Koldo SAGASTI
Entrevue
Mussa´ab Bashir Alazaziza
Gazako itzultzailea, kazetaria eta analista politikoa

«Israelgo kolonialismoaren fase goren eta bortitzenean gaude»

Gazan berriemaile aritu da, eta Israelgo kartzelak ere ezagutzen ditu. Orain Zaragozan bizi da. Kanpotik jarraitzen ari da oso barrutik eta hain ondo ezagutzen duen gatazka

Mussa´ab Bashir HispanTV kateko korrespontsal lanetan.
Mussa´ab Bashir HispanTV kateko korrespontsal lanetan. (GAUR8)

Mussa´ab Bashir Alazaziza Gazako kazetari, itzultzaile eta analista politikoa da. Palestinako kostaldeko zerrendan ibili da berriemaile lanetan, HispanTV hedabiderako, harik eta aitatasunak jaioterria uztera eraman duen arte. Israelgo kartzeletako ziegak ere ezagutu zituen tarte horretan. Egun, Egea de los Caballerosen (Zaragoza) bizi da eta “Arainfo.org” atarian argitaratzen ditu bere analisi politikoak. Euskal Herrian ere ezaguna da, besteak beste, Gasteizko Hala Bedi irratian aspaldiko kolaboratzailea delako.

Azken asteotan, Israelgo okupazio erregimena Gazan burutzen ari den sarraskia kezka profesionalez jarraitzen ari da, baina baita ardura pertsonalez ere, izan ere, armada hebriarraren erasoek eragindako milaka hildakoen artean oso pertsona hurbilak ere galdu ditu. Hain zuzen ere, urriaren 16ko goizaldean bonbardaketa batek bere familiako etxebizitza birrindu zuen eta 27 senitarteko galdu zituen eraikinaren hondarretan zanpatuta.

Bertatik bertara jarraitzen duzu Gazako aktualitatea eta gurera iristen ez diren iturrien informazioa daukazu. Hemengo hedabideetako albisteek han gertatzen ari den sarraskiaren benetako neurria islatzen al dute?

Tira, herrialdearen eta hedabidearen arabera. Espainiaren kasuan, hedabideek, gehienak pribatuak, ez dute erakusten gertatzen ari dena bere tamaina osoan, ez gertaerak ezta testuinguru politikoa ere.

Marko politikoari dagokionez, kontatzen dute hau guztia urriaren zazpian hasi zela, Hamasen erasoarekin, baina isiltzen dute Gazako zerrendari 2007tik erabateko blokeoa ezarri zaiola, hango populazio gehiena errefuxiatuak direla, eta Israelek burututako garbiketa etniko politika baten iheslariak direla. Ez dute esaten, halaber, 2023ko hasieratik okupazio armadak ehundaka hiritar palestinar erail dituela.

Gertaeren kontaketari dagokionez, berriz, ez daukagu bertan gertatzen den guztiaren berri, izan ere, Israelek erabat debekatu du nazioarteko prentsaren sarrera, eta bertako kazetariak ere mehatxupean daude. Gutxienez hogei hil dituzte. Nik jazarpena pairatu duten hiru pertsonalki ezagutzen ditut. Horietako bat Muzanna Annayar da, bere familiaren etxea bonbardatu zuten, Israelgo kibbutzetatik egin zuen erreportaje bategatik. Bigarrena, Hatem Omar, Gazako irrati-esatari aktiboa, emaztea eta seme-alabak hil zizkioten. Eta hirugarrena, Ashraf Shannon, telebistako korrespontsala eta lagun pertsonala, etxea bonbardatu zioten eta orain etxegabe dago. Hori adibide modura.

Egoera honi, gainera, gehitu behar zaio oinarrizko gaien eskasia, erregaien eta uraren urritasun larria dago, eta komunikazioak ere eten egin dituzte, aurki ezingo dugu jakin bertan zer gertatzen ari den, ez telefonoz ez telegram bidez. Hori guztia ez dute kontatzen, beraz, arrazoi objektibo eta politikoengatik esan dezakegu ez direla behar bezala informatzen ari. Gauzei beren izenez deitu behar zaie, eta egiari zor, esan behar dugu Israelgo kolonialismoaren fase goren eta bortitzenean gaudela.

Egoeraren analisi objektiboa egiteko garrantzitsua da testuinguru historikoa. Gazako zerrendako biztanleen kopuru handi bat errefuxiatuak dira, hain zuzen ere, Hamasek eraso egin berri dion Gaza inguruko eskualde horretatik behinola kanporatutako palestinarren ondorengoak. Horixe al da zure familiaren kasua?

