Nazioarteko ikerketa batek hirietan gazteen buru-osasuna babestu dezaketen gakoak identifikatu ditu
"Nature” aldizkariak zientzialari askoren artean osatutako nazioarteko ikerketa bat argitaratu berri du, hiriak nerabe eta gazteen buru-osasunarentzat egokiak izan daitezen hainbat gako identifikatuz. «Making cities mental health friendly for adolescents and young adults» da ikerketaren izenburua, eta aldizkariaren webgunean irekian kontsultatu daiteke.
Ikerketaren sarreran aipatzen denez, hirigintzak hiritarren osasunean duen eragina aztertzeko kezka ez da berria, baina kasu gehienetan azterketa lan hori ingurugiroarekin eta pertsonen osasun fisikoarekin lotuagoa egon izan da. Gune berdeen garrantzia, trafikoaren eragina, kutsadura, zarata... izan dira aztergai azken hamarkada luzeetan.
Era berean, azken urteotan, eta batez ere pandemiaren ondotik, pertsonen buru-osasuna eta bereziki nerabe eta gazteen buru-osasuna kezka iturri bilakatu da, arazo eta gaixotasun desberdinak areagotzen ari direla egiaztatu baita.
Bada, argitaratu berri den ikerketak bi faktore horien arteko harremanak aztertzen ditu, gaur egungo jendartearen garapenean garrantzi handia izan dezakeelakoan. Hori oinarritzeko, hainbat datu deigarri ematen dira: UNICEF erakundeak 2017an egindako txosten baten arabera, adibidez, 25 urtetik beherako gazteak dira herri txikietatik hirietara gehien mugitzen diren adin taldea, eta 2050erako munduko haurren %70 hiri handietan biziko dela kalkulatzen da.
Era berean, psikiatria arloan 2005ean egindako ikerketa batek erakutsi zuenez, nerabezaroa eta gazte garaiko lehen urteak buru-osasuneko arazoak izateko adin-tarte bereziki kritikoak dira. 65 urte bete aurretik garatzen diren gaixotasun mentalen erdiak urte horietan hasten dira; horietako %75, 24 urte betetzerako. Mundu mailan, 10-24 urte arteko pertsonen gaixotasun gehienak buru-osasunarekin lotuta daude.
Galdeketa zabala
Nerabe eta gazteen osasun mentala babestu eta «haien ahotsak entzunaraziko lituzkeen hiri-paisaiaren elementuak zehazteko», 53 herrialdetako 518 pertsonak osatutako lagina erabili du ikerketak; digitalki egindako hiru inkestatan parte hartu dute, 2020ko apirilean hasita.
Lehen inkestan, galdera honi erantzun zioten parte-hartzaileek: «Zer ezaugarri ditu gazteen osasun mentalarentzat egokia den hiri batek?». Jasotako erantzunen analisia 134 adierazpenetan laburbildu zuten zientzialariek, eta bigarren inkestan parte-hartzaileek 134 baieztapen horietatik 40 aukeratu behar izan zituzten. Fase horretan, beste galdera bat ere egin zitzaien, Covid pandemiak hirietako gazteen ongizatean izandako eraginari buruz.
Hirugarren eta azken inkestan, adierazpenak garrantziaren arabera zerrendatzeko eskatu zitzaien, horretarako Bronfenbrenner-en teoria erabiliz, pertsonen garapena inguruko faktoreekin harremantzen duena, eta adierazpenak sei eremu sozio-ekologikotan sailkatuz: pertsonalak, interpertsonalak, komunitarioak, antolakuntzakoak, politikoak eta ingurumenekoak.
Gainera, adierazpenen balorazioa hiru irizpide desberdinen arabera eman zuten parte hartzaileek: berehalakotasuna gazteen osasun mentalean; hirietako gazteriari aurrera egiten laguntzeko gaitasuna; eta ezarpenaren erraztasuna edo bideragarritasuna.
Pista batzuk
Arlo pertsonalari dagozkion adierazpenetan, lehen postuan «bizitzarako trebetasunak, garapen pertsonalerako aukerak eta gazteen gaitasunak loratzeko aukerak ematen dituen hiria» kokatzen da (93 pertsonak jarri zuten lehen postuan). Deigarria da bigarren aukeratuena «gazteak beren emozioei aurre egiteko eta erronkak gainditzeko prestatzen dituen hiria» izan zela (62), baina emaitza guztien batez bestekoa aterata, laugarren postura jaitsi zen.
