Iker BARANDIARAN
{ KOADERNOA }

Musika ukitu

Orain gutxi etxean diskoak ordenatzen nenbilela, seme nagusiak galdetu zidan ea ni egoten ez naizenean berak eta anaiak, nik bezala, diskoak erosten jarraitu beharko duten. Jakin-minez eta arduratu samar bota zidan galdera. Bitxia iruditu zitzaidan bere burutazio-kezka, eta zer pentsa ere eman zidan. Ez naiz bildumazalea, ezta -uste dut- erosle konpultsiboa ere, eta ez dut inola ere diskoengatik dirutzarik ordaintzen. Era berean, ez dut orain arte behintzat diskorik saldu. Baina baditut mordoxka bat eta erosten jarraitzen dut.

Ez naiz ni, adibidez, argazkiak egitearen bereziki zalea. Non gorde ditudan ahaztu ohi dudalako -artxibo digitalak puff- eta bizitakoa oroitzeko beta ematen ez didatelako. Baina diskoek, esaterako, balio didate hitz, musika eta oro har sorkuntzaz disfrutatzeaz gain, halako momentu eder asko gogoratu eta berriro bizi ahal izateko.

Honetan zerikusia dauka, hein handi batean, bigarren eskuko diskoen zaleagoa izateak; izan ere, honela, “aurkikuntzak” askotan emozio eta bizipenekin batzen dira: a ze poztasuna, esaterako, Sevillako denda batean Gasteizko “Quemando Ruedas”-en binilo bakar hura aurkitzean; Berlinen RIPen zuzenekoa -nahiz eta dagoeneko banuen, jakina-; edo Kanariar Iparraldean, Niko Etxart rockero hilezkorraren lehen singlea, besteak beste.

Ez da bakarrik musika, nahiz eta berau testuingurua eta kanala den. Eta zer esanik ez, gure etxean izan ditugun musika taldeekin; horiekin betiko lotura bat, zilbor-heste bat eraikitzen da eten ezin dena: Frantziako Tromatism-en Ep-a Madrilen, Berlingo Chilli Confetti Bartzelonan edo Herbehereetako Vanity 4 Bilbon, beste askoren artean.

Erosten ditut baita ere, jakina, gaur egungo diskoak, eta gozatzen ditut horiek ere, baina oraindik falta zaie aipatutako osagai emozional hori, nahiz eta seguruenik horietako batzuetan, denboraren pasoarekin, haien eta nire arteko lotura ere gauzatuko den.

Orain gutxi lagun batekin hizketan nengoela harrituta galdetzen zidan ea zer ematen didaten hain zalea naizen kontzertuek. Erantzun nion musikak izugarri ematen didala, baina hortik harago, kontzertuen testuinguruan ehunka abentura bizi izanaz gain, lagun pila ere egin ditudala. Eta horietako asko moduren batean diskoetan islatuta ikusten ditudala. Horietan daude haien arrastoak. Musikak bezala berorren ingurumariak ere asko eman izan didalako eta ematen didalako.

Baina nola esplikatu hau albokoei, edo semeei, horiek ez badute -oraindik- horrela bizi izan? Biziko dute beraiek bizi behar dutena edozein euskarrirekin… edo gabe.

Eta horretarako noa euskarrietara. Kontakizun hau guztia argudio bat da nire buruarentzat, gaur egun esparru digitalean musika hori -ia- guztia eskuragarri egon arren, musika erosten jarraitzea justifikatzeko modu bat. Ez dakit taldeei bultzada bat ematea den, formatua bera den, karpeta handia, adineko bistarako moduko tipografia tamaina, orratzaren soinua… Baina hori guztia baino gehiago uste dut dela; zerbait ukigarria da, niretzat egiazkoagoa bilakatzen duena eta gauzak ez ahazten laguntzen didana.

A!, eta semeari erantzun nion lasai egoteko, ez diedala beraiei halako eginbeharrik -haientzat xelebrea seguruenik- eskatuko. Nahi badu diskoak saltzeko edo oparitzeko, baina gutxienez hartzailea -oroitzapenekin edo gabe- disfrutatuko duen norbait izan dadila. Eta, posible bada, jakina, nitaz oroitu daitezela. •