Iker BARANDIARAN
{ KOADERNOA }

Azelerazioa konpondu

Kotxea tailerrean daukat aspaldiko partez. Azken asteotan zerbait ondo ez zebilen abisuak ematen zebilen, eta joan den astean errepide bazterrean gelditu ginen autoa, neu eta seme txikia, ez aurrera ez atzera. Tailerrera eraman zuen gruak, eta aspaldidanik inguruan autoa aldatzeko jasotzen ditudan aholkuak biderkatu egin dira, baita semeenak ere.

Bai, autoak hogeitaka urte ditu eta ehunka mila kilometro bizkarrean, baina orain arte ez du garrantzizko matxurarik izan. Eta badirudi, mekanikoak emandako diagnostikoaren arabera, pieza bat aldatuta laster egon daitekeela bueltan errepidean.

Antzeko gauza gertatzen zait telefono mugikorrarekin. Sei urte pasatxo izango ditu nirekin Txinan egindako aparatu ez hain sofistikatuak, eta gaur egungo batez besteko erabilera denbora gaindituta dauka aspaldi. Igartzen zaio baterian, autonomia txikiagoa baitu, baina egunero-egunero -eta seguruenik beharrezkoak ez diren gauza askotarako- erabiltzen dut eta behar dudan zerbitzua emateko gai da oraindik.

Batzuek xuhurra naizela esango dute eta beste batzuek ez ditudala aldaketa eta berritzeak onartzen, baina nostalgia eta erromantizismotik kanpo… funtzionatzen duena zergatik ordezkatu? Ez gaude, bada, aspalditik gailuak erabili eta berehala aldatzeko dinamika eroan murgilduta? Saiatzen al gara horiek konpontzen edo erabilera mantsoago bat ematen? Erantzuna, argi eta garbi, ezezkoa da.

Ez naiz ni, adibidez, hain justu erregai gutxien erabiltzen dutenetako bat, baina ahalegintzen naiz esku artean ditudan gailuei ahalik eta etekin handiena edo biziraupen luzeena ematen. Izan ere, ez da nik asmatutakoa aspaldidanik edozein gailu iraupen motza izateko helburuarekin ekoizten dela, ahal bezain laster daukaguna bota eta berria eros dezagun; hala, kontsumoaren gurpil eroak jarrai dezan.

Ezbairik gabe, gizarte aurreratu edo, hobeto esanda, gizarte aberats gupidagabeetan bizi garenok une oro edozein gailu ordezkatzeko erraztasun axolagabea edukitzeak txanponaren beste aldean zera dauka, lehengai horien aberastasuna benetan duten lurraldeak modu bortitzean -mendeetako usadioak aldatu gabe- espoliatzen jarraitzea.

Hain zuzen, hau irakurtzen ari zaretenok, esaterako, azken bi urteotan zenbat aldiz aldatu duzue telefono mugikorra? Eta badakizue gailu elektroniko horiek halabeharrez behar duten kobalto deritzon minerala Kongon modu erdi-esklabizatuan ateratzen dela?

Munduan dauden desoreka geoestrategiko, ekonomiko eta sozialetako asko zuzenean lotuta daude gizarte zati batean daukagun gehiegizko kontsumoarekin eta gehiegizko bizi kalitatearekin. Gainera, kasualitatea! Munduko aberastasun gehien guk mendeetan esplotatu eta txirotu ditugun lurraldeetan pilatzen dira. Eta oraindik ere gure egarri aseezinarekin haien esplotazio egoera betikotzen dugu, gutxi batzuk, betikoak, gutxiengo bat are gehiago aberastuz; eta baliabideak pilatzeko eta gero eta aberatsagoak bilakatzeko, gerrak -orain bezala- nonahi piztuz.

Tailerretik deitu berri didate batez besteko biziraupena daukan nire telefonora, auto zaharra konpondu dutela esateko. Hortaz, betiko martxan jarraituko dut, poztasun txiki batekin, nork bere aletxoa jarrita desazelerazioa lor dezakegula erabat sinistuta. •