Sustrai COLINA
Entrevue
Pello Zubiria Kamino
Kazetaria

«Ez naiz konspiranoikoa, baina bai egia ofizialetik at dagoenari erreparatuzalea»

«Planeta prekarioan, XXI. mendeko krisi eta erresistentzien kronikak» liburuak Zubiriak hogei urtez argitaratutako artikuluen hautaketa-bilduma atondu du. Aukera aparta, Zubiriaren gogoeta-bilduma bat jasotzeko.

(Argazkiak: Jon URBE | FOKU)

Erretirorako bidean sarturik, “Planeta prekarioan, XXI. mendeko krisi eta erresistentzien kronikak” liburua dakar Pello Zubiria Kaminok (Aginaga, 1958). Izan zitekeen euskal kazetaritzan egindako ibilbide oparoaren testigantza bat; ez da alferrik izan “Euskaldunon Egunkaria”-ko lehen zuzendaria (horregatik eraman zuen atxilo Guardia Zibilak 2003ko otsailaren 20an) eta “Argia”-ko zuzendari (1994tik 2002ra) zein erreferentziazko ahotsetako bat. Liburua izan zitekeen, halaber, ingurukoek erdi sinetsita erdi konpromisoz idatzitako lausengu sorta. Baina ez bata ez bestea: “Argia”-ko Net Hurbil sailean ia hogei urtez argitaratutako artikuluen hautaketa-bilduma dago azaleko argazki harrigarriaren gibelean. Ba al da kazetari batentzat bere artikuluak baino testigantza hoberik?

Nolatan sortu zen Net Hurbil saila?

2001ean, lehendik diagnostikatuta neukan artritisak eraso bortitza jo eta ohean blokeatuta utzi ninduen. Oraindik gogoan dut Xabier Letonaren deia dorre bikiak eraisten ari zirela eta telebista pizteko esanez. Ordura arte, nire belaunaldiko beste asko bezala, kudeaketan eta erredaktore-buru lanetan nenbilen idazketa-kazetaritzan baino gehiago. Nire baja luzatzen joan zen, ezintasuna aitortzen eta bizi osorako pentsioa ematen dizun ala lanera itzultzera behartzen zaituen epaimahaiaren aurretik igaro nintzen arte. Epaimahaiak zer erabaki zuen? Lanerako gai nintzela, ez ordenagailu aurrean idazketan aritzeko, baina bai zuzendari lanak egiteko. Hala, niri lanera joan beharra oparitu zidan eta “Argia”-ri zuzendari bat inposatu. Zorionez, “Argia”-ko lankideek erraztasun eta aukera guztiak eskaini zizkidaten etxetik eta gaitzak uzten zidan erritmoan aritzeko. Ordurako, interneten genbiltzan eta aldizkariak nazioarteko geopolitikari buruzko sail bat eskertuko zukeela susmatzen genuen. Ni ez nintzen eta ez naiz geopolitikan aditua, nazioarteko harremanetan jakituna ere ez, baina irakurlea bai. Internetek informazio asko jartzen zidan eskueran eta horrela hasi nintzen astero gai bati buruzko bi orrialde idazten Net Hurbil izeneko sailean. Baina ez dut ezer asmatu: nik landu ditudan gaiak “Argia”-k aspalditik jorratzen zituenak dira.

Aktualitateari jarraitu diozu, ez agenda ofizialari.