Tira, nire familia Gazakoa bertakoa da, baina gehienak errefuxiatuak dira. Esaterako, nire Gazako lagun kutunetako bat, Basel, beduindarren familia batekoa da. Alyammama izeneko herri batetik kanporatu zituzten, Beerseba ingurutik, eta egun, Jabalia errefuxiatuen kanpamentuan bizi dira, Gazako iparraldean. Bonbardaketen lehenengo egunean izan nuen harekin tartetxo batez hitz egiteko aukera, baina geroztik ez dut haren berririk izan, ezta familiarena ere. Baselek emaztea eta hiru seme-alaba dauzka. Saiatu naiz telefonoz, telegramez eta whatsappez kontaktatzen, baina alferrik. Badakit bera bizi den auzunea bonbardatu egin zutela, eta ez dakit bizirik izango ote den. Errefuxiatu hauek guztiak 1948an kanporatu zituzten euren jaioterrietatik, modu masiboan, eta orain ordutik egin den kanporaketarik basatienari egin behar diote aurre, baina ez daukate ihesbiderik. Kaiola batean dauzkate eta batetik bestera bultzatzen dituzte, baina kaiola barruan. Iruditzen zait gertaerak testuinguru honetan ez kokatzea, desinformazioa izateaz gain, errespetu falta bat ere badela, gertazen ari dena jakin nahi duen publikoarekiko.

Oso zaila da komunikazioa Gazarekin. Kazetari eta analista profesionala izateaz gain, inplikazio pertsonal oso zuzena daukazu han gertatzen ari denarekin. Nola kudeatzen duzu hori?

Begira, egoera hau oso zaila da jasaten. Oso estresatuta nabil, ezin iritsi. Une oro jendearekin kontaktatu nahian nabil, amarekin, senitartekoekin, lagunekin, ea denak ondo dabiltzan. Arlo profesionalean, nire informatzaileen %80 baino gehiagorekin galdu dut kontaktua. Haiekin urte askotako harreman profesionala eta pertsonala ere badaukat, eta haiekin kezkatuta nago.

Kazetaritza lanari dagokionez, nik uko egiten diot iristen zaizkidan irudi guztiak argitaratzeari. Jarrera pertsonal bat daukat: jende horren duintasunarekiko errespetuak debekatzen dit gauza asko argitaratzea. Ulertzen dut beste kolega batzuek edo ekintzaileek gertatzen ari dena bere gordintasun osoan erakutsi nahi izatea, baina niri horrek kezka bat sortzen dit profesional moduan. Ezin ditut banatu ofizioa eta giza-printzipioak, eta printzipio horietako bat da pertsonen irudi duina errespetatzea. Bestetik, erantzukizun handia daukat, izan ere, esango nuke Espainia osoan nitaz aparte beste kazetari gazatar bakar bat baino ez dagoela, Madrilen egoitza duen kate arabiar batean lan egiten duen bat, eta erantzukizun hori zama handia da bi pertsonarentzat.

Gertu-gertutik bizi izan duzu sarraskia, bonbardaketa horietako batean senitarteko asko galdu dituzu.

Bai, amaren lehengusuaren familia osoa bonbardaketa batean hil dute. 27 senide, hiru belaunaldi oso, mapatik desagerrarazi dituzte. Seme-alabek aitonaren etxean bilatu zuten babesa, aitonak eguzki plakak zituelako; elektrizitatea, alegia; jardin txiki bat ere bazeukan, bilobek jolasteko... eta hantxe erail zituzten denak. Baina, tamalez, ez da Gazako familia bakarra.

Mussa´ab Bashirren familiaren etxeari eraso egin zioten, eta 27 senitarteko hil zizkion armada israeldarrak urriaren 16ko goizaldean. (GAUR8)

Asteotan «Arainfo.org» atarian argitaratu dituzun artikuluetan oso kritiko agertu zara prentsarekin, bai mendebaldeko prentsarekin bai Israelgoarekin. Zure esanetan, erasoaldi honen hastapenetan okupazio erregimenak prentsa baliatu du Israelgo iritzi publikoa prestatzeko, tamaina honetako genozidio bat onar zezan. Hala izan da?

