Juantxo EGAÑA

Errenteria, 1933ko urriaren 23ko uholdeen biharamunean

(PASCUAL MARIN. MARIN FUNTSA. KUTXATEKA.)

1933ko ekainaren 15eko gauean eta 16ko goizaldean, eta urriaren 23an izandako ekaitzek uholdeak, txikizioak eta hainbat biktima eragin zituzten Gipuzkoako zenbait herritan, hala nola Donostian, Hernanin, Astigarragan, Pasaian, Oiartzunen, Irunen eta Errenterian. Azken herri horretan, eta prentsaren arabera, milioi askoko galerak izan ziren eragindako kalteengatik. "La Voz de Guipuzcoa" egunkari errepublikanoak, ekainaren 18ko azalean, Errenteriako uholdeei buruz honela zioen: «...halako hondamendi itxura du, non gogo epelena ere hunkitzen eta akitzen duen. Esan liteke amorru mitologikoak ankerkeria gupidagabez erori direla haren gainera, dena urez betez, dena lokaztuz, txikituz, erauziz, parean aurkitu zuten guztia suntsituz: gizonak, etxeak, merkantziak, makineria, zuhaitzak, zubiak, hormak, bideak... Errenteria gaur egun hau da: ura, lohia, hondakinak... Tristura goreneko giroa, larridura, amorrua... Gizon, emakume eta haurren etsipenez betetako ahalegina ikustekoa zen, lokatzez gerriraino estaliak, benetako kristo bat eginda, beren etxe xumeak frantziskotar gisa zaharberritzen ari ziren...». Urriaren 23ko uholdeei buruz, prentsak zioen Errenterian ekainaren 15ean eta 16an baino intentsitate handiagoz jasan zirela uholdeak. Urak enborrak eraman zituen papertegitik, eta hondamen ugari eragin ondoren, barrikada moduan barreiatuta utzi zituen herriko kale askotan. Pascual Marinen irudian, herritarrek urriaren 24an enbor horiek bildu eta pilatu zituzten unea ikusten da.