Errepublikan hegan egitera ausartu zirenei hegoak ebaki zizkien diktadurak
Emakumeen kontrako errepresioak askotariko formak hartu zituen 1936ko gerran eta gerraostean. Gorputzak zapaldu zituzten -bortxaketak, ile mozketak-, horien gainean Frankismoaren neurriko morala inposatzeko. Errepublikan hegan egin zutenak izan ziren zigortuenak.
Gipuzkoako Aldundia eta Aranzadi elkarlanean ari dira ikertzen Gipuzkoan emakumeen aurka 1936ko gerran eta gerraostean eman zen errepresioa (1936-1945 urte bitartean). 2018az geroztik ari dira lanean eta liburu bat aurkeztuko dute gaiaren inguruan, nahiz eta oraindik ez dagoen data zehatzik.
Ione Zuloaga Muxika da ikerketa horretan dabilen historialarietako bat, eta duela egun batzuk Azpeitian gaiaren inguruko hitzaldia eskaini zuen, orain artean fokurik eskaini ez zaion gaiari argi pixka bat eman nahian.
Garai historiko bat ulertzeko beharrezkoa izaten da pauso bat atzera ematea. Bigarren Errepublika garaitik zetozen, haize freskoa sumatzen zen, aldaketa giroa; emakumeen boto eskubidea (1931), dibortzio legea (1932), abortatzeko legea (1937), prostituzioaren abolizioa (1935), adulterioaren legearen indargabetzea (1932). Garaiko legeek ere iradokitzen dute aldaketa usaina.
«Lege horiek denak herriak bultzatutakoak dira. Emakumeak oso antolatuta zeuden eta borroka desberdinetan zebiltzan. Adibidez, emakume anarkistek, komunistek eta errepublikanoek emakumea aske izateko bidean jarri nahi zuten. Emakume Abertzale Batzakoek, aldiz, emakumea kultura transmisore bezala defendatzen zuten, hizkuntzaren babesle bezala, baina gehiago eremu pribatuan. Hala ere, gero mitinak ematen zituzten jendaurrean eta prentsan ere asko idazten zuten emakume abertzaleek, baina sumatzen da kontserbadurismorako joera. Besteek erabateko emantzipazioa eskatzen zuten bitartean, EAJren barruan ez zegoen hain garbi emakumeak presentzia izan behar zuenik plaza publikoan. EAJren barruan bi lerro desberdin zeuden gai horrekiko».
Adibidez, garaian sonatua izan zen Julene Urzelai azkoitiarra, Emakume Abertzale Batzako kidea eta lehendakaria. Mitinak ematen zituen Telesforo Monzonekin, Lauaxetarekin, Jose Antonio Agirrerekin... jendaurrean presentzia handia izan zuen emakumea izan zen. «Bere presentzia ezaguna zen herri denetan eta tropa frankistak Azkoitian sartzera zihoazela, lau egun lehenago alde egin behar izan zuen Bizkaia aldera», kontatu du Zuloagak. Handik Parisa alde egin zuen, ezkondu, eta Venezuelara. «Bere militantzia politikoarekin jarraitu zuen eta Radio Euskadiko esataria izan zen klandestinitatean. 50eko hamarkadan, Azkoitira bueltatzeko baimena eman zioten, baina etengabe frankistek kontrolatuta. Caracasen hil zen, erbeste behartu baten ondoren».
Polixene Trabadua eta Aide Agirre ere mitinlari ezagunak izan ziren. «Mitina eman zuten Euskal Herriaren independentziaren alde. Isun ekonomikoa jarri zieten eta, ez zutenez onartu, hamabost egun eman zituzten kartzelan. Atera zituztenean, ama euskaldun bezala omendu zituzten. Rolen arteko desberdintasuna ikusten da hor; gizonezkoak gudari bezala omentzen zituzten eta emakumezkoak, ama bezala, zaintzaile bezala».
1934ko Urriko Iraultzan emakumeek ere izan zuten ahotsa. «Askotan 1934ko Urriko Iraultza entzun eta Asturias datorkigu gogora, baina ez dugu ahaztu behar industrializatuen zeuden tokietan izugarrizko eragina izan zuela; Arrasate, Hernani, Pasaia, Donostia... Atxilotuak ehunka izan ziren eta 52 hildako izan ziren Hego Euskal Herrian».
