Jai aldi
Azkena Rock-era urtero joaten naiz, hasieratik. Halako ezaugarriak izanik joaten naizen jaialdi bakarra da. Beste estilo askoren artean rockzalea naiz, eta etxetik 30 kilometro eskasetara urtero eskaintzen ditu gutxienez zuzenean ikusi nahi ditudan dozena erdi musika talde. Hamarkada eta erdian Azkena desberdinak ezagutu ditut, bai taldeen kalitateari zein eskainitako zerbitzuari begira; eta ez bata eta ez bestea ez dira hobera joan. Testuinguru honetan badut lagun bat edizio guztietan, azken egunean, gunetik kanporantz goazela, metatutako neke eta bestelakoen ondorioz bihotza irekirik seguruenik, esaldi bertsua botatzen duena: «A ze kaka zaharra! Datorren urtean ez naiz etorriko!». Baina, jakina, urtero errepikatzen du, eta dugu, gure gustuko zenbait talde ikusteko aukera hurbil eta erosoa delako. Eta hori jomuga hartuta, alboratu egiten ditugu janari eta edarien gehiegizko prezioak, eskumuturraren sistema gehiegizkoa, ateratzeko zailtasunak eta enpresa berdinak antolatzen duen BBKLive jaialdiko kontratazio baldintzen inguruko salaketak, besteak beste. Finean, artaldeak gara, eta halako ekitaldiak antolatzen dituztenek badakite guri nondik tiratu. Esaterako, bada Azkena Rock-ekin lotutako lelo bat, seguruenik antolatzaileek asmatutakoa: «Al Azkena se va y punto». Jakin badakite rockzaleak, heavyen antzera, ohituratan oinarritutako animaliak direla, edo garela, eta horretaz baliatzen dira.
A! Azkena Rock aipatu dut, baina aspaldi beste jaialdi erraldoi batera joan nintzen, “Rock In Rio Madrid” izenekoa. Kartelburua Neil Young zen eta hark egin zigun iman-lana. Zakur zaharraren emanaldia itzela izan zen, ahazteko ezinezkoa, baina han ikusitako bestelakoek ere nire erretinan jarraitzen dute: belar artifiziala eremu erraldoi osoan, kosmetika eta banketxeen stand ugari, segurata armatuak jende artean, familia ugari eta tirolinak agertokien gainetik, besteak beste. Badirudi Kanadako musikari zaharra testuinguruarekin nazkatu zela, agertokira igotzearekin bat anplifikagailua gorrian jarrita, aurrekari izan zuen Manolo Garcia-ren zale guztiak, ume karro eta guzti, bat-batean uxatu zituelako. Zer zen hori!
Egunotan irakurri dut Jon Urzelai Urbietak idatzitako “Su Festak” liburu interesgarria. Azken urteotan eragin kolektiboak BBKLive jaialdiko langileen kontratazio ustelen salaketa irmoa egin izan du. Hala, hortik tiraka, egileak ekitaldi horren ardura duen Last Tour International promotorearen kontrako alegatu zorrotza idatziko zuela uste nuen. Eta hori ere egin du, jakina, baina harago joan da: musika jaialdiek eta musikak berak gure hiriak, gure paisaia eta gure bizitza, kapitalismoaren mesedetan, eraldatzen dituzte; eta korronte zabalago hori azaldu eta salatu du. Hori guztia ondo azaltzeko, bidaia luzea eskaintzen digu egileak, eta musikak, erreminta kolektibo gisa, Euskal Herrian zein nazioartean hamarkadatan izan duen bilakaera errepasatu du.
Liburu ezkorra da, ezkorrak direlako bizi ditugun bilakaera eta garaiak, baina era berean, oso argigarria; eta arrazoia ematen die, adibidez, aspaldi “agorerotzat” hartu zituzten haiei, “Guggenheim efektuaz” ohartarazi gintuztenei. Horren aurrean, gure herrian hain presente egon den eta batzuek gaur egun esamolde hutsal eta salgarri gisa erabiltzen duten auzolan kontzeptua ere oso presente dago kontakizunean, egileak gainera datorkigunari kontra egiteko alternatiba gisa izendatu baitu. •