Josu OZAITA Antropologoa
{ GASTRONOMIAREN ANTROPOLOGIA}

Kafetxo bat?

Ekonomiaren aldetik, kafeak 20 milioi pertsonari ematen dio jaten munduan.
Ekonomiaren aldetik, kafeak 20 milioi pertsonari ematen dio jaten munduan. (GAUR8)

Gorputzaren % 70 ura da, baina jende askoren bizitzaren parte handia kafeak betetzen du. Batetik, bizitasuna duelako eta pertsona piztu bezala egiten duelako. Kafeak irudimena olioztatzen du, elkarrizketa eta eztabaida bizitu, eta bizitasun horrek sorgindu eta bereganatu egiten du kontsumitzailea. Bestetik, kafea oso soziala da eta bere inguruan tertulia hor dago beti. «Noiz geratuko gara kafe bat hartzeko?», esan ohi dugu. Kafeak hainbat herritarren egunerokotasunaren parte garrantzitsua betetzen du. Langile lokartuak kafearekin batera hartuko du lehen susperraldia. Ikuspegi laburra duen enpresariak, kafe makina denbora galtzeko tresna bezala ikusiko du. Berez, ordea, bilera informalak bertan gauzatzen dira, taldea bertan kohesionatzen, eta deskantsu tarte horren ostean, gogotsu ekingo dio jardunari: kafe makina, lantokian, inbertsioa da.

Korrika dabiltzan eta eguna bete lan dutenek kafearen bueltan aurkituko dute beren eguneroko parentesia, lagun arteko tertuliak kafeak bizkortuko ditu, ikaslearen ikasi beharrak kafeak asebeteko, enpresa arteko negozio garrantzitsuak kafeak sinatuko... Eta bai, ospakizuneko otordu goxoa egiten dugunean ere, kafeak borobilduko du, edo bestela, zerbait falta zaigunaren sentsazioa izango dugu. Kafeak dena blaitzen du: aldaketa politikoaren mapa hura kafearen zaporearekin diseinatuko da, edota errepidean egin beharreko bidaia hori kafeak aseguratuko du. &dle;Hara, bai, kafeak badu garrantzia.

Kafea hazi xume arrunta da, beste edozein haziren tankerakoa, gerezi itxura duen fruitu baten barneko ale berdea. Hala ere, munduan esportatzen den oinarrizko bigarren produktua da.

Bai, bigarrena petrolioaren atzetik. Bestalde, dauden droga guztietatik estimulagarriena da, eta ekonomiaren aldetik, 20 milioi pertsonari ematen dio jaten mundu guztian zehar. Hortik abiatzen da Mark Pendergrast kazetariaren “El café. Historia de la semilla que cambió el mundo”. Jende askoren egunerokotasuneko parte da, baina gutxitan pentsatzen dugu bere nondik norakoetan. Kafetxo bat?

Kafearen istorioak: Kaldi ahuntzaina

Etiopian omen du jatorria kafeak, honela dio behintzat istorio honek: bertako ahuntzain baten ahuntzek aurkitu omen zuten munduaren norabidea aldatu zuen hazia. Egunero bezala, Kaldi ahuntzaina bere lagun saltariak hartu eta mendira igo zen. Ahuntzak basoan barrena ibiltzen ziren bitartean, Kaldi gaztea poesia sortu eta abestiak abesten egoten omen zen, gustura, bere egunerokotasunaren patxadarekin. Ahuntzei deitu eta etxera, eta hurrengo egunean bizimodu berbera. Poesia, musika, patxada... ahuntzei deitu eta etxera.

Iluntze batean, ordea, bere oihuek ez zuten ahuntz taldea erakartzen. Deitu, eta ezer ez. Harrituta, eta baita kezkatuta ere, basoan barrena ibili zen ahuntzen bila. Azkenik, topatu zituen; dantzan, ero moduan saltoka eta elkarri adarrekin zirikatuz. «Sorginduta daude!», pentsatu zuen. Jaramonik egin gabeko denbora tartea igarota, azkenean abiatu ziren etxe aldera. Baina hurrengo egunetan ere, traka-mila berbera: ahuntzei deitu eta arrastorik ez. Han zeuden berriro ere, zuhaitz arraro haren magalean, salto, dantza eta jolas artean. Zuhaitz haren aletxoak probatzeari ekin zion orduan Kaldik, «ea ale hauek zer dioten misterio honi buruz», pentsatu zuen. Kafe ale garratz haiek ahoratu eta di-da batean pentsamenduak etengabeko abiaduran hasi zitzaizkion: poesia eta abestiak borborka zituen buruan.

“Zuhaitz magiko” haien berri eman zion aitari herrira iritsi bezain pronto, eta berebiziko abiaduran bilakatu zen Etiopiako kulturaren parte.

