Mondragon Unibertsitateko ingeniaritza proiekturik onenak
Benetako arazoak konpontzea oinarri duen ikasketa metodoa da PBL (Project Based Learning). Mondragon Unibertsitateak duela 15 urtetik erabiltzen du. Metodologia horren bidez gauzatutako 27 ingeniaritza proiektu aurkeztu dituzte ikasleek kide, irakasle eta enpresen aitzinean, eta guk lau talde sarituen lana ezagutu dugu.
PBL (Project Based Learning) metodologiari esker, Mondragon Unibertsitateko ikasleek ikasten duten guztia probatzen dute. Berriki PBL Eguna egin dute, eta bertan, Batxilergoko hainbat ikastetxetako gazteek MUko ingeniaritzako hamar modalitatetan ikasten ari diren lehen, bigarren eta hirugarren mailako ikasleek egindako lanak bertatik bertara ikusteko aukera izan dute.
Gazteek aurkeztu dituzten 27 proiektuen artean onenak aukeratu dituzte irakaslez eta enpresariz osatutako epaimahai banak. Lau talde finalistekin elkartu da GAUR8, beraien esperientzia eta ekarpena jasotzeko.
FOTOTERAPIAKO INKUBAGAILU ITXI ETA MOLDAGARRI BAT
Ane Berastegui, Idoia Zabalo, Ibai Azpeitia, Joane Legarreta eta Iker Amor ingeniaritza biomedikoko graduko hirugarren maila egiten ari dira. Fototerapiako inkubagailu itxi bat diseinatu dute jaioberrientzat, baita proiekturik onenaren lehen saria jaso ere, 1.000 eurokoa, Orona Fundazioaren eskutik.
Anek eta Idoiak kontatu digutenez, lehendabizi ikteriziaren berri jakin zuten, min hori edo larruminarena, hori tratatzen baitu fototerapiak, bilirrubina maila igotzerakoan gorputzeko larruazalak eta mukosek hartzen duten kolore horixka.
Hurrena, merkatua aztertu zuten, zein inkubagailu mota dauden eta zein behar dauden ikusteko. Ospitale batzuetara joateko eta langile eta gurasoen iritziak jasotzeko aukera izan zuten. Horiek aintzat hartuta, bost berrikuntza dituen inkubagailu bat diseinatu dute hiru dimentsiotan. «Langileek esan ziguten inkubagailuan bertan erabiltzen den X izpien erretilua manipulatzeko atea ireki behar dela, eta ondorioz, barneko ingurumena apurtzen dela. Gure inkubagailuan erretilua kanpotik maneiatu daiteke. Horrela ez dira barruko baldintzak aldatzen eta umeak denbora osoan jasotzen du tratamendua». Bestalde, existitzen diren inkubagailuetan eskuarekin ireki behar dira leihoak, aldiro desinfektatu eta esterilizatuz. «Langileak laguntzeko asmoz, sistema bat erabili dugu leihoak irekitzeko. Hala, eskuak libre izango dituzte eta ez dute aldiro garbitzen ibili beharko».
Horrez gain, merkatuan ikusi zuten inkubagailuek ez zutela fototerapia lanpara barruan txertatua. «Guk bertan finkatu dugu, bere posizioa eta altuera aldatzeko aukera bermatuz, tratamendua jaioberri bakoitzari egokitzeko. Bilirrubina maila ikusita, lanpara urrunago edo gertuago jarri daiteke». Inkubagailuaren barne-parametro batzuk etengabe monitorizatzeko aukera ematen duen software bat ere diseinatu dute.
Eta hori guztia nola egin dute? «Fase desberdinak daude, eta denak taldekideen artean eraman ditugu aurrera ahalik eta modu eguneratuenean, astero bilerak eginez, sortzen ziren zailtasun eta zalantzak argitzeko. Horixe da edozein proiekturen zailtasun nagusia: denok ongi koordinatzea. Teknikoki, interfazea zerotik garatu dugu».
