Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Zumalabe, ezinbestekoetako bat

Gaurko egunez hil zen Joxemi Zumalabe Goenaga, 1993an, 42 urte zituela, hestegorriko minbiziaren ondorioz. 'Euskaldunon Egunkaria' sortzeko lanetan buru eta motorra izan zen. Euskararen eta herriaren aldeko militantea izan zen, gazte garaitik hil arte.

Egunkaria Sortzen taldean, Martin Ugalde, Iñaki Uria eta Joan Mari Torrealdairekin.
Egunkaria Sortzen taldean, Martin Ugalde, Iñaki Uria eta Joan Mari Torrealdairekin. (Euskaldunon Egunkaria - Berria, CC-BY-SA)

Euskal Herriak taupada kolektibista bat du. Horrek garaiko zenbait «gaitz moralen» aurkako txertoa jarri dio. Jakina, gure herria ez dago ez egoz ez indibidualismoz libre, inondik inora. Bestalde, batzuetan kolektibismo hori aitzakia izan da norbanakoen ekarpena gutxiesteko. Egia esan, kolektiboa eta pertsonak berrelikatu egiten dira, hobeak –edo okerragoak– bihurtzen dute elkar.

Proiektu asko ez ziren aurrera aterako edo oso bestelakoak izango lirateke baldin eta sortu zituzten pertsonak bertan aritu ez balira. Ezagutu zuen jende guztia bat dator Joxemi Zumalabe pertsona horietako bat zela adieraztean. Bere heriotza goiztiarrak, 42 urte zituela, hestegorriko minbiziak jota, 'Egunkaria'-ren garapena, itxiera bortitza eta 'Berria'-ren' jaiotza bizitzeko aukera ebatsi zion. Bere lagun guztiek diotenez, hori guztia ez zen posible izango Zumalaberen irmotasun eta ahaleginik gabe, bera gabe ezin baita 'Euskaldunon Egunkaria'-ren sorrera ulertu. Lorea Agirreren 'Ipurtargiaren itzal luzea' liburuan [Euskaldunon Egunkaria (2003)], lagun horietako askoren adierazpenak azaltzen dira, Joxemiren bizitzaren eta ondarearen irudi ederra emanez.

Jatorriak

Donostian oso errotutako familia bateko semea, bere aita Jose Migel Zumalabe etxegilea zen. Santo Tomas Lizeoaren sortzaileetako bat izan zen, Carlos Santamaria eta Koldo Mitxelenarekin batera, besteak beste. Horrez gain, pintorea ere bazen. Ama, Axenxi Goenaga, maistra zen. Gerra aurretik Emakume Abertzale Batzordeko kide izan zen, eta Monzonzalea zen. Gerra aurretik, Pilar Garmendia neskame sartu zen etxean, eta Joxemirentzat «bigarren ama baten modukoa» izan zen Pilar. Zumalabetarrek kotxea zuten eta maiz irteerak egiten zituzten Gipuzkoan zehar, baita Ipar Euskal Herrira ere. Bertan, osaba bat errefuxiatua bizi zen.

Frankismoaren gordinean, Donostian euskaraz eskolatutako ume bakarrenetakoak izan ziren Joxemi eta bere arreba Koro. 1950. urtean jaioa, Karmele Esnal eta Elbiria Zipitriarekin ikasi zuen lehendabizi Joxemik, gurasoek propio sortutako Lizeoan gero. Bertan, garai hartako euskal kulturaren erreferenteekin harremana izan zuen. Aipatutako Santamaria eta Mitxelenaz gain, Martin Ugalde ere ezagutu zuen aitaren bidez.

Konpromisoa

1966an hasi zen Joxemi Zumalabe 'Zeruko Argia' aldizkarian idazten, Antton Santamaria eta Rafa Egiguren lagunekin batera. Rikardo Arregi eta Ramon Saizarbitoria aldizkariaren, Lizeoaren eta aisialdiaren bueltan ezagutu zituzten. Eragin handia izan zuten donostiar gazte horiengan, kontzientzia politikoa pizten lagundu zieten. Ordurako bazuten euskararekiko konpromiso argi bat, baita kulturarako joera ere. Idatzi, musika jo –rock talde bat osatu zuten, Ahulak izenekoa–, antzerkigintza… denetik egin zuten nerabezaroaren eta gaztaroaren tarte horretan. Aitak bezala, pintura maite zuen Joxemik. Oteiza, Gaur Taldea, Zumeta… erakusketen atzetik ibiltzen zen. Marrazkigintza beranduago etorriko zen. Gero Zumalabe Fundazioaren irudi izango zen marrazkia honen adibide da.

