Nerea GOTI
INFRAGANTI

Andoni Sainz, adar egilea

Adar egile gazteena izan daiteke Andoni Sainz alonsotegiarra. Errekalde auzoan, duela lau urte hasi zen adarrei soinua ateratzen, adar horiek dotore apaintzen eta sarritan sentimenduei forma ematen. Deiadarren tradizio zaharretik edanez sormenean bide berriak aurkitu ditu artisauak adarrei bizitza berri bat emateko.

Andoni Sainz, adar egilea eta jotzailea.
Andoni Sainz, adar egilea eta jotzailea. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Garai batean zerbaiten berri emateko erabiltzen ziren, herritarren arreta eskuratzeko, dei egiteko. Biltzeko deia izan zitekeen, ohartarazpenen bat zekarren alarma soinua, erne egoteko deia.... Gaur egun, erabilera ludikoagoa du, kultura edota kirol ekitaldiekin lotuta, oro har. Adarraren doinu berezi horrek, ordea, azken horietan ere abisu izaten jarraitzen du. Tradizioak, beraz, bizirik dirau, neurri batean, beste testuinguru batean, beste esanahi batekin, noski, baina hor dago adar jotzaileen lana. Ez dago, hala ere, jotzaile asko, eta askoz gutxiago dira tresna horren egileak. Andoni Sainz alonsotegiarra bakarrenetakoa da.

Duela lau urte ezer gutxi zekien adarrak egiteaz edota horiek jotzeaz, baina nahiko sakondu du orduz geroztik mundu horretan. Auzokide batek botatako erronkak adar jotzaile gaztea sortu zuen; horrela jaio zen afizioa den ofizioa. «Pandemiaren hasieran, Karrantzan, auzokide batek bota zidan erronka: ‘Ezetz adarrari soinua atera’ esan zidan. Pandemian, etxean geundenean, bueltaka hasi nintzen. Burugogorra naiz erronka baten aurrean jartzen nautenean, eta aste pare batean, gutxi gorabehera, adarrari zuloa egin eta soinua ateratzea lortu nuen. Nire lehen aldia zen, eta horrela hasi zen dena».

Adar egilea eta jotzailea da Sainz. Janire Zulueta emaztearekin aritzen da plazan jotzeko deitzen dituztenean. San Mamesen, adibidez, Athleticen partida batzuetan jo izan dute. Jokalariak zelaira irteten direnean egiten dute deia, txalapartariekin batera askotan. Lasterketa solidarioetan ere ibili da, horien hasieran, sari banaketetan… Ekitaldi ezberdin ugariren osagai izan daiteke adarraren soinu berezia. Horretaz ez dago ezer idatzita, mota askotako enkarguak jaso baititu.

Dioenez, gaur egun dekorazio-elementuak dira sarritan, baina, aldi berean, hainbat ekitalditan presentzia preziatua izaten jarraitzen duen tradizioa da adarra jotzea. Tresna horien atzeko historiaz zer dakigun galdetuta, komentatu du duela 3.000 urte hebrearrek erabiltzen zituztela festetan, jaiak hasteko.

Wikipedian aurkitutako deskribapenaren arabera, «deiadarra edo adarra animalia baten adarra erabiliz jotzen den aerofonoa da». Adarrari zuloa egin behar zaio soinua atera ahal izateko. Izan ere, airearen bibrazioak sortzen du soinua.

Sainzek nabarmendu duenez, historian zehar dei egiteko izaera mantendu duen tresna da: «Antzina agintariek batzarrera deitzeko erabiltzen zuten, herritarrek bazekiten biltzeko deia zela. Denborarekin beste bilakaera bat izan du horrek guztiak; abisatzeko bazeuden elizetako kanpaiak... Baina alerta deia izaten jarraitu du, beste testuinguru batzuetan; mendietan, adibidez, besteak zerbaitez ohartarazteko adarra jotzea alerta moduko bat zen, zerbait jazo zela adierazteko modu bat. Eskalatzaileen artean, adibidez, tontorrera heldutakoan besteei ondo heldu zirela esateko modu bat zen... Eta funtzio horiez gain, adarrak beste erabilera batzuk izan ditu», azaldu du.