Hasieran langileen iritziak jaso zituztenez, behin egitasmoa garatuta berriz haiekin biltzeko asmoa zuten, diseinua gehiago fintzeko. Baina ezingo dute hori egin. «Pena horrekin gelditu gara, ez dugulako zirkulua itxi. Ez dugu aukerarik. Sei hilabeteko proiektua da eta, behin bukatuta, hurrengoarekin hasten gara. Beste pertsona batzuen esku utzi daiteke, hori bai».
Ekitaldia, ezustez ezuste
PBL Egunaz galdetuta, «nahiko luzea» egin zitzaiela aitortu digute. «Nekatuta amaitu genuen, baina pozik. Epai batzuk pasatu genituen, eta lau finalista aukeratu zituzten. Behin aukeratuak izandakoan, gero eta jende gehiago azaldu zen, eta behin eta berriro azaldu genion proiektua jende askori. Gero, enpresako epaileak etorri ziren, eta horiek aukeratu zituzten lehen sariak. Ez genuen espero hain urrutira iristerik, sorpresaz sorpresa joan zen eguna».
Komentatu dietenez, jendeari asko gustatu zaio diseinatu duten inkubagailua eta interes handia sortu du. «Inkubagailu nahiko erakargarria egin genuen, argiak piztuta, eta iritzi onak jaso genituen».
Momentuz ez dute aukerarik izan ospatzeko, baina afari edo bazkariren baten ideia dute.
Zertarako
Nola bizi dute ikasleok proiektuetan lan eginez ikastea? Anek adierazi duenez, «nahiko aberasgarria» da. «Behin karrera bukatuta hemendik kanpo zein arazo topatuko dituzun ikusten duzu. Orain, proiektuetan arazo txikiak izaten dira, eta horiei erantzutea aberasgarria da etorkizunean zertan ibiliko zaren jakiteko, nola moldatuko zaren probatzeko, bai proiektuak zuzentzen eta bai arazoei aurre egiten».
Idoiak erantsi du ikasitakoa praktikan jartzen dutela eta ikasten dutenak zertarako balio duen ikusten dutela. «Interesgarria da denbora osoan zertarako ikasten ari garen ikustea».
Etorkizuna
Gero eta hurbilago dute lan mundua. Aneri ikerketa gustatzen zaio. Azaldu digunez, horren alde jotzen dute askotxok. «Biomedikuntzan arlo asko daude hortik joan zaitezkeenak. Aldameneko enpresetan badauzkagu nahikoa aukera».
Azken kurtsoan atzerrira joanen dira kide dezente ikasketak jarraitzera, baina Idoia eta Ane ez dira inora joanen. «Nik ez nuen ikusten nire burua kanpoan lan egiten, nahiago nuen hemen egitea eta hemengo enpresak ezagutzea. Gerora ere denbora izango dut atzerrira joateko», adierazi du Idoiak.
«Ni antzeko, hemen geratzea erabaki dut, hemengo enpresekin kontaktuan», segitu dio Anek.
Hurrengo proiektua “start up” bat sortzea izanen dutela uste dute. Baina elkarrizketaren unean oraindik ez zekiten deus ere.
HASIBERRIENTZAKO SURF FOIL JASANGARRI ETA SEGURU BAT, DESMUNTATU ETA GARRAIATU DAITEKEENA
Elena Rodriguez, Haimar Calle, Txomin Perea eta Jon Osmaren taldeak surf foil bat diseinatu eta fabrikatu du. Surf taula estandarraren aldaera bat da, behealdean hegats bat duena taula uraren gainetik mugitu dadin. Ikasleek eraiki duten taula honen ezaugarri nagusia jasangarritasuna da. Jatorri biologikoko materialak erabili dituzte propietate mekaniko hoberenekin; nilo-zuntza eta bioepoxi erretxina, besteak beste.
Diseinua hasiberrientzat egin dutenez, segurtasuna eta egonkortasuna ere funtsezkoak dira taula prototipo honetan. Gainera, taula desmuntagarria eta garraiagarria da. Gaur egun ez dago merkatuan halakorik.
