Heriotzaren ordua
Udaberria heldu zaigu negua ustekabean pasa denean, eta, bizitza loratzeko garaia bada ere, heriotzaren ordua etengabe hurbiltzen ari zaigula oroitarazten digute europar politika genozida eta gudazaleek. Heriotza naturalaren ordua goizeko hamaikak aldera izaten da gizakiontzat -arratsaldeko seietan berandu lokartu eta esnatzen garenontzat-. Exekuzioak goizean goiz izaten dira eta erailketak gau partean. Gazan, ordu oro, hamar lagunetik gora hil dituzte azken bost hilotan. Bitartean, lubakiaren alde honetan, krimenekin loturiko serieak bolo-bolo zabaltzen ari dira.
Hain zuzen ere, heriotzaren ordua zehaztea izaten da saio hauetan gako nagusietako bat. Maiz kontrakoa esaten bada ere, forentseen esanetan ezinezkoa da heriotzaren ordua zehaztea. Hurbildu gaitezke, baina horretarako batzuetan kasua argitzea oztopatzen duten teknikak erabili behar dira. Eta jakina, heriotzaren ordua zehaztea batzuetan determinantea da gorpuak identifikatzeko edota susmagarrien koartadak frogatzeko. Hori dela eta, AEBetako justizia departamentuak ikerketa bat finantzatu zuen, hiru instalazio antropologiko forentseetan zientziaren eskuetan utzitako 36 gorpuren deskonposaketa azter zezaten.
Pasa den hilean argitaratu ziren ikerketaren emaitzak “Nature Microbiology” aldizkarian, eta bereziki itxaropengarriak dira. Klima eta zoru anitzetan deskonposatu ziren 36 gorpuetan, deskonposaketan espezializaturiko hogei bat mikrobio antzeman dituzte. Are, gorputzeko atal guztietara une berean heldu ziren, eta txundigarriena dena, ez zeuden aurrez zoruan, edo gorpuaren inguruan; ez eta gorpuan bertan ere; ez azalean, ez eta hesteetan, izaki bizidunen deskonposaketan funtsezko papera betetzen duen microbioman. Ikertzaileak hogei mikrobio hauen jatorria zehaztu nahian ibili dira, eta antza, euliak lirateke hauen garraiolariak, 20 mikrobio hauek calliphoridaes deritzaten euli urdinetan topatu baitituzte. Lan berri honen datuak aurrez egindakoekin elkartuz, ikertzaile taldea gai izan da gorputzaren heriotzatik pasa den denbora -postmortem tartea deritzana- zehaztasunez determinatzeko gai den tresna sortzeko. Gainera, ebidentziak jasotzeko eszenatoki okerrenetan ere izango dute informazio iturri hau forentseek aurrerantzean.
Euliek heriotzarekin duten harremana ez da, baina, berria. Neguko ospakizun anitzetan presente izan diren zomorro edo mozorroak horren lekuko dira, nekazariaren etsai nagusia irudikatzen duten heinean. Baina zehazkiago, deabru gisa agertu dira, Beltzebu delakoak “eulien jauna” du esanahi. Ekron hiriko filistiarrentzat (egungo Palestina okupatuan, Jerusalem eta Gaza artean), jainkoa zen Baal Zebul, “etxeko jauna”, baina masoretek (aditu juduek) izena aldatu ei zioten burla egiteko. Geroago, judaismoak eta kristautasunak deabruarekin lotu zuten izena, eta Satanasekin lotu. Heriotzaren orduan, euliek berdinduko gaituzte! •