Casilda Hernaez Vargas “Kaxilda” (1914, Zizurkil) Urriko Iraultzaren testuinguruan izan zen atxilotua, greba orokorrera deitzen zuten panfleto batzuekin. Panfletoen azpian bonbak atzeman zizkioten.
Kaxildak azaldu zuen garaiko emakume anarkistek nola pentsatzen zuten; feminismoa, soldata arrakala, lana eta zaintza, kontziliazioa... gai horiei buruz hitz egiten zuten. «Nagusiei ez zitzaien gustatzen emakumeak sindikatuetan afiliatzea eta, eginez gero, lana galduko zutela egiten zieten mehatxu. Borroka garaia zen. Emakumeak sindikatura joaten ziren, senarraren bizkar, han topatzen zutelako beroa eta elkartasuna. Emakumea objektu bat bezala ikusten zen, erabiltzen zen zerbait, bazterrekoa. Emakumeen lehen borrokak izan ziren, gaurko emakumeei nortasun bat eman zietenak», esan zuen Kaxildak. Luis M. Jimenezek “Casilda miliciana. Historia de un sentimiento” liburuan jaso zituen zizurkildarraren hitzak.
Estatu kolpea gertatu eta gerra lehertu zenean, Kaxilda milizia antifaxistekin lerratu zen eta miliziano bezala aritu zen. Ibilbide luzea osatu zuen borrokan.
260 emakume milizianotik gora
Kaxilda ez zen emakume miliziano bakarra izan. Hego Euskal Herrian 260 emakume baino gehiago aritu ziren fronteko lehen lerroan borrokan, gehienak euskal milizia antifaxistetan izena emandakoak, alderdi komunista eta anarkistakoak. «1936ko urrian, garai hartako defentsa ministroak agindua eman zuen emakume horiek atzegoardiara bueltatzeko. Matxismoaren adierazle bat da. Hala ere, emakume askok ez zuten agindua onartu eta borrokan jarraitu zuten», esan du historialariak.
Beste zeregin batzuetan ere aritu ziren emakumeak fronteko lehen lerroan; arropa garbitzen, sukaldean, kazetari eta argazkilari lanetan... «Adibidez Cecilia Garcia de Guilarte tolosarra, anarkista, kazetari aritu zen lehen lerroan. ‘CNT del Norte’ egunkarirako erreportajeak egiten aritu zen eta ibilbide luzea osatu zuen gerran. Erbestera alde egin beharra izan zuen eta Mexikora joan zen. Gerora, Tolosara bueltatu zen».
Fabriketan ere aritu ziren emakume asko, arma fabriketan eta bestelakoetan. Eta irakaskuntzan ere lan garrantzitsua egin zuten, «irakasle asko eta asko joan ziren erbestera haurrekin, eta haur horien hezkuntzaz arduratu ziren. Gehienak, Eusko Ikastola Batzako emakumeak», nabarmendu du Zuloagak.
Gerra garaian emakumeek beste zeregin bat ere izan zuten, amabitxiena, «madrinas de guerra», gaztelaniaz. «Tropa frankistek eta errepublikanoek erabili zuten figura hori. Egunkarian agertzen ziren bere argazkiarekin eta datuekin, eta soldaduek, nahi izanez gero, idatzi egiten zieten. Eskutitz truke bat hasten zen bien artean. Zertarako? Gerran zeuden soldaduei adorea emateko, animoak. Errepublikako tropek ere erabili zuten amabitxien figura. Horrekin ez zuten lagundu emakume askearen, mendeko ez denaren, irudia».
Errepresio modu anitzak
Gerran eta gerraostean errepresioaren latza bere azalean sufritu zuen emakume askok. «Gerra garaian garbi ikusten da zein emakume klase ez dituzten onartzen. Bigarren Errepublika garaiko emakume modernoaren irudia birrindu nahi zuten, eta bestelako emakume bat sortzen eta eraikitzen ibili zirenak izan ziren errepresioa sufritu zutenak. Borroka soziala egin zutenak, ez bakarrik emakumearen emantzipazioaren alde, baita langile mugimenduaren barnean ere. 1934ko iraultzan soldatak hobetzeko eta langileen eskubideak defendatzeko borroka egin zutenak ez zaizkio gustatzen Frankismoari».