Industria prozesuetako graduko hirugarren maila ikasten ari den laukoteak bigarren saria eskuratu du lehiaketan, 500 eurokoa.
Kontatu digutenez, Unibertsitatean beti bultzatzen dute praktikak, talde lanak eta proiektu ikusgarriak egitea. Lehenengo, bigarren eta hirugarren mailan, lauhileko bakoitzean egitasmo batean sartzen dira buru-belarri. Eman dituzten ikasgaiak biltzen ditu proiektuak.
Surf foila sortzeko, gaur egungo joera bati erreparatu zioten: «Turismoa igotzen ari da, batez ere kostaldean. Horrekin batera, surfeko federatu kopurua esponentzialki ari da handitzen. Surfa eta turismoa egiten duten pertsonei beste aukera bat ematea erabaki genuen, kirola egiteko teknologia berritzaile batekin».
Hoberena hasiberrientzat diseinatzea zela ikusi zuten. «Hala, jende berria erakarriko dugu, eta pixkanaka merkatua handitzen joango gara».
«Garatu dugun proiektua prototipo bat da. Merkaturatzeko, dena finkatuta egon beharko litzateke», argitu dute. «Helburu nagusia lortu dugu: material jasangarri batzuk aplikatzea merkatuan ez daudenak halako taula motatan, baina egitura osoari dagokionez, aldaketak egingo genituzke etorkizunari begira. Bi hilabetean egindako lan bat da. Denboraz justu ibili gara, eta taula aurkezterakoan ez genuen guztiz bukatua. Badaude detaile batzuk hobetu nahiko genituzkeenak».
Zurriolan probatu dute
Sortutako surf foila probatu dute. «Egun bat hartu genuen talde guztiek, eta denok joan ginen Zurriolara. Han, banaka probatzen joan ginen eta ikusi genuen prototipoak funtzionatzen zuela, baina ez gara adituak surf foilean. Gu noizean behin gerturatzen gara surfera, baina beste taula batekin. Foila berria da, jende askok ez du ezagutzen. Beste kirol mota bat da, pixka bat zailagoa, eta noizbait benetan badakien norbaitekin probatu nahiko genuke. Zurriolan egon ginenean jendea galdetzera etorri zitzaigun ea zer zen taula hori eta nola funtzionatzen zuen; ez zekiten zer surf diziplina zen».
Aurkezpen ekitaldia Unibertsitatean bertan izan zen, Galarretan. Goizeko zortzietarako han zeuden, standa prestatzen, bideo eta posterrekin. «Lehendabiziko fasean, irakasleen epaimahai bat pasatu zen, horiek aukeratu zituzten finalistak. Batxilergoko ikasleak ere etorri ziren proiektua ikusteko eta azalpenak jasotzeko. Finalista aukeratu gintuztenean, bigarren fasera igaro ginen, eta hor, enpresen beste epaimahai bati esplikatu genion proiektua. Aretoan egin zen sari banaketa. Bertan, errekonozimendua jaso genuen. Gradu berri honi emandako bultzada txiki bat ere bada, jendea erakartzeko».
Errekonozitzearen garrantzia
Gazte hauek 20-21 urte dauzkate, eta orain arte «paperean» ikasi dute. Halako proiektuei esker, «benetan errealitatea ikustea» lortzen dute, «arbelekoa ez baita berdin ikasten praktikan jartzean, sortuz ikasten da». «Asko ikasi dugu. Halako taula bat egiteko gai izatea ondo dago. Gure artean hitz egin dugu eta bat gatoz denok: bi hilabeteko proiektu honetan askoz gehiago ikasi dugu klasean eserita sei hilabetez baino».
Ederra izan da errekonozituak sentitzea ere. «Indarra ematen dizu etorkizunean gizartean aldaketak egiteko. ‘Semi ingeniari’ bezala, sekulako ohorea da», diote irribarrez.
