Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
{ KOADERNOA }

Normaltasunaren alde, denek ala, hobe, inork ez

Kultura-elementu huts batean mintzatzen naiz eta elementu hori baliatuta idazten ari naiz, oraindik halakotzat jo ahal izateko goiz den arren. Edonola ere, uste dut euskaldunok ez genukeela elementu kultural huts bat normalizatu behar. Nahikoa dugula hizkuntza bat, ederra bezain zatarra.

Eguesibarko Udalak euskarazko ekitaldi gutxi antolatzen ditu, bestela hizkuntza hau ulertzen ez dutenekiko diskriminatzea litzatekeelako, alkateak azaldu zuenez. Eta ekitaldi edo jarduera horiek dirua balio dute. Hori da arazoa, nonbait. Baina jarduerak edo ekitaldiak gaztelaniaz (batez) ere egiten dira, eta horiek ere ordaindu beharra dago. Orduan, arazoa ez da jarduera horiek ordaindu behar izatea, euskara baizik.

Udalerri horretako zinegotzi batek argudio identitarioa eman zuen Korrikari sosik ez emateko: euskara “gorrotoarekin identifikatzen dugu”. Alkateak hizkuntza normalean ez ezik, gorrotoarekin identifikatzen den hizkuntzan ere hitz egiten du, edo badaki, baina ez ditu gogoko euskarazko jarduerak.

Zinegotziak euskararen beste zama-bekatu-erru bat nabarmendu zuen: «Gure arteko ezberdintasunak areagotzen ditu». Euskara normalizatu nahi izatea normaltasunetik kanpoko anomalia da. Oraindik asko falta dela dio euskara “kultura-elementu huts gisa ikusi ahal izateko”. Kontuz, ez dio kultura-elementu hutsa izango dela, baizik eta batek daki zenbat denbora (baina asko) barru halakotzat jo ahal izango dela.

Normala da norberak eta norberaren komunitateak gaztelaniaz egitea, eta batzuen normaltasunean normala da, era berean, besteei gaztelaniaz eginaraztea. Normaltasun horretan normala da euskara gehienez ere elementu kultural hutsa izatea edo, areago, elementu kultural hustzat jo ahal izatea.

Pertsona bat, edo hizkuntza bat, bere kasa ez hiltzea normaltasuna etetea izan daiteke, eta jendetasun falta nabarmena. Edo pribilegioa, Orkoienen behinik behin. Eta soluzioa ez da denek hizkuntza biak jakitea bermatzen duen hezkuntza eredua jartzea, denek hizkuntza bat jakitea bermatzen duena jartzea baizik. Denek jakitea barik, inork ez jakitea.

Baina nik ez dut nahi euskara elementu kultural hutsa izatea. Ez orain, ez zinegotziak hartarako baimena ematen duenean ere. Normaltasunaren kalteko nahiago dut. Berdintasunaren eta, beraz, demokraziaren aurkakoa, eta alderantziz.

Baina demokratek ere hautsi izan dute normaltasuna. Frankismoan, antifrankistek; Frantzia okupatuan, erresistentziak; izan ere, Frantzia okupatuan eta bestean laster ohartu ziren nazien aurka egin ezean ez zegoela zertan beldurrik izan. Eta alemanak han izan ziren bitartean, erresistentziak eteten zuen normaltasuna. Gero, tropa aliatuak Parisera sartu orduko, frantses gehienak gutxienik erresistentziaren aldeko eta normaltasun haren aurkako amorratuak ziren. Espainiar gehienak trantsizio eredugarrian frankismoaren aurkakoak ziren bezala. Ohikoa zen (eta da oraindik) entzutea «nik ere lasterka egin nuen grisen aurretik», bat-batean milioika espainiar tximistaren pare korrika irudikatzeko moduan. Frantsesezko lokuzioa baliatuta, les fascistes espagnols couraient comme un basque devant la Police franquiste. •