Maider IANTZI - Iraitz MATEO
Entrevue
Aitor Etxeberriazarraga Gabiola

«Nire ilusio handiena da paper on bat egitea plazetan jarraitu ahal izateko»

Gernika-Lumo, 1993. 2018an parte hartu zuen lehenengoz txapelketan eta 2021ean finalista izan zen. 2022an Txapelketa Nagusian kantatu zuen. Hirugarren egin zuen Berrizen eta kolokan egon zitekeen. Baina erregular ibili zen eta eustea lortu zuen.

Lehendabiziko finalaurrekoa kantatuta, urruti samar ikusten zuen finala, baina egunez egun martxa hartzen eta mentalizatzen joan da.

«Bat-batekotik asko dauka bertsoak, eta horretaz aparte txapelketak psikologiatik eta emozioetatik asko dauka. Niri loan eta gosean ez dit eragiten. Normalean urduritasunak tripan nabaritzen ditut eguna gerturatu ahala. Oraingoz ondo nago, gorputzaldi onarekin, atseden hartuta eta gogotsu», adierazi digu.

Nola joan zen Berrizen kantatu zenuen finalaurrekoa?

Saiora etortzea kostatu zitzaidan, ez nagoelako ohituta finalerdietako tentsio batekin hasten txapelketa. Hau hirugarren txapelketa dut, eta nire bizitzako lehenengoetako saioa zen. Oraingoan, lekua topatze horretan zortziko handian urduri hasi nintzen, baina hortik aurrera gustura.

Zortziko txikian gustura ikusi zintugun Abarkasekin.

Osoen edo biribilen hori irten zitzaidan. Beste ariketekin ere nahiko gustura geratu nintzen. Momentu batzuetan sentsazioa izan nuen gaian kokatzerakoan korrontearen kontra nenbilela. Batzuetan dena alde tokatzen da; besteetan, igeri joan behar izaten da bila. Hori da txapelketa.

Ganbarako lanarekin konforme gelditu zinen?

Bai. Ez zen bereziki landua neukan gai bat, nik aukeratua, baina gaia entzunda ezin kokatu nenbilen, ez nuen topatzen helduleku solido bat sakon eta dentso kantatzeko. Orduan, boteprontoan, denbora aurrera zihoala ikusita, Olentzeroren gorabeheretan sartu nintzen. Joskerarekin, bertsoaren etorriarekin gustura geratu nintzen, baina heldulekua bera ez dakit errepikatuko nukeen.

Nola prestatu zara? Zertan egin duzu ahalegina?

Hiru urtean hiru txapelketa jokatu ditut lehenengo bider, eta aurrekoaren neketik guztiz lasaitu barik harrapatu nau honek. Lehiatzen ibili behar horretan ilusioa topatzea pixka bat kostatu zait. Ez zen hainbeste entrenamenduaren nekea, baizik eta berriro lehiara atera behar izateko neke bat. Saiatu naiz doinu desberdin batzuekin, bakarka ere neurri motza aukeratu nuen, desafio txiki batzuk jartzen nire buruari.

Nola bizi duzu lehia?

Ez dut kontsideratzen bereziki txapelketa zalea den pertsona naizenik, baina ulertzen dut bide zuzena dela plazetan egoteko. Bereziki aurreko Bizkaiko finaletik, eta Euskal Herriko txapelketan egindako lanarekin ere nahiko konforme geratuta, nire bertso agenda handitu egin da, oso-oso gustura nabil, gozatu dut. Nire ilusio handiena da paper on bat egitea, behintzat beste hainbeste plazetan jarraitu ahal izateko. Agian bi urte barru ezberdin ikusiko dut txapelketa bera. Baina orain helduleku handiena edo solidoena da badela plazara heltzeko modu bat.

Zer diozu txapelketaren ibilbideaz eta finalaz?

Finalerdietan hartu du txapelketak eskatzen zen beroaldia, eta final guztiz polita gelditu zaigu. Zortzikotetik bost dezente batzen gara bertsotarako, kasualitatez edo ez, Aramaion ibili gara elkartzen. Gorkarekin [Pagonabarra] ere badaukat ‘feeling’ berezi bat, lehenengoz elkarrekin sartu ginen eta bigarrenez elkarrekin gatoz. Zortzikote oso-oso polita ikusten dut, sentitzen dut jendearen eta bertsozaleen partetik oso gustura jaso dutela, poztasunez. Ardura hori gure gain hartu, eta ea benetan ez den karteleko final polita bakarrik.

Zein helbururekin joango zara zu?

Ez dut helburu berezirik markatu, nahiko nuke behintzat igarri dadila ez dela lehenengoz nagoen plaza bat, badakidala non nagoen. Entrenamenduetan eta plazetan sentitzen naizen bezala sentitu nahiko nuke bertsotan.

Zer oroitzapen duzu aurreko finalaz?

Ez nuen bereziki sufritu, baina pandemiako finala zen, hotzagoa, musukoarekin. Protokolarioagoa izan zen eta ez nuen bereziki jai baten sentsazioa bizi. Horren guztiaren barruan, nahiko gustura kantatu nuen. Sentsazio horretatik eta pandemiako final bat ez den horretan zerbait biribilagoa lortu nahiko nuke orain.