Hartara, emakume modernoaren alde egin zutenak eta espazio publikoa hartu zutenak zapaldu zituen Frankismoak. «Emakume horien kontrako errepresalia gogorrak besteentzat eredugarri bihurtu ziren. Hori ikusita, bazekiten zer ez zuten egin behar beren azalean horrelako erasoak sufritu nahi ez bazituzten. Helburua emakume diziplinatuak sortzea zen eta legeak hezkuntza eta Eliza erabili zituzten helburu horretarako. Emakumearen gorputza hartu, jipoitu, birrindu, ahuldu eta ‘bide onetik’ sartu zutela ulertzen dut nik, beren doktrina inposatuz», iritzi dio ikertzaileak.
Erbestea izan zen emakumeak zapaltzeko erabilitako tresnetako bat. Horietan, bi erbesteratu mota desberdintzen ditu Zuloagak. «Batzuek erbestera ihes egin zuten tropak sartu baino lehen. Eta beste batzuek etxean dokumentu bat jaso zuten kanporatuak izango zirela jakinaraziz, haien edo haien senideren baten militantzia politikoa zela eta».
1937ko otsailean komandantzia militar desberdinek agindu bat eman zuten: gudariak edo milizianoak ez baziren beren herrira itzultzen 48 orduren buruan, tropa frankisten mende zeuden herrietan beren senideak kanporatu egingo zituzten, asko emakumeak eta haurrak. «Frankismoak gudari edo miliziano horiek bueltatzea nahi zuen, haiek zigortzeko. Frontean zeuden eta ez ziren bueltatu. Ondorioz, mila emakume eta haur beren herrietatik kanporatuak izan ziren».
Bortxaketa gerrako arma oso erabilia izan da betidanik. Gonzalo Queipo de Llano militar frankistak irratian esandako hitzok argigarriak dira oso: «Gure legionario ausart eta erregularrek erakutsi diete gorri koldarrei zer esan nahi duen gizon izateak. Eta, bide batez, baita emakumeei ere. Azken finean, komunista eta anarkista hauek merezi dute. Ez al dira maitasun librean jolasten aritu? Orain, behintzat, jakingo dute zer diren benetako gizonak eta ez miliziano marikoiak. Ez dira libratuko, nahiz eta borrokan eta ostikoka aritu».
Emakumeak zapaltzeko erabilitako beste teknika bat ilea moztea izan zen. «Ilea mozteak emakume horiek umiliatzea esan nahi zuen, garai hartan emakume gehienak ile luzearekin identifikatzen zirelako. Herri denetan eman zen eraso mota hori. Batzuetan emakumeen militantzia politikoa zigortzen zen, eta beste batzuetan emakume modernoaren irudia. Adibidez, ezkongabeko amek sekulako estigmatizazioa jasan zuten».
Ione Zuloaga historialariaren ustez, arreta berezia merezi dute ama ezkongabeek. «Isilik egon den gauza bat izan da. Diktadura garaian, estigmatizazio handia eman zen, emakume horiek kristorenak eta bi pasatu zituzten, finean, eredu bat hausten zutelako. Ama bakarrak ziren eta askotan inork ez zekien zein zen haurraren aita. Irainak, mespretxuak, umiliazioak jasan behar izan zituzten emakume horiek, eta baita beren seme-alabek ere. Gertatu izan da ama ezkongabeen seme-alabek bere ondorengoei ez kontatu izana egoera hori, pentsa noraino lotsarazten zituzten. Ama ezkongabeak diktadura frankistak gogor zapaldutako emakumeak izan ziren, nahiz eta Bigarren Errepublikan babestu zen irudietako bat izan. Hor ikusten da gertatu zen aldaketa».
Gerraostean ama ezkongabe horietako batzuk hil egin ziren eta beren seme-alabak umezurtz-etxe frankistetara eraman zituzten. «Hezkuntza frankista batean hezi zituzten, beren amen kontra».
Esan bezala, legeak, hezkuntza, Eliza... makineria oso bat eraiki zen emakume eredua eraikitzeko eta eredu horretatik ateratzen zena zigortzeko. «Legedia oso bat egin zuten emakumea kontrolatzeko. Lanaren Forua, adibidez, 1937koa. Horren arabera, behin ezkonduta, emakume batek ezin du lan munduan aritu. Eta edozertarako, gizonezko baten baimena behar du. Seccion Femenina, Margaritak edo Accion Catolica bezalako erakundeak ere hor daude, emakumeen mugimenduak zaintzeko. Finean, gizarte oso bat posizionatu zen Frankismoaren alde, eta gizon-emakume sektore baten zaintzaile bihurtu ziren. Frankismoaren begietara fina ez zen jendea kontrolatzeko konpromisoa hartu zuten. Zer egin behar zen eta zer ez agintzen zuten», esan du Zuloagak.
