Sustrai COLINA
Entrevue
Jose Mari SORS
Elkar Fundazioko lehendakaria

«Kultura batek ez badio barne produktu gordinari ekarpenik egiten, ez da aurrera aterako»

1970eko hamarkadan sortu zuen Elkar garaiko kultur jendeak, idazleak eta kantariak gehienak. Talde-lanak bultzatuta iritsi da proiektua gaurdaino, tamainaz handiago eta formaz anitzago. Bidea lehen lerrotik bizitu du Jose Mari Sorsek.

Jose Mari Sors, elkarrizketarako egindako argazkian.
Jose Mari Sors, elkarrizketarako egindako argazkian. (Jon URBE | FOKU)

Enpresaren eguneroko martxatik at, «jubilatuta bezala» dagoela dio Jose Mari Sors (Errenteria, 1951) Elkar Fundazioko lehendakariak. Ez dela inoiz elkarrizketak eman zalea izan iradoki du elkarrizketa hasi aurretik; bere ibilbidean zehar, bataila mediatikoari gutxiegi heldu izanaz ari da solasaldiaren ostean. Jubilatzea eta erretiratzea sinonimoak ez direla jakitun, beste jende baten garaia dela eta aurten lehen lerrotik aldentzen joatea dagokiola esanez agurtu dugu elkar. Agurtu aurretik, ordea, ibilbide luze bezain oparo baten errelatoa da hau.

Aurten betetzen dira 50 urte Elkar argitaletxearen berrogei sortzaileen taldean sartu zinela.

Ordurako, 1960ko hamarkadan, Jaka anaiak ikastoletako materiala saltzen eta banatzen hasiak ziren. Bestalde, 1972an, Ipar Euskal Herriko hogei kidek Elkar muntatu zuten. Nola? Goiztiri argitaletxea erosiz. Kultur jendea zen, idazleak ala kantariak gehienak, eta argi zuten argitaletxerik gabe ez zegoela garaiko beharrei erantzuterik. Joseba Jaka eta biok 1973an egin genuen Iparraldera ihes. Hala ere, nik beti esaten dut ez nintzela errefuxiatuta egon, Euskal Herriko beste lurralde batean baizik. Kontuak kontu, gu heldu ginenean egoera ekonomiko larrian zegoen Elkar. Horregatik, 1974an, Hego Euskal Herriko beste hogei kidek bi urte lehenago Iparraldekoek egin zuten ekarpen berdina egitea erabaki genuen. Hala, bat ez, bi jaiotza ditu Elkarrek eta, ziurrenik, Ipar eta Hego Euskal Herriko kideek erdi eta erdi sorturiko lehen enpresa da gurea. Betiere balore-kate osoari erantzun komun bat eman nahian, diskoak argitaratzen hasi ginen, liburu-denda eta banaketa-sistema bat genuen Iparraldean, Hegoaldean hasi ginen gero…

Frankismo amaiera, hizkuntza zein kultura zapalduta, disko eta liburu gutxi... Distantziatik begiratuta, apustu zoroa dirudi.

Ordurako Hegoaldean ikastoletarako materialarekin eta zenbait bildumarekin ari ziren arren, gogoan dut Ipar Euskal Herrian lehen aldiz gure produktuak banatzera atera ginenean, maletatxo batean kabitzen zirela liburu guztiak. Fedea behar zen, baina, batez ere, erantzun beharreko premiak ikusteko gaitasuna. Behar horiek identifikatuta geneuzkanez, sinetsita geunden talde-lanean hura aurrera atera genezakeela. Hala, Elkar argitaletxea bere sortzaileen lanak argitaratzeko sortu bazen ere, konbentzituta geunden espektroa zabaldu behar genuela eta gure radarra hedatuz joan ginen. Hastapen haietan, bederatzi langile geunden, hiru Iparraldean eta sei Hegoaldean. Oso jende gutxi eta bizirauteko oso soldata justukoekin.

Hasieratik ikusi zenuen Elkar zure bizi-proiektua izan zitekeela?

Franko hil ondorengo amnistiarekin Joseba Jaka Hegoaldera itzuli zenean, nik, soldaduska zorretan izaki, Iparraldean jarraitu nuen. Argi nuen aurrera-bidea zeukala proiektuak. Horretarako, ordea, ondo identifikatu behar genituen beharrak, ondo aukeratu lantaldea, ondo berrinbertitu eta, batez ere, gure autonomia mantendu. Bost hamarkada hauetan proposamenak izan ditugu beste batzuen kide edo parte izateko eta, eskaintza horietako zenbait ekonomikoki planteamendu interesgarriak izan arren, beti eman dugu ezezkoa. Beti aritu gara elkarlanean instituzio, talde zein norbanakoekin, baina beti gure autonomiatik.

Erraza da hori Euskal Herrian?

