Beñat GAZTELUMENDI
Bertsolaria
3 BEGIRADA:

Tasio

Maiatzaren Leheneko ekitaldia, Iruñean.
Maiatzaren Leheneko ekitaldia, Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Batzuetan halaxe gertatzen da. Kalean norbait ikusi, eta gorputzak espero ez zenuen bezala erreakzionatzen du. Betidanik hoztasunez hartu duzunak sabela inarrosiko dizu bat-batean. Edo zainak odolaren borborraz lehertzear jartzen zizkizunak indiferentzia sortuko dizu beharbada. Eta hor arituko zara, zure erreakzioa ulertu nahian. Parean daukazuna ikusi zenuen azkeneko alditik igarotako denboraren kalkulu azkar bat egingo duzu: non egon ote den bera ordutik, non egon ote zaren zu. Eta izan zenuten harremanaren eta orain daukazuenaren arteko geruzak arakatuko dituzu; hautsak jandako oroitzapenak eta armiarma sareetan trabatutako hitzak. Horixe zarete orain: izan zinetena, eta izan zinetenetik hona pilatu den hondakin sorta.

“Tasio” filmarekin gogoratuko zara agian. Zaharberritu egin omen dute. Ultrasoinuekin garbitu, modu digitalean berritu. Irudia egonkortu eta marrak eta zikinkeriak ezabatu. Berrogei urtean apalategi bateko hautsak eta hezetasunak jandako zeluloide puska bat irudikatu duzu zuk, kolpera 2024. urtera ekarria, pixelatu gabeko irudi digitaletara ohitutako gure begiek ulertzeko moduko kode batera itzulia. Harremanekin hori egiteak merezi ote lukeen galdetu diozu zure buruari: apalen batetik erreskatatu, Boloniako laborategi batera bidali eta zaharberritu. Izan zenera itzuli. Ezezkotan zaude. Ez dela harremana, ez dela bestea. Zu ere bazarela denborak aldatu duena, tituluak mugitu eta marrak eta zikinkeria erantsi dizkizuna. Jada ez duzula berdin entzuten, ez duzula berdin ikusten; hitzek zure belarrien putzura jaurtitakoan bestelako uhin batzuk sortzen dizkizutela orain. Beti gazte eta beti berri nahi duen mundu batean bizi arren, agian ez dela egongo denboraren joana ezabatzea baino injustizia handiagorik. Alferrik da iragana gaur egunera ekarri nahian aritzea, iragana horixe baita: izan zena, eta izan zenetik hona pilatu den guztia.

Batzuetan alderantzizko ariketa egin nahian harrapatu izan duzu zure burua: orain zaren hori aspaldi sortutako kategorietan sailkatzen. Maiatzaren 1ean, adibidez. Zure memoriak buzo urdinak ekartzen dizkizu, meatzariak, «Novecento», sardeak eskuetan jasota daramatzaten nekazariak. Zuk ez duzu buzorik, ez duzu sarderik. Etxetik egiten duzu lan, ordenagailu eramangarri bat jateko eta arropak tolestatzeko erabiltzen duzun mahaian jarrita. Zure lagunak irakasleak dira, iturginak, gizarte langileak, sei hilabeteko kontratu batetik bestera erleak lorez lore bezala dabilen bakarren bat. Ez zarete “haiek”. Eta, aldi berean, bai. Baina, nahi gabe, mitinen batean “langilegoa” entzun eta beste aldera begira jartzen zara. Eta aspaldian ikusi ez zenuen ezagun harekin egiten duzu topo. •