Bai, izan ere, Israelen ez dago prentsa independenterik. Egon daitezkeen komunikabide alternatiboak oso gutxi eta minoritarioak dira. Telebistaren kasuan, legez, hedabideek armadaren eta sionismoaren baloreen gorazarre egiteko konpromisoa hartu behar dute. Telebistako tertulietan etengabe agertzen dira militarrak, militar ohiak, Shabak (Barneko Zerbitzu Sekretuak) eta Mossadeko (Kanpoko Zerbitzu Sekretuak) ordezkariak, Hasbarakoak (Propaganda Ministerioa)... Eta haien ardura da publikoaren iritzia bideratzea, palestinarren aurkako bortizkeria justifikatzeko.

Erabiltzen duten eremu semantikoan ere ‘garbitu’, ‘desagerrarazi’ eta ‘suntsitu’ bezalako hitzak normalizatu egin dituzte. Atzo, adibidez, Kan 11 Israelgo kanal ofiziala ikusten ari nintzela, albistegietako aurkezleak, Dov Gil Harik, 454 batailoiko komandante bat elkarrizketatu zuen. Berriemaileak, jarrera objektibo bat hartu beharrean, estrategia militarrari buruzko iritziak trukatu zituen elkarrizketatuarekin, eta areago, Gaza lurraren bidez inbaditzera animatu zuen. Baina, itxuraz, Netanyahuren gobernuaren barne politikekin kritikoagoak diren kanalek ere bat egiten dute Gazako sarraskia justifikatzeko kontakizunarekin. Tertulia horietan guztietan ustezko kazetariek militarrak elkarrizketatu ordez hauspotu egiten dituzte. Are gehiago, badira telebistako aurkezleak harro adierazten dutenak jendaurrean Marinako erreserbistak direla. Horrelakoxeak dira Israelgo prentsako hedabideak.

Zure familiako 27 lagun bonbardaketa batean hil eta ordu gutxitara bideo bat argitaratu duzu sare sozialetan, hebreeraz, Israelgo kibbutzetako kolonoei zuzenduta. Zergatik egin duzu eta zer mezu helarazi nahi izan diezu?

Bai, bideo hori lagun judu-antisionista batzuekin elkarlanean egin dut, eta bertan, Palestinako preso politiko ohi moduan, hebreeraz zuzendu natzaio Hamasek eraso egin zien kibbutzetako populazioari. Kibbutz horiek gure lurraren garbiketa etnikoaren gainean eraiki zituzten. Hango biztanleei azaldu nahi izan diet eraso horien zergatia, eta dei egin diet kolonialismo sionistaren aurkako borroka komun batera eta errefuxiatuen itzultzeko eskubidea bermatzera. Azaldu nahi izan diet etorkizuna bideragarria dela soilik elkarrekin estatu demokratiko batean bizi bagara, komuneko ongizatea bermatzen duen estatu sozialista batean, inongo bazterkeriarik gabe. Bideo hau lagun judu-antisionisten kanalen bitartez zabaltzen saiatu gara, komunikabide handietara iritsarazteko asmotan, baina Israelgo hedabide ofizialek boikot egin diote, izan ere, haien helburu bakarra da palestinarrak deabrutzea. Horretarako, albiste faltsuak ere zabaldu dituzte, gezurrak baliatu dituzte ke-laino bat hedatzeko Gazan gertatzen ari denaren inguruan. Hori anti-palestinismoa da, eta onartezina da.

Gatazkaren ibilbide historikoa ikusita, eta populazio okupatzaileak hamarkadetan zehar jaso duen doktrinamendua kontuan hartuta, uste duzu zuk bidali duzuna bezalako mezu batek harrera positibo bat izan dezakeela okupatzaileen artean?

Epe luzera bai. Zenbaitetan, adibidez, hainbat kibbutzetan erakusketak antolatu dituzte errefuxiatuen historia azaltzeko eta kibbutzen aurretik lur horietan zeuden herrien historia ezagutarazteko; argazkiekin, mapekin… eta eztabaida interesgarriak sortu dira bertan. Kibbutz horietan ikusi da emakumeen bi herenek begi onez ikusiko luketela errefuxiatuen itzulera; gizonen artean, berriz, portzentajea txikiagoa da. Nolanahi ere, ikusi da gauzak zentzuz planteatzen badira, norabait irits gaitezkeela, eta horrelako esperientziak ugaritzen badira, kontakizun sionista desmuntatzera irits gaitezkeela. Momentu hori iritsiko delako itxaropena daukat. Orduan, kontakizun sionista bere lekuan utziko dugu; hau da, argi geratuko da Israel erregimen sionista ilegala dela, bertako populazioaren garbiketa etnikoan oinarritua eta Nazio Batuen Erakundearen ebazpen guztiak urratuz sortu zena, besteak beste, 49ko 173.3 ebazpena eginez, zeinak estatua onartzearen truke errefuxiatuen itzulera bermatzea exijitzen baitzion Israeli.