Kafea munduan barrena

Maitatua eta gorrotatua izan da handik aurrera munduan barrena. Gaueko errezoetan esna egoteko balio zuen tresna zela esatetik, deabruak ekarritako edabea zela esateraino. Izan ere, kafeak ez du inor otzan uzten: kulturako parte garrantzitsu bilakatzen zen edo debekatua izaten zen (gaur egun ere debekatuta dago hainbat tokitan). XV. mendekoak ditugu lehen idatziak Arabian, eta jada 1511. urtean Egipton debekatua izan zen Khair-Beg gobernatzailearen eskutik. Debekatua, bere erabaki politikoen kritika zorrotzenak kafetegietan beratzen zirelako. Beste herrialde batzuetan ere debekatu zuten, eta jipoi galanta jasotzen zuen kafea edaten harrapatua zenak. Azkenik, modu klandestinoan edaten zen edaria legeztatu egin behar izan zuten.

Arabiatik, Europara. 1652an ireki zen lehen kafetegia Londresen, eta hemen ere debekuak ezarri ziren kafetegiei dagokienez: kafearen bueltan ideia liberal eta panfletoak sortzen ziren, agintarien iritziz. Baina kafea laster zen eguneroko bizitzaren elementua, eta azkar zabaldu zen lurralde guztietan.

Jakin badakigu Hego Amerika, Vietnam, Kenya edota Etiopian daudela kafe landare gehienak. Langile ugari dabiltza munduko leku politenetan lanean, beti 21 eta 27 gradu artean. Baina baldintzak ez dira guztientzat berdinak: gehienak enpresa multinazionalen baldintza eskasetan aritzen dira, eta gutxi batzuk, aldiz, familiaren lurretatik kafea lortu eta baldintza duinetan kafea modu justuago batean saldu nahian. Gaur egun, kapitalismoaren atzaparrak nonahi. Inbertsio talde edo putreek kafea merke dagoenean erosi eta biltegian gordetzen dute, gero prezioa igotzeko, eskasia dagoenean.

Euskal Herrira iritsi zenekoa

Euskal Herrira XIX. mende amaieran etorri zen kafea, pentsa, garai hartakoa da (1888 urtea) oraindik bizirik dagoen Iruñeko kafetegi ospetsua. Modernitatearen sinbolo bilakatu zen kafea, eta segituan zabaldu zen aberatsen ohitura herri xehera. Kafesnea egunero hartzea orduantxe bilakatu zen errutina, eta datuak harrigarriak dira oso: 1924. urtean litro erdi esne edaten zen pertsonako. Kafea modan jartzea baserritarrentzat mauka izan zen honela, eguneroko behar berri hori behien ustiapenerako akuilu izan zelako.

Orduko baserriak autarkia zuten: beraiek sorturikoaz bizi zitezkeen. Bai, behar zuten guztia beraiek sortzen zuten: baserriak burujabetza zuen oinarri, eta nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza ustiatzen zituen, baita burdinola ere zenbaitetan. Belazeetatik, animalien elikagaia eta iratzerako osagaia lortzen ziren: belarra eta lastoa. Bestetik, barazkiek, egoskariek (babarrunak...), fruitu gozoek (sagarrak...), neguko fruituek (gaztainak, intxaurrak...)... baratze eta menditik atera eta biltegia betetzen zuten. Eta animaliei esker, urte guztirako jaki zein hestebeteak egin eta zama lanerako laguntza zuten.

Dirurik ez zuten ia gastatzen, eta urteko baserriaren alokairua urtean zehar salduriko ganaduaren bidez lortzen zuten. Baina ba al dakizu zein produktu izan zen baserriko sukaldean kanpotik sartzen lehena? Bai, kafea. Kafea eta azukrea. Hiriko modernitatearen sinbolo zirenak laster zabaldu ziren mendi puntako baserritaraino ere.

Kafetxo on baten zain

Kafea ez da edari arrunta, eta hori bere historiak erakutsi digu. Honaino iritsi eta honela zabalduta egotea zerbait berezia duenaren seinale baita. Kafera ohitzeak kafea behar izatea dakar, eta hemen, garrantzitsua da norberak neurria bilatzea, ez baduzu Kalumen ahuntzak kontatzen ibili nahi gau lokartu-ezin horietan.

Baina kafe guztiak ez dira berdinak. Taberna batean kafetxo ona hartzen baduzu, fidatu taberna horretaz; mimoz lan egiten dute. Ez bada hala, kontuz. Taberna guztiek freskagarri berdinak zerbitzatzen dituzte; kafearen kasuan ez da hala, ordea. Kafe on batean garrantzia du aleak berak. Hemen, batik bat, “robusta” eta “arabika” hartzen ditugu, eta azkena da kalitatez altuagoa. Aleaz gain, kafea txigortzean ere badago gakoa. Kafe saltzailearen artea sartuko da jokoan: kafe berdea txigortu berritan (ingurukoa izatearen garrantzia), erre gabe mantendu behar da, ezaugarriak ez galtzeko. Gero, taberna edo kafetegiko kafe-makina, baina baita pertsonaren eskua ere. Kafea mimatu egin behar da zerbitzatzerakoan ere. Kafea katilu txikian atera behar da krema mantentzeko, eta motza, kafea motza. Puntu batetik aurrera jada ura izaten da, eta honek jada kafea izorratzen du. Kafeak motza izan behar du, oroitzapen ona uzten duena. Detaile txikiek diferentzia markatzen dute. Kafea plazer momentua da, tertulia, parentesia, sormenaren zirikatzailea, bizigarria... Kafetxo bat?