Deiadar mendiak Bizkaian

Deiadarren inguruan Bizkaian oso ezaguna den deialdia egiten da urtero, XIX. mendetik datorren kondairari jarraituz. Izan ere, urriaren 7an, Deiadar Mendien Eguna egingo dute. Urtero mendi batean egiten da, eta Kolitza mendiko tontorrean izango da aurten. 12.00etan izaten da adarrak jotzeko unea. Bertan egongo da Sainz hainbat adar jotzailerekin batera, aurreratu duenez.

Gorbeia, Oiz, Sollube, Ganekogorta eta Kolitza dira deiadar mendiak eta izaera mendizale nabaria du egungo hitzorduak, mendi talde ugarik parte hartzen baitute bertan. «Istorioak dio antzina mendi tontor horietara igo eta handik jotzen zutela adarra, ondorengo ilargi aldaketan batzarrek Gernikan bilera egingo zutela iragartzeko», azaldu du Sainzek. Istorioak ekarri duen tradizioa dela azpimarratu du: mendi ibilaldia, tontorrean elkartzea eta adarrak batera jotzeko ekitaldia, lagunarteko hamaiketakoa... «Hitzordu berezia» da, Sainzen iritziz.

Alonsotegiko Errekalde auzoan, etxe ondoko txoko batean egiten du lan hobby gisa hartzen duen zereginean. Berez, BBK Karpin Fauna basa-faunaren harrera zentroan egiten du lan. Adarrak sortzea entretenitzeko modu bat da, batzuetan lana pilatu zaiola onartu duen arren. «Hau hobby bat da, harekin gozatzea da asmoa, eta lasai hartu nahi dut, gustuko dudana egiteko, zeren eta batzuetan pilatzen dira enkarguak, eta nire lehen helburua disfrutatzea da, tradizioa kontserbatzearekin batera, baina estresik gabe», azaldu du.

Alonsotegiko hirigunetik gertu, Errekalde auzoa landa itxurako ingurua da: familia bakarreko etxeak, baserriren bat, baratzeak... eta etxeen aurretik igarotzen den ur gardenetako errekatxo bat du tailer txikitik metro batzuetara. Trenbidea da isiltasuna apurtzen duen elementu bakarra. Etxe ondoko txoko txiki batean egiten du lan. Batzuetan, musika jarri eta bertan lanean murgilduta isolatzen dela onartu du. Adarren munduan murgildu arte egurra lantzea izan da bere beste hobby-etako bat; pieza bakoitzaren forma eta itxura baliatuta objektuak sortzea gustuko izan du beti.

Lan egiteko tailerra du alde batean, eta erakusketa moduko bat, ondokoan. 150 adar inguru ikus daitezke han, tamaina, forma eta itxura ezberdinetakoak. Batzuk apainduta daude, eta horietan eguzki-loreak, Euskal Herriko mapak, Mikel Laboaren “Txoria txori” kantaren letra... ikus daitezke, besteak beste. Pieza amaitu berrien artean, emateko prest ditu batzuk, eta horietako batzuek hartzaile ezagunak dituzte. Adarrak egin ditu Alex Txikonentzat, Inaxio Perurenarentzat... eta argazkietan, El Drogas edo Andoni Goikoetxea Athleticeko jokalari ohia ere ikusi ditugu. Harreman ona du hainbat musika talderekin, eta horren seinale, Alberto Iriondo Ska-p taldeko tronpeta-jotzaileak Alonsotegin egindako adarra du. Baina beste talde batzuk ere pasatu dira handik.

Ikusgai dauden aleen artean emazteak eta biek jotzen dituzten adarrak daude, baita Maialen alabarena ere. Urtebete du Maialenek, eta txikitatik adar txiki bat eraman du aulkitxoan esekita, baina adar handia ere badu: «Aske bizi» irakur daiteke bere alean.

Adarrek betetzen dute ia dena, baina apaingarri gehiago daude ale zahar eta berri horien artean. Egurrezko hainbat pieza ditu ikusgai; batzuetan formaren araberako erabilera bilatu dio egurrari, eta sarritan euskal kirol eta kultura tradizioen estanpak sortu ditu: aizkolariaren aizkora eta egurra, frontoia, dantzariak... Egurrarekin egindako lanak gustuko dituela kontatu du Sainzek. Izan ere, adarrei eusteko hainbat motatako oinarriak sortu ditu egurra erabiliz.

