Josu OZAITA
Antropologoa
{ GASTRONOMIAREN ANTROPOLOGIA}

Gau beltzeko janak

Urriaren 31n Gau Beltza ospatuko da Euskal Herriko txoko askotan.
Urriaren 31n Gau Beltza ospatuko da Euskal Herriko txoko askotan. (Josu OZAITA)

Ordu aldaketarekin batera, gau beltza iristen da, eta askok beste bizimodu bati ekiten diogu. Etxean denbora gehiago egoten gara eta, goiz iluntzen duenez, udan ohikoa ez den orduetan afaltzen dugu: neguan sartzen garen sentsazioa izan ohi dugu, nahiz eta oraindik egun batzuk falta.

Azken urteotan, aldi berri honi hasiera emateko, erritu berria sortzen eta zabaltzen ari da Euskal Herrian: Gau Beltza. Berreskuraturiko festa baino, birsorturiko festa dela esan dezakegu. Lehen ez baitzen Gau Beltza izenarekin jai berezirik, baina euskal kulturan sustraiturikoa da. Euskaraz izaten da eta euskal kulturako hainbat elementu gaurkotu ditu: gaztainak jatea, puska biltzeak berreskuratzea, bertako beldurrezko istorioak jasotzea, eta, baita ere, kalabazak hartu, hustu, aurpegi forma eman eta beldur eragile bilakatzea.

Kalabazen berpiztea

Duela hamarkada batzuk, Euskal Herrian, orduko haurrek, arbi edo kalabazak hartu, hustu, eta begiak zein ahoa zulatzen zizkieten labanaz, ostera, kandela sartu eta argia egin zezan, buru-itxura hartuta. Beldurra sortzea zen helburua bide bazterretan jarrita. Jaime Altuna eta biok buruturiko etnografian, makina bat testigantza jaso genituen lurralde guztietan. Oso ohikoa zen udazkenean, iluntasuna lehenago etortzen den egunetan, kalabazen aroan. Baina urriaren 31ren eta azaroaren 1aren bueltan, arruntagoa bilakatzen zen, garai hartan, arimak etortzen zirela sinesten zutelako, kristautasuna nagusi zen garaian.

Testuingurua hori zen: herri kristaua. Eta honekin batera, bestelako umezaroa, gaurkoaren oso desberdina. Haurrek ez zuten eskolaz kanpoko jarduera, entrenamendu, ikastaro edo antzekorik. Eta etxean lan egin behar ez zuten aldietan, herrietan jolasten ziren, askotan irudimena erabilita. Udazkenean, aukera ona zen kalabazekin jolastu eta jendea beldurtzeko. Gainera, etxerako bidean, ez zen farolik izaten, ez ziren gurasoak autoz bila etortzen, eta honenbestez, oinez itzuli behar izaten zuten etxera landa eremuan, eskuan kinkea zutela. Eta ezinegonezko ibilbide horretan, bizirik dagoen kalabaza bat topatzea, sekulako sustoa izan zitekeen. Bihurrikeria zen, eta garai hartan, ez zuen garrantzi berezirik. Hala kontatu ziguten, orduan ere, gurasoek ez zietela halako gauzak egiten uzten.

Urteak igaro eta berriro kalabazen berpiztea etorri da. Badira urte batzuk gure herrietako kaleetan haurrak Halloween ospatzen hasi zirela, askotan, gurasoen antolaketatik at. Dendetako erakusleiho batzuk apainduta azaltzen dira, eta telebistan, bonbardaketa izan ohi da nagusi. Festa globala bilakatu zena gurera ere etorri zen. Egoera horretan, hainbat herritan Gau Beltzari indarra ematen zaio, bestelako balio, eduki eta gure kultura zein garai berrietara egokituta. Ez dira plastikozko kalabazak erabiltzen, baizik eta baratzekoak. Batzuek erosi egingo dituzte, beste batzuek amona edo aitonari eskatu, eta maiatzean hazia hartu eta eskolako baratzean edo etxeko baratzean ereiten dutenak ere badira. Eta oraindik ere, bihurriagoak direnek, iluntasuna iristean, baratzeren batean lapurtuko dute.

Gaur egun, Gau Beltzaren bezperetan, kalabaza tailerrak antolatzen dira hainbat herritan, haur zein helduen artean, kalabazei aurpegi forma emateko, Gau Beltzean beldurra emateko prestatzeko. Herrietako farolak itzaltzean, benetako iluntasuna sentitzean, kandelak dir-dir egiten dute eta bizia hartzen dute kalabazek.

