Gorka Zozaia
Kimikaria
3 BEGIRADA:

Plastikoen erabilera «makarra»

Erabilera bakarreko plastikoak desagerrarazteaz hitz egiten zen Covidaren krisiaren aurreko hilabeteetan, 2019an. Europako Batasunak gidalerroa onartu zuen erabilera bakarrekoak izan ohi diren hagatxo, edalontzi, plater, kubierto, kotoi-zotz, botila, poltsa eta antzerakoak merkatutik ateratzeko, eta bi urteko epea eman zien estatuei beharrezko legedia osatzeko. Bat-batean, baina, erabilera bakarreko gauza pila bat behar izan genituen krisi hartan; ekoizpena ez zen berehalakoan apaldu, eta legediak ere ez zion bere bideari garaiz heldu. Urte honen hasiera izan da espainiar Estatuan plastiko hauen desagertzea ekarri duena, eta ordutik estokean zirenak besterik ezin izan dira merkatura irten, omen. Halaber, erabiltzaileok ez dugu ziur asko aldaketa handirik nabaritu; bestelako hagatxo eta edalontziak ikusi ditugu, bai, baina oro har ez diogu utzi material berri hauei erabilera bakarra emateari.

Alta, arretaz begiratuz gero, ikusiko dugu material berri hauetako asko jada ez direla erabilera bakarrekoak; «berrerabilgarriak» edo «iraunkorrak» direla irakurri ahalko dugu hauen labeletan. Halako izendapena, orain arte, modu mugagabean garbitu ahal ziren materialei ematen zitzaien elikaduraren esparruan, baina orain bost-hamar aldiz garbitu ahal direnak ere horrela izendatzen dira. Boteprontoan, beraz, material hobeak egiten ari gara, baina kontsumo tasak apenas jaitsi gabe. Hori bai, material berri hauetako asko landare jatorrikoak, bio-degradagarriak edo konpostagarriak dira orain, eta kontzientzia lasaiagoarekin bota ditzakegu zakarretara soilik behin erabili arren. Jakina, zein zakarretara bota behar diren jakinez gero! Irudira ekarri dut eskematxo bat, latak seinaka eramateko sei zuloko plastiko haietan arrainak bezala trabatu ez gaitezen. Konpostagarriak diren plastiko gehienak soilik prozesu industrialen bidez degradatu ahal dira, eta landare jatorrikoak izateak ere ez du bermatzen material hauek erraz degradatzea.

Gizalegearen izenean herritarroi materialen kudeaketa egokia egitea eskatzen zaigun bitartean -gauza jakina baita planetaren jasangarritasuna gure borondatearen mende dagoela-, zinismoak goia jotzen du jasangarriak ei diren materialak konbentzionalak baino toxikoagoak direla behatu berri denean! Asteartean jakitera eman zenez, CSIC-en egin atariko ikerketaren arabera, plastiko konpostagarriek konbentzionalek eta birziklatuek baino toxikotasun handiagoa erakutsi dute zebra arrainen zeluletan. Ikertzaileak harritu egin dira ikustean, plastiko konbentzionalak batere toxikotasunik eragiten ez zuen bitartean, konpostagarriek zelulen bideragarritasuna %70era jaisten zutela. Gainera, amaitu gabeko fotodegradazio edo konpostatze prozesuek plastiko hauen toxikotasuna handitzea dakarte. Ikertzaileen ustez, plastiko berri hauek egiteko fabrikatzaileek darabiltzaten -eta ezagutzera ematen ez diren- gehigarri kimikoak dira behaturiko toxikotasun handi honen iturria, baina ikerketa gehiago egin beharra azpimarratu dute. Bitartean, kasu plastikoen erabilera “makarrarekin”! •