Mussa´ab Bashir eta Isabel Perez (haren bikotekidea) kazetariak Hala Bedi irratiko estudioetan, Euskal Herrira egindako bisita batean. (HALA BEDI)

NBEa aipatu duzu. Azken asteotan argi geratzen ari da nazioarteko erakundeak ez direla batere eraginkorrak Israelgo krimenak geldiarazteko orduan; ez NBE, ez Nazioarteko Zigor Epaitegia, ez mendebaldeko gobernu eta erakundeak, baliabideak izanagatik, ez dutela Israel gelditzeko inolako borondaterik. Bestalde, arrakala handia azaltzen ari da elite politikoen eta herri xehearen artean, azken egunotan mundu osoko milioika herritarrek bete baitituzte kaleak Palestinarekiko elkartasunean. Nola baloratzen dituzu bi erantzun kontrajarri horiek?

Ulergarria da. Nazioarteko komunitatea deritzoten hori eta hango erakundeak, Europako Batasuna, Nazioarteko Zigor Epaitegia eta dena delakoak sionismoaren konplizeak dira, klase hegemoniko baten ordezkariak dira, ez dira hilabete bukaerara nekez iristen den kaleko jendea bezalakoak. Elite horiek negozioak dauzkate Israelekin, teknologia arloan, armagintzan eta abar. Oso eroso daude Israelekin; normala da, beraz, Israel babestea. Gauzak horrela, konponbidea nazioarteko komunitatea delako hori kontuan hartu gabe eraiki behar dugu… ez NBE, ez Europako Batasuna, konponbidea ez baita haiengandik etorriko. Konponbidea herri borroka baten eskutik etorriko da, Palestinaren barruan palestinarrak eta judu-antisionistak elkarlanean; estatu bakar, laiko, demokratiko eta sozialistaren helmugara iristeko; eta kanpotik ere herriaren presioa behar da boikotaren bitartez. Boikota egin behar zaie Israelgo produktuei eta estatuaren ordezkariei, direla artistikoak, direla kirol arlokoak… Israel mugiarazteko. Presio neurri horiek Nazioarteko Zuzenbidearen barruan daude. Eta Nazioarteko Zuzenbidearekin lerrokatzen bagara, Israelgo erregimenaren enbaxadorea, Rodica Radian-Gordon, kanporatu beharko genuke, duela gutxi adierazi baitu Gazako zerrenda urik, argindarrik eta erregairik gabe utzi beharko luketela, eta hori zigor kolektiboa da, Nazioarteko Zuzenbidearen kontrakoa. Presioa kalean inportantea da, eta boikota ere inportantea da, horrek okupazio erregimena mugiaraziko baitu eta palestinarren eta judu-antisionisten barneko elkar-borroka erraztuko baitu.

Izan ere, azken asteotan mundu osoan Palestinaren aldeko mobilizazioak eta ekimenak antolatzen ari dira. Baliagarriak al dira elkartasun erakustaldi horiek? Zer egin behar dugu keinuetatik elkartasun eraginkorrera pasatzeko?

Begira, gaur goizean, saiatuaren saiatuaz lortu dut gutxienez Gazako hamar lagun eta senitartekorekin hitz egitea, tartean amarekin, eta denek gauza bera esaten zidaten: “Ba al da inor hor kanpoan?”, “Gertatzen ari al da zerbait munduan?”, “Inor zerbait egiten ari al da hau gelditzeko?”… Hango jendea poztu egiten da kontatzen diedanean greba egin dutela unibertsitatean, edo Osasunako zaletuek Palestinako banderak atera dituztela, edo milaka lagun atera direla kalera… Sentitzen dute, nolabait, ez daudela hain bakarrik. Ez gara ezdeusak sentitu behar, garaipenak ez datoz egun batetik bestera. Unibertsitatean, futbol zelaietan zein kalean inportantea da boikota egiten jarraitzea. Horrek ekarriko du gerora garaipen handiago bat, Israelekiko lotura instituzionalak eta ekonomikoak etetea, eta erregimen sionista isolatzea.