Oso zaila. Kontuan hartu behar da, Franco hil ostean, ez zela trantsiziorik egin. Gainera, gizarte bezala politikak dena konponduko zuela sinetsi genuen eta, oso indartsu zegoen gizarte zibilak politikara jauzi egin zuenean, ordura arteko indarguneak oso ahulduta geratu ziren. Hortik, onura asko etorri dira gerora, baina, horretarako bakoitza libre izan arren, jendea egokitu egin zen. Gizarte politizatu batean, ez bazara definitzen, definitu egiten zaituzte. Guk abertzaleen espektro osoarekin kolaboratu dugu, eta batzuentzat batekoak izango ginen eta besteentzat bestekoak. Hori sufritu dugu. Hala ere, hasieratik izan dugu argi euskal kultura beheko apalean ala klandestinitatearen tiraderan garatu zela eta horri erantzun global bat eman behar geniola. Argitalpenak behar zirelako bultzatu genuen argitaletxea, argitalpen horiei ikusgarritasuna emateko ireki genituen dendak, produktu horiek zabalkundea izan zezaten hasi ginen banaketan. Gertatzen dena da, orduan, Frantzian funtzionatzen zuen eredua izan arren, Espainiar estatuan eta, ondorioz, Hego Euskal Herrian, ez zegoela ondo ikusia kate osoaren kontrola. Aitzitik, oreka mantentzen eta orekari eusten saiatu gara beti. Hala, fundazioa egin genuenean ere instituzioak ez genituen patronatuan sartu.

Zergatik sortu zenuten fundazioa?

Lehen begiradan, beharbada, fundazioa ez da kooperatiba bezain demokratikoa, baina guk, langile guztiak kooperatiban sartu beharrean, jabe guztiak langile bihurtu genituen. Ez dut ezagutzen halakorik egin duen inongo enpresarik, ez gurean ez Europan. Guk bagenekien jende askoren laguntzari esker egin genuela aurrera, eta “hau gurea da!” esanez ekarpen eskasa egingo geniokeen euskal kulturari. Kontua da ez zela ohiko urratsa eta jende askok ez zuela ulertu guk gure diruaren zati handi bat fundaziora musu-truk pasatzea. Guk, dena den, gure burua militantismotik landu dugu hasiera-hasieratik. Gogoan dut, garai haietan, eztabaida sutsua zegoela Frantzian kulturak militantismotik eta profesionaltasunetik behar zuenaren inguruan. Halako batean, bakoitzetik %50 behar zuela adostu zuten, baina guk bietatik %100 behar genuela erabaki genuen.

Kosta egiten da hori transmititzea?

Etxe barruan ez dugu arazorik izan eta, uste dut, egun gidaritzan daudenek ere berdin erantzungo luketela. Nik beti izan dut printzipio bat: ez eskatu besteei zu emateko gai ez zarena. Agintekeria da, bestela. Hala, militantismoa mantendu behar genuela esan genuen, baina, aldi berean, militantismoarekin bakarrik ez gindoazela inora. Jende profesionala behar dugu. Premisa horrekin hasi ginen jende berria sartzen. Gizartea asko ari da aldatzen eta moldatu beharra dago. Horregatik, etxe barruan talde-lana eta kanpora begira elkarlana. Gertatzen dena da gero eta gizarte berekoiagoan bizi garela eta horrek ez duela transmisioa errazten. Gu banaketan hasi ginenean, poltsatxo batean kabitzen zen dena, baina orain almazenera sartzen den 25 urteko gazteak dena eginda ikusten du, dena robotizatuta eta, horrela, zaila da euskal kulturaren aje eta beharrak ikustea, izugarriak izan arren.

Zergatik dirudite, gurean, diruak eta militantziak ezkonezinak?

Horrekin asko sufritu dugu guk. Kulturak Ama Birjina dirudi, baina kulturan ere haserreak diruagatik sortzen dira gehienetan. Nik, gainera, kultur industriaz hitz egiteko joera daukat eta deabrua inbokatzen ari naizela dirudi. Kultura batek ez badio barne produktu gordinari ekarpenik egiten, ez da aurrera aterako. Gauzak zer diren, musikari, idazle, bertsolari, artista… denek daukate hozkailua betetzeko ohitura. Horregatik antolatu behar da kultur industria hori. Zer gertatzen da, bestela? Gurean, denok barneratzen dugula hozkailuak egitea industria dela, sustatu egin behar dela, baina hozkailuko atean ez duela jartzen jaurlaritzak lagundua dela, eta liburuetan, aldiz, bai. Bizitza osoa daramagu “dirulaguntzetatik bizi zarete!” entzuten. Guk ez genuke kulturaren mende egon behar, industriaz baizik. Industria gara. Baina gizartearen zati batek ez du halakorik onartzen.

