Beñat GAZTELUMENDI
Bertsolaria
3 BEGIRADA:

Etxe bat

Kuadrilla bat Ageda Deunaren izenean kopletan.
Kuadrilla bat Ageda Deunaren izenean kopletan. (Jon URBE | FOKU)

Mendi tontorrak elurrez zuri, atari aldean laiotza. Etxe honetako nagusi jaunak urrezkoa du bihotza. Eta makilaz kolpe lurrari, esna dadin, udaberria etor dakigun bere lore zabaldu eta txori kantariekin. Naturari kantuan oinpean gero eta zementu eta asfalto gehiago daukagunok, urtaroak leihoaren bestaldetik nola igarotzen diren begiratzeko astirik ere hartzen ez dugunok. Azken aldian elur gutxi egin du bazterrotan, baina Santa Ageda bezpera da bihar, eta etxez etxe abiatuko gara. Eta gizendutako bildotsa eskatuko diogu jada bildotsik gizentzen ez duenari, baserria erosi eta txalet bilakatu duenari, etxea zuhaixkaz inguratu eta belarra mozteko robotaz piszina inguruak txukuntzen dituenari.

Hala ere «zorion, etxe honetako denoi» kantatuko dugu. Oles egitera gatozela, aterik ate ohitura zaharra aurten berritzeko asmoz. Zalantza egingo dugu, ordea, bizi garen etxebizitza bloke griseko ze txirrin jo eta jo gabe zein utzi. Beti desordutan ibiltzen den bizilagun hegoamerikarrak mesfidantza pixka bat sortzen digu. Eta bigarren pisuko familia marokoarrari nola hasiko gara, bada, eskean, Ageda Deunaren izenean.

Guk erritua behar dugu, ordea, zerbaiten parte sentiarazten gaituen zerbait; azaltzen zaila den zera horretara lotuko gaituen ohitura bat, tradizio bat. Komunitatea deitzen diogu, herria, taldea, nazioa ere bai ausarten batek. Auskalo. Helduleku bat aldatzen ari den mundu honi eustea gero eta gehiago kostatzen zaion gorputz nekatu honentzat; goxotasun pixka bat dena urruneko eta arrotz sentitzen dugun garai honetarako. Etxeari kantatuko diogu makilaz lurra astinduz; tximiniatik kea darion etxe bat, beheko sua pizturik eta familia elkarturik daukan etxe bat; egunsentian iratzargailurik gabe esnatu eta ilunabarrean lasaigarririk gabe lokartzen den etxe bat, bere baratzeak eta larreak emandakotik bizi dena, jaso ezin duenik eskatzen ez duena, eta ihesi doakigun mundu baten joanak eragin gabe beti berdin eta beti sendo dirauena.

Eta kantuan deskribatzen dugun etxe horren antzik ez daukaten pospolo kaxetan alderrai ibiliko gara. Lagunak hipotekak sinatzen eta etxeak jabetzan hartzen hasiko dira. Helduleku bat behar dela bizitzan esango digute, ea zertan ari garen hilero sekula gurea izango ez den etxe baten alokairua ordaintzen, dirua alferrik galtzea dela. Eta hogeita bost urtetarako ezkonduko dira bankuarekin. Guk gure baitan pentsatuko dugu zer diren hogeita bost urte bankuarentzat, zer guretzat, zer munduarentzat; non ibiliko ote garen. Bertigoaren zurrunbiloak birikak nahastuko dizkigu, eta kantuan segituko dugu, iruditeria berriak aldarrikatu arren makilaz astinduko dugu lurra, gurea den teilatupe hauskor honi eusteko. •