Mijo LIZARZABURU
{ KOADERNOA }

Sexu naturalaren aurka: teknogeneroa

Diskurtso transfoboek diskriminazioa biologian justifikatzeko joera izan ohi duten arren, gizonak eta emakumeak definitzerako orduan erabiltzen diren irizpideak oso konplexuak dira. Biologia feministaren kritika ezagutzen ez dutenentzat jakintza zientifikoak marrazten duen sexu biologikoak gizakiak bi kategoria nagusitan bereizten ditu: maskulinoa eta femeninoa. Desberdintasun horiek anatomian, sexu-organoetan, sexu-kromosometan eta sexu hormonetan oinarritzen dira. Normalean ulertzen da ezaugarri horiek jaiotzaz jasotzen direla, naturalak eta aldaezinak direla, baina gaur egun ditugun teknologiek ideia horrekin apurtzera eramaten gaituzte.

Praktika zientifikoa, giza praktika oro bezala, afera moral, politiko, ekonomiko eta sozialekin nahastuta dago. Objektibotasunaren defendatzaile sutsuenek ere dagoeneko onartzen dute zientzia garbia ez dela existitzen. Zientzia biologikoak eta medikoak ez dira salbuespena, eta hauen barnean egiten den sexu bereizketa ere ez. Hori dela eta, zientzia garbiak promesten duen sexu biologikoaren bila gaudenean, paradoxa antzeko bat sortzen da, non zenbat eta garbitasun gehiago nahi izan (eragin sozial, politiko, moral gutxiago), are gehiago ohartzen garen zientzia eta gizartea bereiztea ezinezkoa dela.

Hau argi ikusten da ar eta eme kategoriak hausten dituzten gorputzekin egiten diren praktika mediko arruntetan. Zer gertatzen da bi subjektu bereizi eta koherente, arrak eta emeak sortu beharrean, bereizi diren bi sexu horien ezaugarriak erakusten dituzten gorputz intersexualekin? Zergatik lehenetsi behar da sexu bat eta ez bestea? Zer da garrantzitsuagoa, genitalak edo hormonak? Begiz ikus daitezkeen elementuak: bizarra, bularrak eta ile-kopurua? Edo laborategi batek soilik zehaztu dezakeen kromosomen testaren emaitza? Gorputz horiekin gertatzen dena da gizarteak ezartzen dituen irizpide aldakorren arabera (genitalak, kromosomak, ugalketa gaitasuna) behartzen dela gorputz hori kategoria batean edo bestean sartzera, biologiaren konplexutasuna ukatu eta naturan existitzen ez den arau bat (heterosexualitatea) inposatuz, eta horren ondorioa gorputz intersexualen mutilazioa edo hormonazio ez onartua izanik (gurasoek onartzen duten arren, haurrek ez baitute hautu hori egiteko aukerarik).

Inposaketa hori egiteko teknikak XX. mendeko medikuntzaren garapenari esker egin ziren posible. Preciadok “Testo Yonki” (2008) liburuan XIX. mendeko sexua eta XX. mendeko sexua bereizten ditu. XIX. mendeko sexua aldaezina, transzendentala eta naturala zen. Lehen, generoaren normalizazio prozesua bisualki eta diskurtsiboki egin zitekeen soilik, irudiak eta hizkuntzak kokatzen zintuen sexu batean edo bestean. Esleipen bisual eta diskurtsiboak sortzen zituen gorputz erratuentzako zirkuituak iluntasuna eta zirkua ziren. Horrekin alderatuz, XX. mendeak aldaketa nabariak ekarri zituen. XX. mendeko sexua aldakorra eta imitagarria zen. Teknikoki produzitu eta bir-produzitu zitekeen. Generoa artifizialki molda dezakeen zientzia berriak maskulinitatea testosterona, erekzioa viagra edo emankortasuna pilula bihurtzen du. Gorputz okerrentzat (ez heterosexualentzat) zirkua eta iluntasuna ziren patu ohikoenak, eta teknologien garapenarekin, egoera horretatik medikuntzaren bidezko gorputzen modifikazio hormonalerako eta genitalerako aukerara igaro zen. Gorputz erratuaren zirkuitu berriak medikuntza eta estetika dira.

Medikuntzaren bidezko gorputzen modifikazioak organismo natural aldaezinaren eta makina artifizial moldagarriaren arteko mugen haustura eragin zuen. Sexua ez zen gehiago izango jaiotzaz determina zitekeen elementu biologikoa, baizik eta modifikazio ezberdinei esker eralda zitekeen ingeniaritza-biologikoaren produktua.

XXI. mendeko sexuen materialtasuna performatiboki osatzen duten teknika fotografikoen, bioteknologikoen, kirurgikoen, farmakologikoen eta zibernetikoen multzoaren berri eman nahi badugu, egokiena Teknogenero kontzeptua erabiltzea da (Preciado, 2008:86). Teknogeneroaz hitz egitea sexu naturalaren ideia ezereztea da, natura eta artifizioa bereizten ez dituen terminotan hitz egitea. Gizakia teknologiaren eraldaketekin batera berregiten da, eta sexuaren teknologia garatuek ezin diote jadanik “kulturatik haratago” dagoen naturari gizakia bi klase sozialetan bereiztearen ardura gainean jarri. Sentitzen dut, TERF, baina jadanik ez da existitzen jaiotzazko sexu naturalik, eta biologiak ez du zure transfobia justifikatzen. •