1985. urtean, Larrun-en bigarren alean, XXI. menderako aurreikusten ziren krisiak aztertu zituen Mikel Ubillosek: klima-aldaketaren arriskua, gainpopulazioa, biodibertsitatearen galera, elikagaien falta, ur-eskasia... Gaur egun mainstream direnak aipatu zituen ordurako. Kazetaritza eta informazioa estimatzen badituzu, nola ez zaitu horrek markatuko? Gure irakurleek ez al dute gertatzen ari denaren eta gertatuko denaren aurreikuspena ezagutzea merezi? Internetek horretarako aukera paregabea eskaintzen du. “Le Monde Diplomatique”-n artikulua irakurri eta kopiatu beharrean, iturriak detektatu, erreferentzietan sakondu eta, normalean, hedabide askok betetzen ez duten eremu zabal bezain interesgarri batekin egiten duzu topo. Zergatik? Denok ibiltzen garelako eguneroko lanetan harrapatuta, agenda betetzen. Orain Gazaz hitz egin behar dugu, duela hilabete batzuk baino gutxiago aipatzen dugu Ukraina, Armenia ahaztuta daukagu, Yemenekoa aspaldi joan zen, Evo Morales historiaurrea da, Boliviarik ez dago... Beste hedabideetan bestelako informazioa topatzen hasten zarenean, jarraipena egiteko eskatzen dizu senak eta beste errutina batzuk hartzen dituzu. Orduan ez zegoen sare sozialik, ez zitzaizun hango edo hemengo abisurik iristen, zeuk antolatzen zenuen sarean barneko zeure ibilbidea. Ni halatsu nabil oraindik.

«Garrantzitsuenari erreparatu» diozu, ez berrienari.

Ez al genuke hori egin beharko? “Argia”-k oro har lortzen duela uste dut, bere ildoa hori dela.

Gurean ere orotariko tentazioak izan ditugu eta, gainera, euskaraz gauza arinak egitera bultzatu nahi izan gaitu inguruak. Jasoegia izatea aurpegiratu digute, baina nork esaten du gaztelerazko ala frantsesezko testu bat konplikatua dela? Sekulako adreiluak irensten dira erdaretan, baina guk hizkuntza sinplifikatzeko estiloa kargatzen ibili behar dugu. Noiz arte entzun beharko dugu gazteengana hurbiltzeko hola eta hola idatzi beharko genukeela? Intuizioz edo halabeharrez, gure ildoari eutsi diogu beti, ahalegindu gara arinkerian ez erortzen, espazio hori okupatuta dagoelako. Horrek irakurleenganako kontsiderazioa eskatzen du eta beste irakurle batzuengana helduko ez zarela onartzea. Irakurle gazteak harrapatzeaz mintzo gara, baina Zeruko Argiaren balizko urrezko aroan ere zenbat gaztek irakurriko zuten aldizkaria? Adinarekin irakurleak hurbiltzen eta urruntzen direla asumitu behar duzu. Mediku eta kazetari txar asko dauden bezala, alabaina, analisi soziologiko txar asko egiten ditugula uste dut. Bakoitzak jakin behar du bere denbora eta lekua zein den. Guk gauza batzuetan ezin dugu lehiatu “EITB”-ren edo “El Diario Vasco”-ren lerroarekin, baina beste batzuetan bai. Hor aurre egin behar diegu, ez osagarri hutsak izan.

Gakoa ez al da, ezerk irauten ez duen garaian, irauten duen kazetaritza egitea?

Niretzat lore handia da lankideek duela hogei urteko artikuluek oraindik irauten dutela azpimarratzea. Liburuaren ideia proposatu zidatenean sekulako bertigoa ematen zidan eta, zertarako ukatu, orain ere ez nago beldur horretatik salbu. Horregatik ez dut eskurik sartu liburuan. Horregatik utzi ditut editore-lanak Jenofa Berhokoirigoin, Lander Arbelaitz, Jon Torner eta Urko Apaolazaren esku. Belaunaldien arteko komunikazioaz eta jarraipenaz mintzo bagara, gai bat ateratzen denean, egon behar da duela hogei urte norbaitek gaiari buruz hau eta hura idatzi zuela oroituko duen norbait. “Argia”-n eta astekari formatuan ari garenon bokazioak ezin du izan paperezko mukizapiak egitea. Net Hurbil eta “Argia”-ko eduki asko dabiltza iritzi artikuluaren eta kronika soilaren artean. Irakurleak estimatzen du hori eta, ez badu estimatzen, ez zaitu irakurtzen eta kito. Baina zuk zure puntua eman behar diozu artikuluari.

Zure puntua nabari da, titularretik hasita.