Jende asko bizi da bere soldatari begira.

Hasieran denek kobratzen genuen berdin eta, gaur egun, kudeatzaile orokorraren soldatak ez du langile xumeenarena hirukoizten. Hori ez da inon gertatzen, ezta kooperatibetan ere. Beste kontu bat da, eta hori onartzen dut, prekaritate handiko sektorea dela gurea eta, ondorioz, soldatak ez direla ikaragarriak. Horregatik, jendeak ihes egin ez dezan, bestelako balore batzuk landu behar ditugu. Ez du balio prekaritatean gaudela esateak soilik, eredu izan behar dugu. Hala, sektorearekin alderatuz, gure soldatak oso goitik daude, baina horixe da egoera.

Zeri begira sartu zineten espainiar estatu mailako banaketan?

1994an hasi ginen Madrilen, 1995ean Bartzelonan eta 1996an Valentzian. Ekimen txikiak ziren, ez estrategia orokor baten barnean pentsatu eta eginak. 2015ean, ordea, estatu osoko gure banaketa sistemaren erabakigunea Euskal Herrira ekarri genuen, bertako langileen lana bermatzeko eta euskal kulturari beste indar bat emateko. Guretzat ere euskal kulturatik sortutako etekinak berrinbertituz produktu berriak ekoiztea litzateke ideala, baina oso irabazi txikiei buruz ari gara hizketan. Horregatik hasi ginen aspaldi dibertsifikatzen. Behartuta gaude euskal kulturan inbertitzeko baliabideak kanpoan bilatzera.

Kriki-krakak sortzen al ditu horrek?

Bai, jende bat liburu-dendara sartu eta kexatu egiten da denetatik saltzen dugulako. Ba al dakizu zenbat liburu argitaratzen diren urtean espainiar estatuan? 80.000 inguru, horietarik %3 baino gutxiago euskaraz. Gure dendetan zenbatekoa da euskarazko liburuen proportzioa? %25. Gehiago behar lukeela? Ados nago, baina nork finantziatzen du hori? Pentsa, Katalunian, katalanezko liburuekin bakarrik osatutako liburu-denda bat itxi behar izan dute berriki. Ez da auzi berria. Gainera, nola lortzen da ikusgarritasun gehiago, euskarazko produktuekin soilik hornitutako dendak irekiz ala hizkuntza ezberdinetakoak nahasiz? Gaur egun, irakurle erdaldunak, gure dendetara sartzen denean, ikusten du euskarazko ekoizpenak daudela. Bestela, ez luke badirenik ere jakingo. Datuek diotenez, gaur egun, euskarazko liburuen erdia gure dendetan saltzen da. Izango da indar berezia egiten dugulako, ezta? Askotan kontzientzia ala moral bikoitzarekin kritikatzen gaituztela uste dut.

Adibidez?

Gasteizko denda zabaldu genuenean, gureak eta bi entzun genituen gure egunkarien sekzioan ez genuelako “Euskaldunon Egunkaria” saltzen. Zergatik ez genuen saltzen? Banatzaileek, egunkari bat salgai jarri ahal izateko, egunero 10 ale hartzera behartzen gintuztelako eta 10 ale horiek saltzeko modurik ikusten ez genuelako. Zalaparta lehertu zenean, dendako kudeatzaileari egunero kioskoan 3 ale erosteko eta dendan salgai jartzeko agindu nion. Badakizu egunaren amaieran zenbat ale botatzen genituen? 3. “Egunkaria” ez saltzeagatik kritikatu gintuztenek ere ez zuten erosten!

Handik urte batzuetara, 2003ko urrian, Euskaldunon Egunkariaren aurkako operazioan atxilotu zintuzten.

Egunkariaren aurkako bigarren operazioan suertatu nintzen ni. Hala ere, 50 urteotan lehergailuak jarri dituzte gure denden aurka, “Tribuna”-n, “Tiempo”-n, “El Mundo”-n zein “Epoca”-n gorriak eta bi idatzi izan dituzte guregatik, Gexan Lanztiri eta Jean Louis Maitia atxilotuak izan ziren, “Egin” auzian Garzon gure kontuak ikuskatzera etorri zen... Urakanaren begian egon gara beti eta, gaur egun ere, esango nuke entzuketak daudela gurean.

Anaia Handiak ez du inoiz atseden hartzen. Horri gehitzen badiozu “Egunkaria”-ren aurkako lehen atxilotuak torturatu zituztela... Edozertarako gai dira. Pentsa, “Egunkaria”-ren kasuan, lehen 20.000 folioak ez dira “Egunkaria”-ri buruzkoak, Elkarri buruzkoak baizik! Dena den, oso gaizki egin zituzten gauzak. Sekulako zigor-eskaera zeukaten nire aurka, baina iruzur fiskalaz eta dirua zuritzeaz mintzo zitzaizkidan. Nik ziurtasun osoa neukan kontuak zorrotz eta garbi eraman genituela beti. Horregatik, bere gogorrean, nahiko ongi kudeatu nuen trantzea.