Pertsonen arteko harremanei dagokien eremuan, gazteen onarpena eta errespetua gailendu ziren, belaunaldien arteko harremana ere balioan ipiniz. «Harreman seguru eta osasungarriak» izateko aukera bigarren postuan ageri da, baina esanguratsua da neurri erraz eta bideragarrienen atalean horixe izan zela adierazpen bozkatuena.
Harreman komunitarioei dagokienez, ikerketan parte hartu zutenek lehentasuna eman zioten gazteek «biltzeko, sozializatzeko, ikasteko eta elkar-konektatzeko espazio publiko, aske eta seguruak» izateari. Irizpide guztietan gailendu zen aukera hori.
Antolaketa-eremuan aniztasun gehiago dago iritzietan, seguruenik aukera gehiago ere bazirelako (8 adierazpen). Batez bestekoak aterata, erabat osagarriak izan daitezkeen bi ezaugarri nagusitzen dira besteen gainetik: «Laneko segurtasuna eta gogobetetzea ahalbidetzen duten enplegu aukerak eskainiko dituen hiria» eta «hezkuntza sistema arduratsu eta solidarioa» bermatuko duena. Gazteak kontuan hartuko dituen osasun-zerbitzua ere (sexuari buruzko edo buru-osasunari buruzko informazioa eskainiko duena, adibidez) garrantzitsutzat jotzen dute inkestatuek.
Politikaren eremuko lau adierazpenen artean, gazteen ekarpena eta genero-perspektiba duten hirien diseinua eta plangintza izan ziren hautaketa nagusia (%30,68). Hori bai, ezartzeko neurri bideragarriena «erakunde guztietan lankidetza demokratikoa, aukera- berdintasuna eta diskriminazioaren aurkako neurriak sustatzea» da, gazteen arabera.
Azkenik, ingurune sozial eta kulturalen atalean, «gazteen osasunaren aurkako determinatzaile sozialei aurre egitea» kokatu zen lehen postuan. Adierazpen nahiko generikoa da. «Osasun mentaleko arreta bilatzen duten gazteak normalizatzea eta zerbitzu-hutsuneei aurre egitea» izan zen aukeratuena proposatutako hiru irizpideetatik bitan. Oinarrizko zerbitzuak eskura izatea ere garrantzitsutzat jo zuten.
Pandemiak azaleratu
Inkestaren emaitzak pista batzuk eskaintzen ditu gazteen kezka eta arazo nagusiei buruz, baina nahiko abstraktuak izan daitezke. Ikerketak Covid garaian gazteek izandako sentimendu eta bizipenak ere biltzen ditu, eta bi elementuak elkartuta ondorio osatuagoak atera daitezke.
Asko laburbilduz, ikerketak nabarmentzen du pandemian ezarritako mugikortasun oztopoek azaleratu zituztela hirietako etxebizitzen gabeziak (espazio oso txikiak, askotan balkoirik gabekoak, argi gutxikoak...) eta espazio publiko irekien garrantzia (parkeak, berdeguneak...).
Horrekin batera, pandemian derrigorrezko bilakatu ziren aurrez antzematen ziren hainbat joera: etxetik lan egitea, online ikasketak, online egiten diren jolas eta komunikazioak... Zenbait kasutan bakardade sentimendua areagotu dezaketen egoerak eta buru-osasuneko arazoak izateko arriskua handitu dezaketenak.
Ikerketak berak egindako lanaren ahulgune batzuk aipatzen ditu, esaterako, jendarteko gizatalde baztertuenen partaidetza lortzeko zailtasunak, digitalki egin den galdeketan, baina era berean, hirigintzan dabiltzan arduradunei oso kontuan hartu beharreko zenbait irizpide eskaintzen dizkie, hiriak gazteentzat bizigarriagoak egiteko.
Ikertzaileek onartzen dutenez, oraindik askoz ikerketa gehiago egin beharko dira hirigintzak pertsonen buru-osasunean duen eragina zehatz neurtu ahal izateko, baina orain argitaratu den hau urrats bat da bide horretan.