Gure lanaren azterketa mekanikoa egin behar genuke. Kazetari gazte hasiberriei ez nien izenbururik gabeko artikulurik entregatzen uzten. Zenbat ordu eskaintzen dizkiogu artikuluari? Eta izenburuari minutu erdirik ere ez? Gaizki ari gara. Jar gaitezen irakurlearen begietan. Nondik sartuko zaio artikulua? Lehenbizi, titularretik, nabarmendutako zatietatik, argazkitik edo argazki-oinetik, ezta? Unibertsitatean halakorik erakusten ez bada ere, denbora eskaini behar zaio horri. Bakoitzak egin ditzala bere bekatu edo hanka-sartzeak, asmatzeko bidea hori dela jakinik. Hizkuntzarekin jolas egin behar dugu. Artikulu bakoitzean, gutxienez, heresia linguistiko bat egiteko eskubidea beharko genuke. Euskara oso aberatsa da, euskalki andana du, gazteek entenditzen ez dituzten hitz zaharrak daude, adinekoek harrapatzen ez dituzten hitz berriak.. Horregatik, kazetariok Euskaltzaindiak onartzen ez dituen hitzak erabiltzeko libertatea hartu beharko genuke, letra etzanean nahi bada, baina hizkuntza aberastera jo. Euskara normalizatu eta estandarizatzeko ahaleginari ezin diogu bizkarra eman, baina golferia puntu bat behar dugu, hizkuntza erabat kamustu ez dakigun.

Zubiria kazetariaz gain, Pello herritarra ere ageri da zure kroniketan, bere kezken eta ondorioen berri gainontzekoei parez pare emanez.

Itxaropen handiak eta borroka batzuk egin dituen belaunaldi batekoa naiz. 65 urte ditut, baina hurbilago sentitzen naiz 75 dituztenengandik, 55 edo 60 dauzkatenengandik baino. Belaunaldi horretako jende askok hor jarraitzen du, interes biziz, eta, nire artikuluetan, beste adinkide batzuen lanetan bezala, belaunaldi horren eboluzioaren parte bat islatzen dela uste dut. Ez dudanez literaturarako balio, kazetaritza egiten dut. Ez dudanez fikzioak sortzeko balio, errealitatean arakatzen dut. Gazak eskaintzen duen materiala nekez atzemango duzu fikziozko nobela batean. Nire begirako, nekez egingo duzu Fukushiman gertatu zena baino fikzio gordin, aberats eta esanguratsuagorik. Denborarekin belaunaldi bakoitzeko jendeak hautu ezberdinak egiten ditu, denok daukagu egokitzeko joera, baina gauza batzuk benetan bizitzea egokitu bazaizu, beti zabiltza alternatiba autentikoen bila. Batzuetan ez da erraza alternatiboaren eta konspiratzailearen artean bereiztea; ni ez naiz konspiranoikoa, baina bai egia ofizialetik at dagoenari erreparatuzalea. Gustatzen zait sistematik aparte edo sistemaren ertzean gure belaunaldiak defendatzen zituen balioekin zeintzuk dabiltzan aztertzea.

Bilaketa horretan, nola topatu iturri fidagarriak?

Arriskuak hartzen dituzu. Ez duzu beti asmatzen. Net Hurbileko 900dik gorako artikuluetan hanka-sartzeak ez dira faltako. Ezin da beti asmatu, baina, pixkanaka, iturriak ere ezagutzen zoaz. Pandemia garaia, adibidez, nahiko une kritikoa izan zen teoria ofizialak eta konspirazioak bahetzeko. Saiatzen zara zuretzat fidagarrienak diren iturrietatik edaten, zalantzak dauzkazunean berme zenbaitekin ematen, baina, hala ere, oso erraza da irrist egin ala esnobismoan erortzea. Ziur naiz behin baino gehiagotan jausi naizela ni ere. Gure mugen preso gara. Gogoan dut, “Argia”-n, sare sozialik ez zen garaian, interneten ibiltzeak kostu bat zuen sasoian, hasi ginela sarean. Ziurrenik, egun, orduan pentsatuko nuena baino askoz kontzentratuago dago sarearen jabegoa eta kontrola: Googlekin moldatzen gara eta Googlek moldatzen gaitu. Hala, lehen baino bilaketa gutxiago egiten dela esango nuke, datorkigunarekin ibiltzen garela. Normalean, norbaitek “interneten ikusi dut…” dioenean, sare sozial batetik iritsi zaiola dio. Nik sare sozialak utzi nituen, ez daukat whatsappik, baina iturri horiek bilatzeko agintzen dit senak. Aldizkari andana dago interneten, itzultzaile automatikoen sekulako eskaintza; ez dago aitzakiarik bilaketaren hariari ez tiratzeko. Horretarako, ordea, norbaitek galbahe lana egin behar dizu, pistak eman ala, bestela, alde guztietako manipulaziora kondenatzen duzu zure burua. Eromena da hori.

