Turismoaren hastapenak Biarritzeko hondartzan
![](/media/asset_publics/resources/001/029/950/article_main_landscape/0902_behatxulotik.jpg)
Donostia, Hondarribia, Biarritz, Donibane Lohizune eta Euskal Herriko beste hainbat herri Europako helmuga turistiko garrantzitsu bihurtu ziren XIX. mendetik aurrera. Biarritzeko argazki hau, ia koadro bat dirudiena eta estetika piktorikoa duena, estereoskopikoa da -eskuineko parea bakarrik ekarri dugu orriotara-. Argazkia XIX. mendearen amaieran egina da, eta garaiko turismoaren isla garbia. Emile Duchemin (1862-1914) argazkiaren egilea «Societe dauphinoise d 'amateurs photographes» elkartearen kide sortzaileetako bat izan zen. Argazki-elkarte hori oso aktiboa izan zen XIX. mendearen amaieran sortu zenetik, bere bazkideen zerbitzura estudio, laborategi eta liburutegi bana jarriz, eta argazki-txangoak, erakusketak eta lehiaketak antolatuz. Biarritzeko argazki hau, Iparraldeko beste batzuekin batera, Ducheminek egindako argazki-txangoetako batekoak dira. Duchemin autozalea ere bazen, eta «Automobile club dauphinois» elkartearen sortzaileetako bat izan zen, baita Grenobleko errepideetan ibili zen lehen gidarietako bat ere. Emile Ducheminen argazki-funtsa «Societe dauphinoise d 'amateurs photographes» elkartearen eskuetan zegoen, baina 1940an desegin zenean Grenobleko udal liburutegiak jaso zuen.