriago irakurtzen dut galdera hau sare sozial zein egunkarietan. Behin baino gehiagotan galdetu didate lagunek ere, eta nola erantzun jakin gabe geratu naiz askotan. Historia orainera ekarri gaituen bidea bada, egungo arkitektura prozesu horren ondorio logikoa da. Hortaz, egiten erakutsi zaigun arkitektura garaikidea da, iraganean erroak dituena, baina etorkizunera begira dagoena. Iragan horren imitazioan erortzea garapenaren prozesu historikoaren aurka joatea litzateke. Kartografo bati XVI. mendeko mapak zergatik ez dituen erabiltzen galdetzea bezalakoa litzateke arkitekto bati iraganeko arkitektura zergatik ez duen erreproduzitzen galdetzea.

Edonola ere, oso ulergarria da estetikaren inguruko gogoeta hori. Arkitektura ez da kontzeptu abstraktu bat, inguratzen gaituen errealitate fisikoa baizik, eta zilegi da errealitate hori ahalik eta ederrena izan dadin nahi izatea. Edertasuna objektiboki definitzea lan nekeza da, baina. “Zenbat buru hainbat aburu” atsotitzak bere tranpa du; izan ere, gustua entrenatu egiten da. Gai baten inguruan zenbat eta gehiago ezagutu, gero eta ñabardura gehiago atzemateko gai gara, eta lehenago nabaritu ere egingo ez genituzkeen detaileak maitatzera irits gaitezke. Horrek, hala ere, jakintsuaren harrokerian erortzeko arriskua dakar. “Nik ikasi dudanez, badakit zer den ona, eta zuk, begi kamuts horrek, jaramon egin besterik ez duzu”. Hori ez da inondik inora justua, are gehiago, eztabaidagaia denok partekatzen dugun hiriaren diseinua izanik.

Pentsa liteke iraganeko estetikaren bilaketa garai berri gero eta azkarragoaren aurkako erreakzio bat dela, baina, egiari zor, gizakiak beti izan du iraganaren nostalgia. Estilo neoklasikoak Grezia eta Erromako iruditeria berreskuratu nahi izan zuen, nazio estatu sortu berriei errepublika eta inperio zaharren duintasuna eman nahian. XIX. amaierako neogotikoa Erdi Aro idealizatu baten berreskuratze monumentala izan zen, gizarte industrialaren ke eta zaratatik libre. Imitazio horiek, baina, bazuten abantaila bat gaur egungoekin konparatuz: imitatzen zituzten estiloen garaiko eraikuntza teknikak ez ziren garai hartan bertan erabiltzen zirenen oso ezberdinak. XV. mendeko jauregi bat eta XX. mende hasierako bat, funtsean, nahiko modu antzekoan eraiki zitezkeen: adreilu edo harrizko karga-horman oinarritutako arkitektura bat zen. Horrela, estilo zahar bat imitatzeak bazeukan nolabait koherentzia estruktural bat, ez zen guztiz gezurrezko imitazioa.

XX. mendeak dena aldatu zuen. Altzairuaren eta hormigoiaren asmakuntzak karga-horma desagerrarazi, eta zutabe eta habeak bihurtu zituen arkitektura berriaren funtsa. Horrek aurreko guztiarekin atzeraezinezko apurketa ekarri zuen. Leihoa jada ez zen beharrezkoa, fatxada osoa leiho izan baitzitekeen. Hormak nahieran koka zitezkeen, ez baitzuten pisurik jasan behar, eta, orokorrean, arkitekturaren aukerak mugatzen zituen kateak izugarri arindu ziren.

Aro berri honetan, iraganeko teknikak erabiltzea izugarri garestia litzateke, eta egungo teknikekin iragana imitatzea, izugarri faltsua. Zenbait arkitekto postmodernistak egin dituzte halakoak. Bilbon bertan dugu eredu argia, Robert Krieren Euskadi plazako Artklass eraikina, estilo eta forma historiko asko nahasten dituen collagea, hormigoizko egitura erreala estaliz. Paradoxikoki, haren parean, urte berean eraikitako Carlos Ferraterren altzairu eta kristalezko etxebizitzak dauzkagu, ia gardenak, hezur eta azal besterik ez.

Gehienetan pentsatzen dut arkitekturak bere aroaren espiritu, teknika eta iruditeriari erantzun behar diola, beste edozein jarrera atzerakoia litzatekeelako, baina beste batzuetan arkitektura garaikide askoren hoztasunak antzinako arkitekturaren berotasun sendoa besarkatzera narama.

Estetikan pentsatzeak eztabaida etikoak ere badakartza, eta haren inguruko gogoeten labirintoetan galtzea erraza da oso. Bilaketa orok ezagutza berria sortzen du, eta ezagutza beti da altxor, beti da ate, eta beti da leiho. Kurtso berriari begira, gomendio batekin bukatzea besterik ez zait okurritzen gaurkoan: zabal ditzala norberak bere ezagutzen ate eta leihoak. Laboaren kantak dioenez: “Bakoitzak urraturik berea, denon artean geurea, etengabe gabiltza zabaltzen, gizatasunari bidea”. •