Nerea GODOY FUENTES
Hezitzailea eta Bizipozako kidea
3 BEGIRADA:

Sudurrean gorri, bihotzean irri

Sudurrean gorri eta bihotzean irri, horrela hezi gaituzue.
Sudurrean gorri eta bihotzean irri, horrela hezi gaituzue. (GAUR8)

Nola hurbildu hezkuntzatik hizkuntzara, k-z hasten den hitzaz ez bada? ”Katxiporreta”, “kutxi-kutxi Marilutxi” eta “kontxoli demontri” k-z hasten dira, baina kulturaz ari naiz. Izan ere, kulturaz ari garenean, hizkuntzaz eta hezkuntzaz ari gara.

Kantuz, irriz, mundua ikusiz berriz, sudur gorriz zabaldu nahi genuke hizkuntza gure eskoletan; batez ere, euskara nagusi ez den eremu horietan. Askotan ez da erraza eta hezitzaileok bidelagun izaten ditugu kultura eta kulturgileak. Pailazoek hizkuntza bizitzeko dela irakatsi digute. Nola? Oilarrak kokororikoko egiten duen bezala, eginez, eredu izanez, alegia. Haurraren ingurukoak diren objektu eta izakiei abestuz, dutxan garbitzen ditugun gorputz atalei, Beltzi txakurrari, makarroiei zein hondartzako toallari. Bihurriak izanez, euskaldunok badugulako, errebeldiarekin batera, bihurri izateko joera eder askoa. Kanabera batekin hamaiketakoa eskuetatik kendu zioten Tantaka Yotanka indiarrari eta baserrian galde egin ziguten: opa, opa, opa, non dago arropa? Amona Josefinaren betaurreko xelebreak jantzi bitartean. Airean maskuria kili-kili gustura eta ipurdian hazkura, buruhandiak jantzi eta lagunei ipurdian emanez.

Ondoren etorri zen balioen hezkuntza, eta horretan ere trebe, barriletea jostailutzat zuen Kintxok ez zeukan gurearen antzeko bizimodua, Poxpolin Marisorgin ez zen oso sorgin trebea, ikasten ikasi genuen, elkarrekin sorgin bihurtuz. Tider urrutitik etorria zen, beldurrez eta gure hizkuntza jakin gabe, Txilipito jaunak paper batzuk eskatzen zizkion, baina zer paper eta zer mutur oker? Romi eta aitona Anakletok bezala, gure artean bizi nahi badu, badu lekua! Abuela Marialuisak ere beti oroituko du olibondoen geriza, baina maite du trikitixa. Handik laster ezagutu genuen Marimotots, parkean alai kantari bizi zen neska alaia, baita bere amatxo Loreto ere. Eta tristurak eta pozak partekatzen ditugunean goxoagoak direla ikasi genuen, pirata bihurtuta, Marimori mototsak erori zitzaizkionean, eta amatxo hil zenean, eta Zazpikoloroa jaio eta Pirritx erditu zenean!

Orduan egin ginen irrien lagun, hori bai bizipoza, Ternuatik Euskal Herrira baleaz bidaiatu dezakegula amestea, Txo mikmak txikia bezala. Baserritarrek sabela eta bihotza betetzen dizkigute, gure lurra zaintzeak garrantzia handia du hemen eta Amazonian, lurra baita gure alaba, ama, ahizpa, arreba. Eta Korrikak eskutik eskura lekukoa tipi-tapa pasatzen duen bezala, eskuz esku igaro da euskara gure gaurko txikienengana, kantuz kantu eta kontuz kontu. Munduak txorien kantuak behar baititu, eta herrien hizkuntzak.

Borobilean haurrekin, gazteekin, nerabeekin minbizia, ekologismoa, migrazioa, heriotza, aniztasuna, emozio eta liskarren kudeaketa eta abar partekatu ditugu. Sudurrean gorri eta bihotzean irri, horrela hezi gaituzue, euskarak eta kulturak abesteko, bihotz oneko bihurri izateko, ikasteko, maitatzeko duten balioa erakutsiz. Horrela ikasi eta hezi nahi dugu guk, bihotzarekin sentituz, buruarekin pentsatuz eta bi eskuekin elkarrekin, ekinez.

Kulturak ez al du gure hezitzaileon formakuntzan toki baten beharra? Ala akaso, pailazogintzak? •