Beren ikasgela txikia da, 15 lagun dira, eta ongi konpontzen dira. «Horrelako proiektu bat ondo ateratzeko gakoa da hori, produktua gustatzearekin batera. Ordu pila eman ditugu: tailerrean, simulazioak egiten, asko irakurtzen, informazioz elikatzeko. Beharrezkoa da, eta gustura ibili gara. Punturik garrantzitsuena egunero irribarre batekin etortzea eta disfrutatzea izan da. Ibilbidea izan da politena», baieztatu dute.
PATINETE ELEKTRIKO BAT, 25 KILOMETRO ORDUKO ABIADURA ETA 80 ORDUKO AUTONOMIAREKIN
Unai Agueda, Ibai Etxebeste, Adei Garmendia, Alatz Gordobil eta Aimar Tome Energiaren ingeniaritzako graduko hirugarren maila egiten ari dira. Patinete elektriko baten garapen eta prototipoarekin hirugarren saria (300 euro) irabazi dute. Potentzia-elektronikaren atala garatu, eta bateriaren eta karga-estazioaren dimentsioa egin dute. Ondorioz, patinete elektrifikatu eta guztiz kontrolatu bat lortu dute, 25 kilometro orduko abiadura hartzen duena eta 80 orduko autonomiako bateria duena.
Hala azaldu dute egitasmoaren sorrera Ibaik eta Adeik: «Hiri handietan kutsadura nabaria dela ikusita, pentsatu genuen mugikortasun elektrikoa egokia litzatekeela soluzio bezala. Patinetea erraza da toki batetik bestera eramateko, eta ez da oso garestia. Patinete motordun bat hartu, diesela, eta elektrifikatu, birziklatu egin dugu, jasangarria izateko. Litiozko bateria eta motorra elektronikako plaken bidez konektatzea, dena kontrolatzea eta bateratzea izan da erronkarik handiena».
Gustura daude egindako lanarekin. Beste taldeetako kide batzuek ere probatu dute patinetea, eta karrerak eta guzti egin dituzte. «Asko nabaritzen da hasierako bulkadan azelerazio asko daukala. Ikasleren bat edo beste erori da, istripu pare bat izan ditugu», aitortu dute.
«Segurtasun minimo batekin nahiko segurua da, baina abiadura handiarekin ez», argitu dute Ibaik eta Adeik. 25 kilometro orduko abiaduran ibiltzeko moduko patinetea diseinatu dute, 80 kilometroko autonomia duen bateria batekin.
Patinete prototipo honen jarraipenaz galdetuta, hala erantzun digute: «Hau gehienbat ikasteko prozesua izan zen, eta jada bertan behera utzi dugu proiektua. Ez dugu denbora gehiegi, dualean ari gara, ikasteaz aparte, arratsaldeetan lan egiten dugu».
PBL Egunera lau taldekide joan ziren. «Ez genuen irabazteko esperantza askorik, baina aurkezpena ondo joan zen, jende asko etorri zen guregana, eta enteratu ginenenean finalista ginela, asko poztu ginen. Gero, berriz eman genituen azalpenak epaimahaiaren aurrean, eta hirugarren saria eskuratzeak asko bete gintuen. Zortzi asteko lan bat izan da, eta epaimahaiak lan ona dela esatea poz handia da».
Gaztetatik Unibertsitatean benetako arazoei erantzutea asko gustatzen zaie. «Teorikoki ikasitako gauzak errealitatean zuzen aplikatzea sekulako motibazioa da. Klasean emandako teoria denborarekin galdu egiten da, ez duzu guztiz barneratzen, eta handik hilabete batzuetara ez duzu gogoratzen. Ordea, goizean ikasi eta arratsaldez lan eginez, orduan bai barneratzen dituzu edukiak. Zorte hori dugu, lanean ikasitako gauza batzuk praktikan jartzen ditugulako, gehienbat proiektuak».
Unibertsitatean ikerketa talde batean dabiltza, bateria arloan Ibai eta elektronikan Adei. «Oso gustura. Denbora libre askorik ez dugu, baina merezi du. Asko ikasten dugu lanean, dirulaguntza bat ere jasotzen dugu, eta esperientzia lortzeko aukera ona da».