Galbahe-lan hori egiteko aldarrikatzen duzu kazetarien beharra gizartean?

Kazetariak behar dira, ez komunikazioan lizentziatuak. Interesgarriagoa iruditzen zait kazetaritza ez den edozer estudiatu eta gero komunikazioaren lan-errutinak ikastea, AEBetako filmetako kazetari-protagonisten ametsekin hasi eta morroi-lanean amaitzea baino. Agian, horrelakoak ere behar dira, baina tornulariak behar diren bezala, ez pretentsio gehiagorekin. Nik irudikatzen dudan kazetariak errealitatearen eta informazioaren galbahe-lana egin behar du, medikuak terapiak bahetu behar dituen bezala. Zertarako nahi dugu beti farmazeutikak ekarritako azkena soilik errezetatzen digun doktorea? Bada, kazetaritzan gauza bera. Uste dut behar horiek energia eta baliabide gehiegi xahutzen dituen gizarte baten seinale direla. Hori hala, ez dut uste krisi sakon baten ondoren santuagoak eta hobeak izango garenik.

Horregatik idazten duzu sistemaren erdi-erditik, aldi berean zapaldua eta zapaltzailea denaren larrutik?

65 urterekin, ez badaukagu autokritika eta autokontzientzia maila minimo bat, zertan gabiltza? Gure belaunaldiko gehienak proletariokumeak ginen umetan. Horietako batzuk, oraindik erdi baserritar izatea amesten dugunak, fabrikan lan egiten zuen aita eta etxeko lanak eta baratzea eramaten zituen ama baten haurrak gara. Orduan ere, orain bezala, etorkinak etortzen ziren gaizki mantendutako herriko azken baserri edo etxe miserableenera. Aginagan, gure ondoan bizi ziren eta haiek ere proletarioak ziren gure aita eta gure lagunen aitak proletarioak ziren fabriketan. Gaur egun, ordea, gu beste maila batean bizi gara, bestelako erosotasunak dauzkagu eta, kontzientzia horri uko eginez gero, kontsumismoarekin txoratzen gara. Gure haurrek ordenagailu onena behar dute ikasteko, aulki ergonomikoa, ez dakit nolako mahaia... Non ikasten genuen guk? Etxean sukaldetik kanpo leku berorik ez zegoelako ibiltzen ginen kalean. Aberastasunaren banaketaz mintzo garenean ezin dugu ahantzi lehendabiziko tropelean goazela. Txinako edo Vietnamgo lan-baldintzak inportatzen dizkigutelako kexatzen gara, baina zer nahi dugu? Low-cost kontsumitu eta soldata oparoa izan?

Errazagoa da alarmismoan erortzea garaiz alarma jotzea baino.

Oso erraza da ondorioak begien bistakoak direnean edo ezinbestez mugitzea tokatzen denean, «nik esan nuen»-ka hastea. Zer gertatzen da Palestinarekin? Zisjordanian apartheid bat dagoelako isiltzen gara, baina apartheid horren ondorioen irudi jasanezinekin eskandalizatzen. Esan beharko dugu ez garela gai izan apartheida irauli eta basakeria geratzeko, ezta? Ulertu beharko dugu basakeria horrek beste ondorio batzuk ereingo dituela, ala? Nire ustez, komunikatzen duen edo besteei zerbait proposatzen dien orok alarma jo behar du eta «hau gertatzen ari da eta beste hau gerta daiteke» idazteko arriskua hartu. Klima-aldaketarekin suertatu zaiguna bestelako gaiekin behin eta berriz pasatuko zaigu bestela.