Bartzelonan arkitektura ikasten hasi zen, 1968an, baina urte bakarra egin zuen. Euskal Herria zuen deika, zain. Garaiko beste gazte ero asko bezala, Zumalabe ETAn sartu zen, fronte kulturalean, hain zuzen ere. Kantaldiak antolatzen zituzten, jazarriak ziren emanaldiak herriz herri. 'Jeronimo' zen bere guda-ezizena. ETA VIn ibili zen, «mino»-en ildoan, troskisten aldean abertzaleagoak zirenekin. Bere bizitzako zenbait lagun min garai honetakoak dira, klandestinitatean ezagututakoak. Agirrek bere liburuan laburbiltzen duenez, «Joxemik erraztasun berezia zuen laguntasun giroa sortzen eta harremanak denboran luzez gordetzen».

Argia

Soldaduska egin ostean, delineatzaile gisa hasi zen Ordizian. Hiru urte eta gero, Donostiara itzuli eta Fotocomposición Egia-n lanean hasi zen. Bertan 'Zeruko Argia'-rako lanak egiten zituzten, eta Zumalabek aldizkarian lanean ari zirenak ezagutzen zituen. Joxe Mari Ostolazaren eskutik bertan hasi zen lanean, hasieran fotokonposizioan eta beranduago azalak eta marrazkiak egiten. Ondoren, 'Argia'-ri 'Zerukoa' kendu ziotenean, administrazioaz eta maketazioaz ere arduratu zen. Aldizkariak zuen zulo ekonomikoa ez zen nolanahikoa, eta Zumalabek hartu zuen egoera horri buelta emateko ardura. Horretarako, ohi bezala, familiako harremanak eta lagunak baliatu zituen. Jon Barandiaran da horietako bat. Ordurako Zumalabek bazuen euskarazko egunkari baten egitasmoa buruan.  

Beraiek Saizarbitoria eta Arregi ezagutu zituzten bezalaxe, honela ezagutu zuten Joxemi eta lagunek hamar urte gazteagoa zen euskarazko kazetaritzaren belaunaldi berria. Ordurako Zumalabe, Juanjo Landa eta Pello Iturain batera bizi ziren, Donostian, hiruren artean erositako etxe batean, komuna edo kibbutz baten gisara antolatua zegoen etxebizitzan. Gazteentzat, Iñaki Uria, Josu Landa eta Pello Zubiriarentzat, besteak beste, hirukotearen bizimodua eta konpromisoa eredugarriak ziren. Joxemik haiengan izan zuen eragina itzela izan zen, beraiek azpimarratzen dutenez.

Familia

Garai hartan 'Argia'-ren bueltan bildu zen taldearen konjurazioa ukaezina da: aldizkariari eta proiektuari buelta emateko. Bideragarritasuna bermatzeko enpresak sortu zituzten, agendan eragiteko gogo nabarmena zuten, eta proiektua mailaz igotzeko borondate irmoa zuten. Konpromisoak eta lanaren kulturak bat egiten dute, baina aldi berean gozatzen ari direla nabarmentzen dute denek. Gainera, lantaldea eta lagun taldea bat ziren. Joxemiren kasuan, gizatalde hura familia ere bazen. Sinbolikoki eta egiazki, garai hartan elkartu baitzen Ostaiska Irastorzarekin, 'Egin'-en fotokonposizioan batera lanean ari zirela ezagutu zuena, bere bikotea eta bere seme-alaben, Maddi eta Jonen, ama.

Euskal sukaldaritza berria bultzatzen ere aritu zen Zumalabe, Juan Mari Arzak, Karlos Argiñano eta enparauekin. Azken honekin, adibidez, lagunentzako sukaldaritza ikastaroa antolatu zuen Hernanin. Zumalabe, Landa eta Iturainez gain, Realeko Salva Iriarte eta Roberto Lopez Ufarte ere aritu ziren ikastaro hartan kozinatzen ikasten.