Enpresa estutuko zuen, ordea.

Espainiako ferietara joaten ginenean, “Hemen datoz ETAkoak!” esaten ziguten. Noiznahi entzun behar izan ditugu “aurten, ETAk inor bahitu ez duenez, diruz larri ibiliko zarete, ezta?” bezalako komentarioak. Argi daukat enpresak garapen handiagoa izango zukeela bestelako egoera politiko batean. Dena den, kontrarioak zerrendatzen ohituta egon arren, ez dugu ahaztu behar askoz jende gehiago alde izan dugulako egin dugula aurrera. Nik ez nuen uste “Egunkaria”-ren aurkako bi operazioen ondorengo manifestazioetan 100.000 lagun irtengo zirenik kalera. Jipoitzen gaituztenean, oso herri emankorra gara, oso borrokalaria, baina ez dakigu gudaroste erregular bezala funtzionatzen. Hori falta zaigu. Oinarrizko printzipioak adostu eta elkarrizketak definitu beharrean, atomizatuta joaten gara leku guztietara.

50 urte hauetan, asko aldatu dira diskoaren eta liburuaren merkatuak?

Bi merkatu ezberdin dira, biak ala biak teknologiak astindu dituenak. Pentsa noizko kontuak diren liburu digitalarenak: 1980ko hamarkadan hasi zen, desagertu, berriz agertu, audio-liburuak sartu ziren gero… Oso katastrofistak gara. Papera desagertuko zela esaten genuen 2000. urtean, paperezko liburuarenak egin zuela, eta begira nola gauden 2024an. Musikaren inguruko kezka gehiago ulertzen dut. Musika entzuteak ez dizu irakurtzeak suposatzen dizun ahalegin aktiborik eskatzen eta, ondorioz, euskarri digitalak erabat aldatzen du musikarekiko gure harremana. Teknologia, ondo erabiliz gero, ona da. Doakotasuna da ikusten diodan arazorik handiena. Sakelako telefonoa mila euro paga zenezake, baina bertan jasotzen dituzun eduki guztiak debalde nahi dituzu. Kulturak ere doakoa behar duela sinestera heltzen zara horrela. Kalte izugarria egiten digu horrek.

Esaterako?

Orain 10-15 urte, Frantzian, liburu baten batez besteko tirada 15.000 alekoa bazen, 8.000koa da orain. Espainiar estatuan, orain 10-15 urte liburu bakoitzeko 8.000 ale egiten baziren, 4.000 ateratzen dira egun. Euskal Herrian, ordea, atzera bueltarik gabeko zenbakietan gaude, ez daukagu nondik mehetu eta teknologiarekin nola jokatu. Hala ere, niri pirateriak ez, irakaskuntzan teknologia nola sartzen ari den ikusteak ematen dit beldurra. Herrialde eskandinaviarrek etengabe azpimarratzen dute euskarri teknologikoak ezin direla oinarrizko baliabidetzat hartu, laguntza-tresnatzat baizik. Bitartean, Espainian eta, ondorioz, Hego Euskal Herrian dena da teknologia. Oreka bat bilatzeko ordua dela uste dut.

Oreka horretan, zeintzuk dira euskal kulturaren erronka eta apustuak?

Ez dira erronka samurrak. 2023an, liburuen salmentak gora egin du espainiar Estatuan; Euskal Herrian, behera. Ikusgarritasun arazo handi bat daukagu, gure telebistatik hasita. Egun hauetako berria da joan den abendu eta urtarrilean gaztelaniaz 86 pelikula eman zirela ETB2n eta, ETB1en, bakarra euskaraz. Horri gehituz gero, joko-zelaian euskara bost axola zaien baina etxeko sukalderaino iristeko ahalmena duten aktore gehiago sartu direla merkatuan, ez dago erraza. Ameskeria da, mundu globalizatuan eta teknologiak noren esku dauden ikusita, liga horretan lehiatu gaitezkeela pentsatzea. Ahalegina egin beharko dugu, baina argi izan, euskararen alde gaudela denok diogun arren, errealitateak ez duela hori islatzen. Horregatik, zerbitzu ona eskaintzea eta erabakiguneak hemen mantentzea da gure apustua. Izan ere, erabakigunea Madrilen edo Bartzelonan duten argitaletxe andana dago gurean. Izen euskaldunak dauzkate, baina Espainiako argitaletxeen adarrak baizik ez dira, eta ez dute erabakimenik. Madrilgo argitaletxe batek ez du euskararen alde egingo; asko jota, bere produktua saltzeko erabiliko du euskara.