Adar egile eta jotzaile izateak eskoletan hitzaldiak ematera eraman du Andoni Sainz azkenaldian. Adarren inguruan ikasitako guztia eramaten du saioetara. Sabaitik zintzilik eta apalategian dauden adar horiei begira, begien bistakoa da behi-aziendakoak direla gehienak, baina ez guztiak, batzuek ahari-adarkeraren itxura argia dute eta. Galdera da, beraz, deiadarra izateko adarrak baldintza jakin batzuk bete behar ote dituen.

Guztiek dute soinua

«Euskal Herrian idienak edo zezenenak izaten dira normalean deiadarrak egiteko erabiltzen diren adarrak: politenak dira, ikusgarriagoak, baina txikiek soinu gogorragoa dute, zeren eta soinu zorrotzago bat ateratzen dute, tronpeta batenaren antzekoa. Txikiek soinu altuagoa dute, eta handiek, zabalagoa, grabeagoa, baina guztiek dute soinua», azaldu du alonsotegiarrak.

Emaztea musika irakaslea da eta «adar guztiei jartzen die nota», adierazi duenez. «Adar bakoitzak bere soinua du; batzuekin bi soinu atera ahal dira». Azaltzeko, adar beltz fin bat atera du. Antilope baten adarra dela esplikatu digu: «Adar honi zulo bat eginda, hebrearren ‘shofar’ tresna ezaguna bilakatzen da». Deiadarra, berez, adar mota askorekin egin daitekeela dio, baina ez guztiekin. Oreinaren adarrek, adibidez, ez dute balio ezin direlako hustu, zehaztu du.

Jotzea beste kontu bat da, eta ez da uste bezain erraza, Sainzen hitzetan, praktika kontua baino ez dela dioen arren. Aireari emandako bibrazioan dago gakoa. Praktika apur batekin erraz ikas daitekeela nabarmendu du.

Adarrak lortzea da zailtasun nagusia. Osasun arrazoiengatik, legeak debekatua du hiltegietan eskuratzea. Gero eta ganadu-azienda gutxiago dago, eta batzuetan, gainera, animalien arteko borroketan mina saihesteko adarrak kendu edo erretzen dizkiete.

Abeltzainen bidez lortzen ditu adarrak, Euskal Herrian zein kanpoan. «Partikularren bidez lortzen badituzu, ez dago arazorik», zehaztu du Andoni Sainzek. Trukea egiten du materiala lortzeko: «Abeltzainak nirekin kontaktuan jartzen dira adarrak dituztenean, eta egiten dizkidaten enkarguen truke lortzen dut lanean jarraitzeko materiala».

Eskuratu ondoren, hustearekin eta desinfekzioarekin abiatzen den prestakuntza prozesua jartzen da martxan: «Lapiko handi batean egosten ditut 30-40 minututan zehar, barrukoa atera ahal izateko. Kolpe batzuk emanda barruko hezur-nukleoa ateratzen da, eta kanpoko geruzarekin geratzen naiz. Hurrengo pausoa desinfekzioa izaten da: nik egun oso batez uzten ditut uretan lixibarekin. Eta ondoren, zuloa egitea da hurrengo urratsa; desinfektatu egin behar da berriz ere eta ondoren, ondo lisatu, apaindu, soka jarri...».

Oroigarri gisako enkargu ugari izaten duela dio. «Gehienak mendizaleentzat izaten dira; batzuek tontorrera heldutakoan adarra jotzeko nahia izaten dute. Beste zenbaitetan ezkontza bateko oparia izan daitezke, zerbaiten oroigarri. «Batzuetan apainketa nik aukeratzeko esaten didate; beste batzuetan oso enkargu bereziekin etortzen dira, esaldi zehatz bat grabatzea eskatzen dute, irudi zehatzen bat jartzea… Normalean atzean sentipen edo esanahi berezia duten gauzak izaten dira, eta batzuetan grabatzeaz gain barruan zerbait sartzeko eskatzen dute».

Bitxia da, baina adarrekin ez dira bakarrik deiadarrak egiten: zahatoa erakutsi du, baita edateko ontzia ere. Izan ere, adarrek izandako beste erabilera zahar batzuk dira horiek, barruan gauzak gorde eta garraiatzeko ere erabiltzen baitziren. Jotzeko tresna, apaingarri gisa edo oroigarri formarekin, Sainzen eskuetan tradizioak bide berriak aurkitu ditu. •