Adinarekin esfera publikotik apartatzen jakin behar dela diozu. Ez da beti pasatzen.

Jakin behar da, baina hemen ari naiz, liburua aurkeztu berri, elkarrizketa bat ematen. Adin jakin batekin bazterrera egin ezean, ondorengoek ez dutela segidarik hartzen uste dut. Batzuetan, ordea, oso pentsakera paternalista iruditzen zait. Izan ere, gazteak indartsu etorriko balira kenduko gintuzkete, guk gure aurrekoak zokoratu genituen bezala. Gertatzen dena da gure belaunaldia oso ugaria dela eta oraingo gazteak gutxi direla. Hori diote soziologoek. Egia da 68ko belaunaldia garela, oso politizatua, baina asko markatzen jarraitzen dugu oraindik eta ez gara esfera publikotik zein agintetik apartatzen. Hori ez da ona.

Zu beti tematu zara gazteei lekua egiten.

“Argia”-ren ezaugarrietako bat da hori, ez nirea bakarrik. Finean, halako egitasmo batean murgiltzen bazara, militantea zarelako ere bada eta, ondorioz, proiektua geroratzea beti da lehentasuna. Ildo horretatik, etengabeko ariketa da ondoren datozenak trebatzea, laguntzea, zure pisten arrastoan jartzea...Hori gure aurrekoek ere egin zuten “Argia”-n, gu saiatu egin gara eta nire ondokoek ere horretan dihardute. Hori da modu bakarra gurdiak aurrera segi dezan.

“Argia”ko pertsona zara?

Ez dakit nirea ez ote den “Argia”-ko familia bat. Bertan ibili garen gehienok oso militanteak izan gara eta gure bikotekideak ere asko inplikatu dira. Inoiz zorretan ere sartu behar izan dugu eta hori ezin da egin familiaren babesik gabe. Agertzen dena agertu ahal izateko inpresioak, presioak eta prezioak familiak eramaten ditu beti.

Jende askorentzat “Euskaldunon Egunkaria”-ren aurkako operazioan atxilo eraman zutelako ezaguna.

Jende gehienak ez duelako euskarazko komunikazioa ezagutzen gertatzen da hori, euskal mundua oso txikia delako eta bazterreko lekua okupatzen duelako. Telebistan agertzen zarenagatik ezagutzen zaituzte, ez egiten duzunagatik. Ez nau bereziki arduratzen.

Arduratzen zaituenera itzuliz: zeintzuk dira euskal prentsaren etorkizuneko erronkak?

Batera kudeatu beharreko erronka asko dira. Hori da arazoa, hor dago desafioa. Batetik, euskararen normalizazioan eragile-lan bat egiten jarraitu beharra dago. Bestetik, euskalgintza, kulturgintza eta herrigintzan motor direnen bilgune eta komunikazio tresna izatea ere badagokigu. “Argia”-k, esaterako, beti definitu du bere burua ezkerreko eta aurrerazaletzat; beraz, ezin dio uko egin egunerokoan balore horiek defendatzeari. Gauza bera naziotasunarekin. Naziotasuna etengabeko erronka da euskal prentsarentzat. Oso etsigarria da niretzat ipar-hego muga zein gutxi arindu dugun baieztatzea. Ez da posible iparraldeko askok espainolez jakitea hegoaldeko ia inork frantsesezko hitzik ematen ez duen bitartean. Ez da posible iparraldea abiada bizian deseuskalduntzen ari dela ohartu eta besoak gurutzaturik elkarri begira gelditzea. Zerbait pentsatu behar dugu. Euskal prentsaren geroarentzat aktualitateari jarraitzea bezain garrantzitsua da hori.