Garazi GOIA
Idazlea
3 BEGIRADA:

Estereotipoak

Emakume bat Mobile World Congress erakustazokan.
Emakume bat Mobile World Congress erakustazokan. (Josep LAGO | AFP)

Bartzelonako Mobile World Congress-en eman ditut bizpahiru egun aste honetan. Hango aukerak, teknologia aurrerakuntzak eta enpresa amaigabeen zerrenda ikustean, posibilitateek eta irudimenak mugarik ez dutela izan daiteke egin daitekeen irakurketa posible bat. “Powered by AI” etiketa leku guztietan, hori da behin eta berriz ikusi dudan mezua; alegia, adimen artifizialaren bidez garatutako edo bultzatutako soluzioak zeuden izkina bakoitzean. Bat-batean dena da inteligentzia artifiziala. Dena da eta ezer ez, aldi berean. Errealismo handiko zakur robot batzuen demostrazio bat izan zen horren isla: erabilera edo deserabilera, ordezkapenaren manifestazio okerra.

Norabide jakinik gabe, pabiloi amaigabe haietan paseo kaotikodun batean pare bat ordu nahikoa izan ziren ulertzen ez nituen hainbat aplikaziori azaleko begirada bat eman eta saturazioaren mugara iristeko. Lankidetza bat egin dugun enpresa batekin bilerak edukitzea zen nire helburu nagusia, eta jende marea hartatik irten eta azkar itzuli nintzen haien postu zibilizatura. Indiar jatorrikoa den eta indiar fundatzaileak dituen enpresa batekin egin dugu lankidetza; duela 40 urte sortu zenetik, mundu mailako multinazional erreferentea izatera iritsi da, 19 bilioi dolarretik gorako irabaziak dauzka. “Work hard, play hard” deitzen zaio ingelesez lana eta plazeraren arteko oreka aurkitzeko enpresa filosofiari. Bertako zuzendaritzakoek kontatzen ziguten hango jende gehienak enpresan 20 urtetik gora daramatzala; lanean gogor, ordu luzeak sartuz bizi izan direla, eta haien bizitzako lehentasun bakarra lana zela. Hierarkia zurruneko egitura oso bistakoa zen mugimendu guztietan, baita zuzendaritza postuetara iritsi ziren haienganako errespetuan ere. Ezer ez edukitzeak, edo ezer ez daukaten milioika pertsona alboan ikusteak, lan etika hori sortu duela esaten ziguten. “Work hard, play hard”-en bigarren zatia ez dago beraien kulturan. Jolasa gero etorriko da, hurrengo belaunaldian, edo nork daki noiz.

Haien standean egin genituen bilera guztietan ni nintzen azal zuridun emakume bakarra. Langileen artean bazeuden indiar jatorriko emakume batzuk, baina denak zuzendaritza postuetatik urrun zeudenak. Emakumeekin negozioak egiten ohituta ez daudela nabarmena zen elkarrizketan zehar: nire lankidea (gizonezkoa) eta ni aurkezterakoan, aukeratuta zuten sekuentzia eta enfasia non jartzen zuten; egin beharreko hurrengo pausoak zehazterakoan, nire lankideari begirada luzatzen zioten. Ñabardurak diruditen gauza horiek guztiak dira garrantzitsuak.

Iluntzean, afaltzera joan ginenean, hauteman berri genuen generoaren desorekari buruz hitz egin genuen. Barkamena eskatu zidaten, intentziorik gabeko jarrerak zirela esanez, «ez daudela ohituta», eta ez dakizun edo egin ez duzun horretan sartzen bazara, portaera baldarrak ateratzen direla.

Bakoitzaren jatorria eta printzipio etikoak errespetatzen ditut, noski; baina jolasleku global batean gaudenean, eta munduko hainbat lurraldetako bezeroak dituztenean, jarrerak aldatzen hastea ezinbestekoa da. Gainerako guztiak aitzakia inkoherenteak dira, are gehiago mundu mailako anbizio batekin bazatoz; aldaketa sakonak onartzeko, aurretiko jarrera ezinbestekoa da. Ni baino jakintsuagoa den batek esan zuen eta hainbatetan aplikatzen dudan esaldia da: «Egokitzen saiatzen zara edo mundua aldatzen duzu. Baina biak batera ezin dira egin». Kulturari eta iraganari egotzitako jarrera diskriminatzaileak -intentzio gabekoak izanda ere- hartzen dituen horrekin ez dute inoiz mundua aldatuko. Estereotipoak gorroto ditut eta jeneralizazio asko bota ditut hemen, baina orri honetan dudan lerro kopuruak mugatzen ninduen. Nire optimismotik, lehenengo enkontru garden honek eragingo duen hobekuntzan sinesten dut. Elkarrekin mundua aldatzea da-eta gure intentzioa. •