Adibidez, herrietan emakumeen kongregazioak zeuden, eta emakume gazteek derrigorrez parte hartu behar zuten horietan. «Plazan mutil batekin dantza egiteagatik kongregaziotik botatzen zituzten, eta hori umiliazio handia zen neska horientzat».
Kartzelaren krudela
Epaitegi frankisten esku geratu ziren militanteak izandako hainbeste emakume. Epaitzen zituzten, «por rabiosas separatistas» kasu askotan. Hitzen erabileran atzematen da militanteak ziren emakumeak norainoko herra sortzen zieten frankistei. Finean, beraiek eraiki nahi zuten emakume ereduaren antzik ez zeukaten. «Emakumeak ‘moralki’ ere epaitzen zituzten, beren moralean kabitzen ez ziren emakumeak zirelako. Epai askotan ikusten da epai politikoaz aparte, epai moral hori. Frankistek erabiltzen zuten hiztegian ikusten da».
Atxilotzen zituzten emakumeen komisarietako buelta ez zen samurra izaten, tortura latzak sufritzen zituzten. «Bortxaketa tortura modu bat zen, ohikoa. Emakume asko haurdun sartu ziren kartzelara, komisarietako bortxaketen ondorioz, eta kartzelan izan zituzten haurrak».
Beste kasu batzuetan bikotean izandako haurrekin sartzen zituzten kartzelara. 1940. urteko martxoan Justizia Ministerioak lege bat atera zuen. Horren arabera, hiru urte bete arte bakarrik egon zitezkeen haurrak kartzelan eta, gero, atera egin behar ziren. «Kasu batzuetan familia bazuten kanpoan eta familiarekin geratzen ziren. Beste kasu batzuetan familia frankistetan hazten zituzten edo miserikordia frankistetan».
Kartzeletako errealitateari begira, segituan ikusten da urruntze politika bat bultzatzen zutela, bai gizonezkoen bai emakumezkoen kasuan. «Azpeitiko kartzelan toki anitzetako emakumeak egon ziren preso, Toledokoak tartean. Eta euskaldunak ere baziren urrutiko kartzeletan».
Kartzela barruko bizi baldintzak oso gogorrak ziren. «Ez zegoen higienerik eta higienea zegoen egunetan, ur hotzarekin txorrotada gogorrak jasaten zituzten emakumeek. Gaitzak eta gaixotasunak asko zabaltzen ziren. Saturraranen, adibidez, 116 emakume eta 50 umetik gora hil ziren. Kartzela batzuetan, logeletan batzuek tente egon behar zuten besteek lo egiten zuten bitartean, ez zegoelako denak etzanda egoteko tokirik», azaldu du Ione Zuloagak.
Emakumeak ere fusilatu zituzten. «Emakumeen kasuan, epaiketatik kanpo fusilatu zituzten gehienak».
Behin kartzelatik aterata, egoera ez zen erabat samurtzen. «Preso egondako emakume eta gizonezkoek komandantziatik pasatu behar zuten hamabost egunean behin. Horrez gain, lana edo bizitokia aldatuz gero, abisua eman behar zuten. Kartzelatik atera ondoren kontrolak jarraitu egiten zuen. Eta kasu batzuetan deserriratzea ere ematen zen, kartzelatik atera eta zenbaitek ezin zuen bere herrira bueltatu».
Frankismoaren neurrikoa
Emakumeen kontra errepresio hori guztia egin eta gero, Bigarren Errepublikan pausoak ematen hasi zen emakume askea erabat birrindu eta gero, lurra berdinduta zuen Frankismoak bere eredua eraikitzeko. Orduan hasi ziren “Guia de la buena esposa” eta antzekoak. «Emakumearen rol tradizionala sustatu zuten, etxeko aingerua, ama, zaintzailea, espazio pribatuan geratzen zena».
Emakumearen inguruko estereotipoa ez da gaur goizekoa. Ondo pentsatua eta eraikia dago, Frankismoak eraiki zuen.