Basoko goxokiak

Udazkena denez, gaztainen garaian sartzen garenez, hainbat herritan gaztaina janak egiten dituzte Gau Beltzean. Kalean, bidoi batean sua, eta honekin batera, mozorroturiko jendea danbolinaren kirrinka berotuz. Garai batean egunerokotasunean jaten zituzten gaztainak. Momentu horretara egokitzen ziren otorduak, eta aldi honetan, gaztaina izaten zen nagusi. Orain, ordea, ez da ohikoa gaztainak jatea. Kutixi modukoa bilakatu da, eta gaztaina janak festa txiki izaera hartu du. Eta haurrek zein helduek, erakargarritasuna aurkitzen diote une horri: momentuan bertan egindako gaztainak, suaren gainean dantzan dabilen danbolinaren soinua, eta, egunkariko orri batean bilduta, gaztaina beroak. Zuritu eta behatzak zikindu.

Kalabaza, gaztainak... udazkeneko jakiak dira protagonista gau beltzean (GETTY)

Zerbait berezia bilakatu da, eta ostiralero txutxeak jateko ohitura duten haurrentzat, benetako goxoki bilakatzen da gaztaina; basoak ematen digun goxoki. Hainbat herritako Gau Beltzaren bezperatan, mendira joaten dira familiak, gaztainondoen magaletan gaztaina lokotxak zapaldu eta aleak ateratzen dituzte, egun handian dastatzeko. Hala, produktuen jatorria ezagutzen dute, basoak ematen duena ikasten, eta historia ikasteaz gain, mendiko gastronomia dastatzen dute.

Puska biltzeen berreskuratzea

Ez da Gau Beltzeko momentu gastronomiko bakarra. Hainbat herritan eske errondak edo puska biltzeak burutzen dituzte. Euskal Herrian, bi alditan banatu izan dira jaiak historikoki: batetik, udako jaiak. Beste herrietatik jendea etorri eta harremanen gune bilakatzen direnak. Bestetik, neguko jaiak. Kanpora begira baino, barrura begirakoak izan ohi direnak: herriko jendeak parte hartzen du batik bat, eta komunitatea indartzeko balio dute. Neguko jaien bueltan, puska biltzeek protagonismo handia zuten landa eremuko hainbat herritan. Puska biltzea etxez etxe eskean aritzea zen, eta etxe bakoitzak garai hartan soberan zuen jakiren bat ematen zuen: txerria hil berri bazuten, txerrikia. Sagardoa egin zuenak, eztarria bustitzeko bixigarria. Oiloak nagusi baziren etxe horretan, arrautzak. Ogia egiten bazuten bertan, ogia. Hala, jaki desberdinak batu eta denen artean jaten zituzten amaieran.

Pertenentzia eta komunitatea egiteaz gain, bestelako eraginak ere baditu: norberak ahal zuena eman eta guztiek batera dastatu eta ospatzea. Ohitura sinple baina polit hauek indarra galtzen joan dira, nahiz eta Ageda eskearen bueltan edo hainbat herritako inauterietan presentzia izan. Gau Beltzarekin batera, erritu hau berreskuratzen eta zabaltzen ari da hainbat herritan. Etxez etxe, txirrina jo eta eskea burutzen da:

“Xumli-xumla,

txingili txangili txango,

gau beltza beltzago,

kalabazek argituko.

Janaria eman arte,

Ez gara joango”

Hala ospatzen dute Gipuzkoako Baliarrainen, adibidez. Eta etxe bakoitzean jaki desberdinak ematen dizkiete: patata tortillak, solomoa tomatearekin kazolan, etxean egindako bizkotxoak, kroketak, txutxeak... eta dena traktore batean jasota, herriko elkartean elkarbanatzen dute, luntx bat izango balitz bezala. Askotan, festa egiteko ez da aurrekontu handirik behar.

Gau Beltzaren gonbita

Gastronomia momentu politak ditu Gau Beltzak, eta bestelako hainbat elementu erakargarri: iluntzea, lagunartea, otordu bereziak, sustoak... eta bide batez, baita tabu bilakatu dugun heriotza bizidunen aldera ekartzeko aukera ere.

Heriotzaren inguruan hausnartzen dugu aldi honetan, baratzea lantzeko balio du, naturaren zikloekin eta garaian garaiko produktuekin gozatzeko bide ematen digu, gorputzean sustoaren zirrara sentituko dugu, eta hau dena, euskaraz eta Euskal Herritik pentsatuta. Eta zuk, zer ospatuko duzu?