Barrura begira
Erraza egiten zaigu, hanka edo besoa apurtzen dugunean, sendagilearengana joan eta, lanera joateko ezinduta gaudenez, baja eskatzea eta onartzea. Baina zein zaila den “burua puskatzen” zaigunean edo, beste modu batera esanda, barruak krak egiten digunean, pauso berberak ematea.
Osasun mentalaz hitz egiten hasi gara gure artean eta, oso gai zabala den arren, eta, beraz, lantzeko zaila, poliki-poliki gaiarekiko enpatia sentitzen dela esango nuke; nahiz eta oraindik lagunartean, lantokian edo baita sendagileren batek edo bestek ere arraro begiratu, esanez bezala «zer esaten ari zara?».
Disoziazioa aipatu nahi dizuet gaurkoan. Psikologian, modu sinple batean esanda, burua eta sentimenduak bat ez datozenean gertatzen dena da. Trauma baten ostean, defentsa mekanismo bezala funtzionatzen du: «Ez dut sufritu nahi, beraz, deskonektatu egingo dut eta kitto». Horrela, ez da minik sentitzen. Baina pozak ere ez dira sentitzen. Eta sekretu bat esango dizuet: horrela bizitzea askoz ere errazagoa da niretzat, sentituz bizitzea baino.
Sintomak askotarikoak dira eta horien artean aurkitzen dira adibidez estresa, antsietatea eta depresioa. Koktel bikaina!
Argi dut, “euskal gatazka” deitu dugun honetan, torturak, espetxeak, errepresioak, erailketak, desagerpenak, etab. luze batek sortu dizkigun traumak pairatu ditugunen artean, ez naizela bakarra horrelakoak bizitzen ari dena. Gertaera askotariko hauen ondorio askotarikoak norberarengan ezberdin eragiten dutela ere ohartzen naiz. Bide luzea dugu egiteko, honaino iristeko izan dugunaren antzera.
Zaintza hainbeste entzuten dudan egun hauetan, zaindu dezagun hau ere, zaindu gaitezen gu. •