Errepublika garaian haize freskoa etorri zen, leihoak zabaltzeko gogo bat. Baina diktadurak danbateko batekin itxi zituen ateak eta leihoak, eta oraindik erabat ez dira zabaldu. «Berrogei urteko diktadura bat izan da. Urte asko dira bost urteko Errepublika batekin konparatuz gero, bost urteko aldakuntza garai batekin parekatuz gero. Egia da izugarrizko aldaketak etorri zirela bost urte horietan, baina pentsa zein indarrarekin isilarazi zituzten berrogei urtean. Eta errepresaliek urte luzez iraun dute, beldurra egon da eta isiltasuna», esan du Zuloagak.
«MATXETE BATEK ERAGINDAKO HIRU ZAURI IZUGARRI, BI BULARRAK EBAKIZ»
Clara Moran Miguel (Gallarta, 1917). Euskal Milizia antifaxistekin ibili zen borrokan, eta fronteko lehen lerroan galdu zuen bizia, 1936ko urriaren lauan, Kanpanzar mendian. “La fiesta termino en tragedia” liburuan, gordin eta zuzen jasotzen da bere heriotzaren berri. Francisco Artasanchez miliziano santurtziarrak idatzitako liburua da. Jarraian, liburuaren pasartea:
«Lurretik arrastaka eta lokatzez beteak bekainetaraino, hezurretaraino bustita, miliziano senidetuak borrokan ari ginen gizateriak garai guztietan izan duen etsairik txarrenaren aurka.
Ideologia guztietako gazteak zeuden: errepublikanoak, sozialistak, komunistak, anarkistak eta euskal nazionalista katoliko eta antikatolikoak, langileak eta ikasleak, klase ertaineko gazteak eta baita kapitalistak ere. Kide atzerritar batzuk ere baziren, eta horien artean aipatzekoa zen talde polit bat: bi bikote belgikar, bi fusil metrailatzailerekin. Ezkontideak txandaka aritzen ziren fusilarekin, sexu bereizketarik gabe. Egun batzuk lehenago emakumeek beren sorbalda ederrak erakutsi zizkiguten, lehen zuriak eta orain fusil metrailadorearen kulataren mailukada etengabeak gorrituak.
Gure artean ere baziren emakume batzuk, gazte espainiar ausart eta ederrak, etxeko lanak utzita gure askatasun eta justizia kausa defendatzera joanak. Horietako bat, Clara Moran; paragrafo hauek eskaintzen dizkiot hain modu tragiko heroikoan historiara igaro den borrokalariari.
Bere kemenagatik eta patxadagatik nabarmendu zen, eta fusil metrailadore bat zeukaten guztien antzera, bi miliziano lagunen laguntzaz aritzen zen. Borroka gero eta gogorragoa zen. Hiru orduz luzatu zen. Etsaiak, kopuruz eta materialez nagusi zenak, bostehun bat metro atzera egitera behartu gintuen. Errefortzuak jaso genituen eta, handik ordubetera, gogor eta azkar, galdutako posizioa berreskuratu genuen.
Panorama beldurgarria ikusi genuen sua amaitu zenean. Etsaia garaitua eta gu garaileak izan arren, gure posizioa berreskuratu eta etsaia bere jatorrizko lerrora bidali bagenuen ere, nekatuta ginen, indarrak ahituta, hotzez akabatuak eta lokatzez estaliak.
Edozein aldetara begiratuta ere, koadro bera ikusten genuen, lagun eta etsai hilak, zaurituak eta mutilatuak, eta haien artean borroka handiaren amaiera gisa, “Gurutzada Santuaren defendatzaileen moral zibiko-erlijiosoaren” froga gisa, beste koadro txikiago bat, baina neurri handiagokoa.
Clarak eta bere lagunek ezin izan zuten atzera egin, eta ustekabean harrapaturik preso hartu zituzten; hirurak hilda agertu ziren, baina... bera -lumak dardara egiten du nire eskuetan hau idazterakoan- arropak urraturik zituela agertu zen, matxete batek eragindako hiru ebaki izugarri, haietako bik bularrak bitan hautsi zizkioten, bestea, bulbatik abiatuz, zilbor-alderaino iristen zen, sabela behetik gora zabalduz.
Bada gehiago ere; giza gorpuzdun piztia krudel eta satiroek bortxatu egin zuten gazte dohakabe eta heroikoa, historiak gogoratzen duen krimenik handiena eginez...»
[«La fiesta termino en tragedia» liburutik jasoa]