Egunkariaren jaiotza

Giro horretan, euskarazko egunkaria sortzeko baldintzak zeudela sinesten zuen Zumalabek. Eta zerbait sinetsiz gero, inguruko denak ekimen horren bueltan dantzan jartzeko gaitasuna zuen. Lagunak –eta baita arerioren bat ere– konbentzitzeko gaitasun hori eta bere determinazioa nabarmentzen ditu Uriak. Hori, eta gauzak aurrera ateratzeko zuen «determinazioa». Martin Ugalde 'Euskaldunon Egunkaria'-ko Administrazio Kontseiluko lehendakari izatea onartzeak horixe erakusten du. «Konbentzitu ninduen Zumalabek, hain kapaz lanean, hain zabal eta garbia bere planteamenduetan», esan zuen gerora bere aitaren lagun zen Ugaldek.

Ordurako, Lakuako Gobernuak, Joseba Arregiren eskutik, egunkari autonomo baten aukera zapuzteko eskura zituen bitarteko guztiak baliatu zituen. Ugalde eta Zumalaberekin batera, Joan Mari Torrealdai ibili zen Gobernuko eta EAJko buruekin biltzen. 1989an Arregik CIESi euskal kazeta batentzat merkatua ote zegoen aztertzeko eskatu zion. Emaitza baiezkoa izan zen, baina Lakuak ezkutatu egin zuen, eta 'Argia'-k argitaratu. Hortik Egunkaria Sortzen talde eragilea sortu zen, Zumalabe buru zuena.

Zumalaberen heriotzaren berri, "Egin"en.


Joxemiren heriotza

1990eko udaberrian diru bilketa egin zen eta udan atera zen 0 zenbakia. Enpresa berrian, kontseilari ordezkari izendatu zuten Zumalabe. Egunkariaren lan desberdinetan zuen ezagutza nabarmentzen dute lankideek, nola lotzen zituen sail eta lantalde desberdinak. Ordurako, ordea, hestegorriko minbiziaren eragina pairatzen hasia zen. 'Egunkaria' abian jarri eta bi hilabetera hil ala biziko lehen ebakuntza egin zioten, 1991ko otsailean. Urte eta erdira, 1992ko azaroan, berriro ebakuntza egin behar izan zioten. 1993ko urtarrilaren 12an hil zen.

Bere «testamentuak», hil baino egun batzuk lehenago idatzitakoak, honela dio: «Jende gutxik izan du, nik orain bezala, jendearen maitasunaren adierazle hain argigarriak jasotzeko aukera. (…) Maitatua sentitzen naiz alde guztietatik, eta neure barnean ez da kabitzen horrek sortzen didan poza. Gainezka egiten dit emozioak eta negarrez urtzen naiz. Nire bizitzaren kapitalik handiena, nire inguruan sortu zaidan laguntasun oparo hau dela sentitzen dut. Oharkabean aberats sentitzen naiz».

Militante

Bizitzan zerbait izan bazen, gazte garaitik eta hil zen arte, Zumalabe militantea izan zen. Idazten, marrazten, kozinatzen, maitatzen… militante aritu zen beti. Euskararen alde eta herrigintzan. Anarko-komunista zela zioen, eta bere diziplina herriarekin zen. Diotenez, ETAko kide ere izan zen, hil zen arte.

Horregatik, desegin aurretik, 2018ko Aberri Eguneko komunikatuan, erakunde ordurako armagabetuak isilean joan ziren eta publikoki kide gisa hartu ezin izan zituzten militanteak aipatzen zituen. «(…) ezinbestekoak izan dira bai erakundearentzat bai askapen prozesuarentzat zein herri mugimenduarentzat. Agur eta ohore, Isabel, Joxi, Joxean, Joxemi, Josu, Txato, Lourdes... ETAko gudariak.», esaten zuen komunikatuak. Joxemi hori Zumalabe dela ziurtatzen dute hainbat iturrik.

Eta hala bazan ala ez bazan… Joxemi Zumalabek herri honetako ezinbestekoetako bat izaten jarraituko luke, zalantzarik gabe.