Joatea, eta gero itzultzea
Kanpora joan nahiko lukete ikasketekin jarraitzera. «Joan, baina gero itzuli, lana hemen, Gipuzkoa inguruan egiteko». Zorionez, laugarren mailan biek aukera izanen dugu ateratzeko: Adeik Austriara bidaiatuko du eta Ibaik, aldiz, Poloniara.
Orain, udaberriko oporretatik bueltan, azterketak bukatu eta eoliko bat sortzeari ekingo diote, ekainera arte hori izanen da beren proiektua.
BATZ KOOPERATIBARENTZAT BALAZTA-SISTEMA BERRIRO DISEINATU ETA HOBETU DUTE
Batz balazta-sistemarekin laugarren saria (200 euro) eskuratu dute Unai Bengoetxea, Xabier Gallo, Jon Goti, Iñigo Pagaegi eta Maren Toledanok. Lau talde finalistetan gazteena da haiena, Ingeniaritza mekanikoko graduko bigarren mailako ikasleak baitira.
Batz kooperatibak Ameriketako Estatu Batuetan merkaturatzen duten balazta sistema bat berriro diseinatzea eta optimizatzea proposatu zien. Enpresak hobetu nahi zituen parametro batzuk zehaztu zituen, eta ikasle-taldeak horretan lan egin du. Materialak aztertu eta hautatu dituzte, trokela diseinatu dute pieza batzuk fabrikatzeko, eta merkaturatzea ere aztertu dute, ahalik eta etekinik handiena ateratzea buruan izanik.
«Batzek pedal bat zeukan altueraren arabera egokitu zitekeena. Enpresara joan ginen, eta diseinua hobetzeko eskatu ziguten. Ratio bat lortu behar zen, pedalak 150 milimetro atzera eta aurrera egitea eskatzen zuten, eta gu 139 milimetrotara iritsi ginen. Ez da erraza», kontatu digu Unaik.
«Enpresan diseinua, plano bat ikusi genuen, eta hortik abiatu ginen. Materiala hautatzeko prozesu bat egin genuen, eta gero, pedala fabrikatzean, merkatu analisi bat, etekinak optimizatzeko. Gainera, pieza bat guk fabrikatu genuen trokel progresibo baten bidez».
«Tarte murritza izan dugu, hilabete eta erdi. Denbora gehiagorekin hobeto egingo genuke, baina eduki dugun denboran egin dugunarekin gustura geratu gara».
Norberarena erakutsi eta bertzeena ikusi
Ekitaldia ere «nahiko ondo» joan zen. «Jendeari esplikatzea guretzat ere ona izan zen. Beste proiektuak ikustea ere bai, konparatzeko. Unibertsitatean ez dago Mekanika bakarrik, eta beste proiektu eta ingeniaritza batzuk ikustea ondo egon zen».
«29 taldetik laugarren gelditzea ez zen erraza, eta lortu genuen», adierazi du Unaik, kontent. Oraindik azterketak dituzte, baina aterako dute ospatzeko tartea, seguru.
Ikasle hauentzat, proiektuka ikasteak «markatzen du diferentzia bat. Haurrak ginenetik Unibertsitatera arte mahai batean jarri eta irakasle batek erakutsi digu, eta hori aldatzea ez dago txarto, lanean ez delako hala izango eta guk atera beharko ditugulako aurrera gauzak gure kasa. Metodo honekin hori praktikatzea oso ondo dago».
Taldeka lan egitea ere interesgarria iruditzen zaie, «ikuspuntu ezberdinak daudelako eta horrekin ikasten duzulako gauza bat inoiz ere egin ez duzuna». Nahiko ondo moldatu dira taldean, bakoitzak bere lana egiten zuen, eta gero, ikuspegi oso bat edukitzeko partekatu egiten zuten.
Bigarren mailan dago oraindik, baina azken kurtsoan atzerrira joatea gustatuko litzaioke Unairi. «Gradua bukatzean masterra egin eta ostean lan mundura sartu nahiko nuke, diseinatzera», kontatu digu.